Hauteskundeak 2015

Aldaketaren sudokua

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko mai. 20a, 20:30

Orain ala inoiz ez. Aldaketa politikoa lortu nahi dutenen artean, ideia hori zabaldu da azkenaldian.

[Artikulua Nafarroako Hitza-n]

Ziklo baten amaierarekin identifikatu izan dira legealdi honetan azaleratu diren eskandaluak —CANen desagertzea, Osasuna auzia, agintarien dieta opakuak, Volkswagenen BEZa, Navarra Arenaren gisako azpiegitura antzuetan diru publikoak xahutu izana, Simon Santamariaren kontrako salaketak…—. Arrakala sakonak, gainbeheran den erregimen zaharraren azalean. Baina gauza bat da egungo botere politiko eta ekonomikoaren higadura identifikatzea, eta oso bestelako bat alternatiba sendo eta iraunkorra osatzea. Diagnostikoa argia da. Tratamendua, ez hainbeste.

Nafarroako Legebiltzarrean ordezkaritza lortzeko aukera errealak dituzten zortzi alderdiak bi multzotan banatuak daude: aldaketaren aldekoak eta statu quo-a mantendu nahi dutenak. Orain arte argitaratu diren inkesta gehienen arabera, gainera, bi blokeek antzeko babesa jasoko lukete maiatzaren 24ko bozetan; beraz, diputatu bakar batek mugiarazi lezake balantza alde batera zein bestera.

Indar parekotasun horrek inoiz baino errealago bihurtu du hainbat urtez ezinezkoa zirudien aldaketaren aukera (baita PSN bazterrean utzita ere), baina, aldi berean, ez dago argi aritmetika hutsak aukera hori ahalbidetuko duen. Ziurrenik, 26 legebiltzarkidek ziurtatzen duten gehiengo osotik urrun, oso urrun, ibiliko dira alderdi guztiak, eta naturalak diruditen balizko koalizioek ere (UPN-PP, UPN-PSN, EH Bildu-Geroa Bai…) ez dute nahikoa indarrik izanen gobernatzeko, beste zenbait alderdirekin unean uneko akordioak sinatu ezean. Sudokua osatzera kondenatuak daude indar politiko guztiak.

Inkestak, nahieran

Iazko martxotik hona, dozena bat inkesta argitaratu dira Nafarroan, baina egoera argitu beharrean, areagotu egin dute ziurgabetasun sentsazioa. Izan ere, ikerketa ordaindu duen erakundearen interesen arabera kozinatuak izan dira gehienak. Horrez gainera, Podemos Ahal Dugu edo Ciudadanos-en gisako alderdi berriek lurrikara eragin dute esparru politiko osoan, eta inkestetan distortsiorako faktore bihurtu dira.

Inpactos ikerketa etxeak argitaratu zuen lehen hauteskunde inkesta, 2014ko martxoan, eta orduko datuak zaharkituak gelditu diren arren (ez zituen kontuan izan Ahal Dugu eta Ciudadanos, adibidez), geroztik azaleratu diren ikerketa guztietan antzeman daitezkeen joerak ere ikus zitezkeen txosten horretan. Hala, UPNk jaitsiera bortitza pairatuko duela (hemeretzitik hamahirura) eta aldaketaren aldeko indarrek, berriz, egoera iraultzeko adina babes izan dezaketela nabarmentzen zen.

Iazko azaroan, berriz, Navarrometro polemikoa argitaratu zen. Podemos-en hazkunde betean kaleratu zuten txostena, eta Laura Perezen alderdiak hemezortzi jarleku lortuko zituela ondorioztatzen zen bertan. Lehen indarra, alde handiz. Hala ere, inkestaren sinesgarritasuna zalantzan jarri dute hainbat analista politikok, arazo tekniko ugari dituela argudiatuta. Ziurrenik, Podemos-k emaitza onak lortuko ditu Nafarroan, baina hemezortzi horietatik urrun geldituko da.

Ordutik argitaratu diren inkesta gehienetan, joera bertsuak igarri litezke; azalekoak batzuk, lerro artean irakurri beharrekoak, beste asko. Guztietan argiena: erregimenaren parte izan diren indarren gainbehera. Gaur egun, inork gutxik ukatzen du UPNk zaplaztekoa jasoko duela maiatzaren 24an. Ikerketa nahiz galdetegi gehienek diotenez, Javier Esparzaren alderdiak ez du hamabi-hamahiru parlamentarien langa gaindituko. Uzta eskasa, 2003an 23 eserleku lortu zituen indar hegemoniko harentzat.

Hainbat urtez UPNren makulu izan den PSNk ere beheranzko joerari eutsiko diola uste dute soziologo eta politologo gehienek. 2011koak bere historiako emaitzarik txarrenak izan ziren, baina lan handia izanen dute sozialistek, gaur egun dituzten bederatzi parlamentariei eusteko ere. Analistak, ordea, ez dira ados jartzen PSNk jasoko duen erorikoaren inguruan. Inkesta batzuen arabera, kolpe latza izanen da: bost eserleku lortuko lituzke alderdi sozialistak CIES etxearen eta Onda Cero irratiaren ikerketek diotenez. Beste batzuen irudiko, ordea, beherakada ez da hain nabaria, batez ere, UPNk Nafarroan eta PPk Espainian nozitutako higaduraren ondorioz.

Balantzaren beste aldean leudeke aldaketaren aldeko indarrak. Zantzu guztien arabera, lehia estua izanen da EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Geroa Bairen artean, bigarren indar politikoa izateko. Ezkerra koalizioak, berriz, bat eta lau eserleku arteko babesa jasoko luke, Ahal Dugu-ren agerraldiak kaltetuta. Parlamentutik at geratzeko aukera ere badu Jose Miguel Nuinen alderdiak, CIESek apirilean egindako inkestaren arabera.

Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako CIS inkesta izan da argia ikusten azkena. Horretan, pisu handiagoa eman diete Ahal Dugu-ri (11) eta Ciudadanos-i (lau-bost), UPNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen kaltetan. Ondorioz, bi blokeek —UPN, PP, Ciudadanos eta PSN alde batean, eta EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra bestean— berdinketa lortuko lukete Parlamentuan, 25na eserlekurekin, eta horrek ia ezinezko bihurtuko luke gobernagarritasuna.

Adituen arabera, abstentziora jotzeko joera duten sektoreak mobilizatzeko helburua izan dezake halako inkesta batek, egoera kaotiko bat aurkeztuta. Aldi berean, Ahal Dugu-ren aurreikuspenak puzteak kontrako efektua eragin dezake: ezkerreko boto-emaileak gehiegi lasaitzea eta demobilizatzea, helburuak aise lortuko direla sinetsaraziz. Zer gerta ere, argi dago alderdiek negoziatu egin beharko dutela maiatzaren 24tik aurrera, eta beraz, hauteskundeon itzala luzea izanen dela.

Gobernu itunak

Hauteskundeen ondorengo gobernu itunena izan da hauteskunde kanpainaren leit motiv nagusienetakoa. UPNko hautagai Javier Esparzak deia egin zien gainontzeko alderdiei, bozen osteko negoziazioak eta balizko akordioak “argi eta garbi” azaltzeko.

Indar politikoetako batzuek zurian beltz adierazi dute zein izanen liratekeen euren bidelagun kutunak. UPNko hautagaiak berak kartak ahoz gora paratu zituen lehen egunetik: ituna sinatu nahi du indar espainiarzaleekin, eta zehazki, PSNri luzatu dio negoziatzeko gonbita, Miguel Sanzen gaztatxoaren teoria berritzeko ahaleginetan.

EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere beren marra gorriak zeintzuk diren adierazi dute jada: ez dute itunik sinatuko erregimenaren parte izan diren alderdiekin; hau da, UPNrekin, PPrekin eta PSNrekin. Geroa Baik eta Ezkerrak, ordea, ez dute PSNrekin gobernu ituna sinatzeko aukera baztertzen.

Sozialistek, azkenik, esana dute ez direla EH Bildurekin negoziazio mahaian eseriko, eta Maria Txibitek gaineratu duenez, independentistei ez diete “gobernurako bidea erraztuko”.

Panorama konplexu horretan, EH Bildu, Ahal Dugu, Geroa Bai eta Ezkerra alderdien arteko koalizio bat izanen litzateke, aldaketaren aldeko aukeren artean, agintea lortzeko adina babes izanen lukeen bakarra. Lau indarren arteko koalizio bat gobernatzeak, ordea, negoziazio lan itzela eta metodikoa eskatuko die parte hartzaile guztiei. Beste formula guztiak (UPN-PSN-PP edo Geroa Bai-Ahal Dugu-Ezkerra balizko koalizioak, adibidez), gutxiengoan gobernatu beharko lukete. Aukera horren alde azaldu da, besteak beste, Uxue Barkos.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!