Sobrea harresiko zirrikitu batean, negozio ilunetan zipriztinduta dauden politikariak, bilera sekretuak, botere ekonomikoa eta politikoa kontrolatzen duten familia aberatsak... Misteriozko eleberria edo thriller-a dirudiena errealitate hutsa izan da Nafarroan, azken hamarkadetan. Orain, bi mundu horiek —nobela beltzarena eta politikarena—, mahai inguru bakarrean elkartzea otu zaie Iruñeko Karrikiri elkarteko kideei. Juan Luis Etxaburu Ondarru (Ondarroa, 1952) da arduradunetako bat.
Nola bururatu zitzaizuen nobela beltzari buruzko jardunaldiak antolatzea?
Iaz ere egin genuen, era xumeagoan: gure dendan nobela beltzak eskuragarri jarrita, eta kito. Aurten, ordea, aurrera urratsa eman nahi izan dugu. Horretarako, Jon Alonso idazlearengana jo nuen, eta hartu-eman horren ondorioz sortu zen egitasmoa. Joxerra Senar BERRIAko kazetariaren CAN: eta hemen ez da ezer gertatu liburua irakurtzen ari nintzen egun horietan, eta ia aldi berean, Ivan Gimenezek El corralito foral argitaratu zuen. Batean, Nafarroako Kutxaren auzia azaltzen da; bestean, berriz, Nafarroako erregimenaren historia osoari egiten zaio errepasoa, 36ko gerraz geroztik gaur arte. Berehala konturatu ginen hor geneukala mahai inguru interesgarri baten abiapuntua, hemengo errealitatea ezein nobela beltz baino ilunagoa baita.
Zehazki, nola egituratuko da hurrengo osteguneko mahai ingurua?
Bada, lau hizlari izanen ditugu: Jon Alonso, Joxerra Senar, Ivan Gimenez eta Kontuz elkarteko Patxi Urrutia. Bakoitzaren esperientziak entzuteko aukera izanen dugu, eta umore puntu zirikatzaile batekin, egungo errealitate politikoa literatura beltzarekin uztartzen saiatuko gara.
Eta kazetariek zer esan zuten nobela beltzari buruzko mahai inguru batean parte hartzeko eskaera egin zenietenean?
Oro har, harrera oso ona izan da. Guk espero bezala, umore onez heldu diote erronkari, eta tenore horretan hartuko dute parte osteguneko saioan. Eta guretzat, noski, ohorea da talentu handiko profesional horiek jardunaldietan parte hartzeari baiezkoa eman izana.
Bigarren hitzordu bat ere antolatu duzue, hilaren 27rako.
Bai, Xabier eta Martin Etxeberriaren Gizon gogorraren sekretua eleberriaren aurkezpena eginen dugu Karrikiri dendan. Jon Alonsoren proposamena izan zen honakoa, eta niri ideia bikaina iruditu zitzaidan, ikusmin handia piztu zidalako nobela honek. Nola idatz daiteke eleberri bat bi pertsonen artean? Aurkezpen egunean galdetuko diegu.
Zergatik aukeratu duzue eleberri beltza abiapuntu eta ardatz gisa, eta ez beste genero bat?
Bada, Nafarroak genero beltzarekin lotura izan duten sortzaile ugari eman dituelako. Alde batetik, Igela argitaletxearen emari itzela dugu. Alimaleko lana egin du argitaletxe horrek, literatura beltza euskaratzen eta formatu txikian jendearen eskura jartzen. Bestalde, Jon Alonsoren edo Alberto Ladron Aranaren gisako eleberrigileak ditugu, Aingeru Epaltzak ere baditu genero beltzean egindako piezak... Luxua da horiek guztiak eskura izatea, euskaraz. Eta aldi berean, oso lagungarriak dira genero beltzaren gainean ditugun aurreiritziak eta estereotipoak uxatzeko. Kalitate handiko literatura da... eta euskaraz.
Hori da, finean, Nobela Beltzaren Hilaren helburu nagusia, ezta? Euskarazko literatura jendeari hurbiltzea.
Bai. Uda garaian, batez ere, esker oneko generoa da. Jendeak gustura irakurtzen du. Horregatik, gurea bezalako ekinaldiak aproposak iruditzen zaizkigu euskaraz idatzitako lanak nahiz euskarara ekarritakoak zabaltzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko. Euskaltegiei ere deia luzatu diegu, ikasleek ere egitasmo honetan parte har dezaten, eta nobela beltz bat irakur dezaten.
Zer du Nafarroak, genero beltzeko idazleen inspirazio iturri izateko?
Ez dut arrastorik ere, baina adibide asko dauzkagu begien bistan: CAN auzia, ustelkeria kasuak, Simon Santamaria udaltzainburuaren figura... Ez dakit zer ematen diguten hemen, baina belztasunerako joera hori daukagu. Duela zenbait urte, informazio hori guztia hortxe zegoen ere, baina sakabanatuta, eta CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu edo El corralito foral bezalako liburuek egin dutena izan da material hori guztia bildu, modu erakargarrian aurkeztu eta jendeari eman, gure errealitate beltza azaleratzeko. Zentzu horretan, oso didaktikoak dira. Niri, behintzat, begiak ireki dizkidate.
Asmoa duzue etorkizunean ere egitasmo honi segida emateko?
Bai, genero beltzari tartea eskaintzen jarraituko dugu, eta seguraski, heldu den urtean ere antolatuko dugu halako jardunaldiren bat. Errealitatea eta fikzioa uztartzeak, gainera, asko erakartzen nau, eta aukera badugu, saio bereziren bat eginen dugu ideia horren inguruan.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.