“Iraultza txikien” asanblada

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko mai. 8a, 02:00

Nafarroako kultur politika ofizialaren zein kultur mugimenduaren erronken inguruan hausnartu, eta balizko aldaketa batek kultur panoramari ekarriko lizkiokeen aukerak aztertzea. Helburu horrekin, mahai ingurua antolatu zuten Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak joan den asteartean, Iruñeko Katakrak kultur gunean. Aldaketarako aukera ardatz hartuta hiru hedabide horiek antolatu dituzten hiru solasaldietan bigarrena izan zen Kultura: eduki eta edukiontziak izenekoa. Eta, eztabaidarako, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorea, Oskar Estanga bertsolari eta musikaria eta Leire Urbeltz artista plastiko, ilustratzaile eta Nafarroako Arte Gaztearen azken topaketen irabazlea batu zituzten mahaiaren bueltan. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak egin zituen gidari lanak, eta, hasi eta berehala, anekdota bat jarri zuen mahai gainean: parez pare daude agintean dagoen gobernuko eta oposizioko kideak, Nafarroako Parlamentuko kultura batzordean. Kultur bonuaren xehetasunak azaldu ditu kargudunak, eta bonu horrentzako diru sailaz kexu oposiziokoa, gutxiegi delakoan. Halako batean bota dio arduradunak oposiziokoari: "Dena den, zergatik kexatzen zara hainbeste, gero ez bazara kultur ekitaldietara joaten?". Eta erantzun dio besteak: "Kultur jarduera askotara joaten naiz ni, eta zu ez zaitut bertan ikusten".

Adibidea baliatu zuen Astizek, gonbidatuei galdetzeko politikariekin topo egin ote duten kultur jardueretan. Umorez erantzun zuen Estangak, baietz, bertsolari izateak ekarri diola "mota bateko politikariekin" batzea. Eta umorez erantsi zuen "beste motakoak" ezagutuko lituzkeela jota kantaria balitz. Urbeltzek ere aitortu zuen politikariekin topo egin izana, eta azaldu zuen berea obra "atsegina" delako joan izan direla beragana. Berari sarri aitortutakoa ere bota zuen, eta bildutakoen barre algarak piztu: "Ze ona zure lana; besteak ez ditut ulertzen".

Kontuak kontu, ondorio bat zekarren Astizen anekdotak, nabarmenen: askotarikoak dira kultur ereduak, kulturaren kontzepzioa eta hedadura zabaltzeko aukerak beste. Gobernuko kargudunak badu berea, oposizioko kideak beste bat, eta horrela. Astizen amuari helduta, Soto izan zen UPNren kultur eredua kritikatzen lehena: "Nik pentsatzen dudan kultur eredutik oso urrun dago gaurko eredua". Eta salatu zuen eraikia dagoen ondare materiala zaintzeko erabiltzen dela inbertsioetan gehiena, sortzeko erabili beharrean. Hala, Nafarroan "benetako kultur politikarik ez" dagoela adierazi zuen, eta esandakoa azaldu: "Ez da bakarrik kultura prozesu gisa ez dela ulertzen, baizik eta helburu ere ez dela. Baliabide ekonomiko hutsa da". Eta bide horretatik segika ondorioztatu zuen: "Inbertsioak egiten dira kulturan, baina ekarriko dituzten etekinen araberakoak".

Planoa zabaldu eta kulturaren beraren esanahia argitu nahi izan zuen Estangak. Azaldu zuenez, txikitan egin zion galdera bera amari: "Zer da kultura?" Eta erantzunen faltan, berak arakatu du esanahian, "ondorio nagusi" batera iritsi arte: "Jendeak bere beharretatik harago egiten duena da kultura, gure bizitzetan gure izaera landu eta garatzeko egiten dugun oro". Horren haritik, "herri bakoitzak bere berezko kultura" duela nabarmendu zuen, baina, azaldu zuenez, "gobernu bakoitzak kultura hori komeni zaion lekura bultzatzen du". Eta, kasu honetan, Nafarroan kultura "sistema bat mantentzeko" bitartekoa dela salatu zuen, "kontsumoaren eta itxuraren" sistema, hain zuzen ere.

Aitorpen falta

Bide horretatik, herritarrak "kontsumitzaile" eta "izaki pasibo" bihurtu izana kritikatu zuen Estangak. Kultur sortzailearen estatusa gutxi batzuentzat erreserbatu izana, nolabait. Adibide batekin azaldu zuen: "Dantzari izateko, edo ez dakit zenbat klase hartzen dituzu, edo ez zara dantzaria".

Kultur sortzailearen aitorpen faltarekin du horrek zerikusia, Urbeltzen ustez. Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetako saria jaso berri du hark, "eta pozik" badago ere, aitorpen falta sumatzen du. Nafarroako Hitza-ri eman zion elkarrizketan ere nabarmendu zuen bere kezka: "Tristea da sariak izatea gure baliabide bakarra". Eta astearteko mahai inguruan ere azaleratu zuen ezinegon bera: "Ez dut beste inor baino garrantzitsuago izan nahi. Ile-apaintzailea edo iturgina bezala, nire ofizioa aitortua izan dadin baino ez dut eskatzen".

Era berean, kulturak gainerako arloak —"ekonomia, osasuna edo hezkuntza"— eraldatzeko izan dezakeen balioa nabarmendu zuen Urbeltzek. Eta, bide horretan, artearen heziketaren garrantzia nabarmendu zuen, "bizitzari aurre egiteko beste modu baten" gisara aurkeztuz.

Gaur-gaurkoz, ordea, "elitista" eta "klientelismoan oinarritua" da UPNk eskaintzen duen kultur eredua, Sotoren ustez. Adierazi zuenez, askoz handiagoa da kultura sariei eskainitako dirua, bekei, alegia, sorkuntzari eskainitakoa baino. Alde horretatik, beka sistemaren "tranpa" gaitzetsi zuen Urbeltzek, beka jasotzen duenak dirua aurreratu behar izaten duelako kultur proiektua aurrera ateratzeko.

Esperantzarako zirrikituak

Salbuespenik gabe, UPN agintean dagoenetik martxan jarritako kultur politika kritikatu zuten solasaldiko hiru gonbidatuek. Baina poztasunerako eta esperantzarako arrazoiak ere aipatu zituzten. Batetik, modu kolektiboan, askotariko proiektuak martxan jartzeko elkartzen ari direlako sortzaileak. Jazar eta Katakrak egitasmoak dira horren adibide. "Gure herrietan, zain bagaude, argi dago betirako zain gera gaitezkeela", Estangak adierazi zuenez. Horregatik, "elkartuz gero ametsak errealak" direla azpimarratu zuen, eta "utopia" erreal bihurtzeko apustua egitearen alde agertu zen. Bere burua jarri zuen prozesu horren adibidetzat: "Gaztea nintzenean Gaintzako baserrian gitarra jotzen hasten nintzenean ez nuen pentsatuko, adibidez, gaur goizean gitarra horren aitzakian kantuan arituko nintzakeenik Iparraldeko haurrekin". Izan ere, azaldu zuenez, "ameslaritzat" hartu ohi da artea bizimodu egin nahi izaten duena. Eta, hala, muga horiek apurtzeko deia egin zuen.

Urbeltzen ustez, indibidualismorako joerak badu lotura horrekin: "Merituak behar izaten ditugu", eta horrek elkarrekin lehiatzera eraman ohi ditu sortzaileak, haren ustetan. Lehiaketek, kasurako, "ez dute laguntzen sortzaileen elkar ezagutzan". Baina, halere, taldeak sortzen ari dira haren ustez, "badagoelako kolektibizaziorako joera".

Hori dela eta, baikorra da Soto ere. Orain arte esan bezala, "alderdi negatibo bat" badagoela onartuta ere, "badago beste alderdi bat, behar beste baloratzen ez duguna, eta miragarria dena". Izan ere, "herri honetako kultur adierazpideak ikaragarriak dira". Eta, utopiaren ideiari tiraka, mahai ingurua bera erabili zuen Katakraki erreferentzia egiteko: "Hau bera bada utopia bat. Duela hamar urte esan izan baligute Iruñeko erdigunean horrelako espazio bat edukiko genukeela, ez genuke sinistuko".

Badago zer aldatua, beraz, baina baita aldaketarako aukerak eta eragileak ere. Eta maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek ekar dezaketen panorama berriak indar handiagoz bultza dezake aldaketa hori. Urte luzez eraikitako eredua egun batetik bestera aldatzea, ordea, ez da gauza erraza. Sotoren ustez, "zaila izango da kultura birpentsatzea, eta iraultza txiki bat egin beharko dugu horretarako".

Iraultza horretarako elementu batzuk, behintzat, mahai gainean dira jada. Batetik, "kartografia" baten beharra azpimarratu zuen Sotok berak, "Nafarroako kultur eskaintza Iruñean zentralizatu izanari aurre egiteko", eta, era berean, herrialdeko eragile kulturalak identifikatu eta harremanetan jartzeko. "Bestalde, aniztunak garela jakinda, bertako kulturaren birbalorizazioa ezinbestekoa da"; hala uste du Txalapartako editoreak: "Behetik gorakoa, eta kultura zentzu zabal eta parte hartzailean ulertua".

Bide berean, kultur prozesuen "instituzionalizazioaren" alde egin zuen Txalapartako editoreak, eta esparrukako elkarrizketen beharra azpimarratu zuen. Urbeltzek, bestalde, aldaketak "aniztasunaren alde egin" beharko lukeela nabarmendu zuen, eta kultur eremutik hezkuntza esparruan eragitea jarri zuen lehentasuntzat. Estangak, azkenik, urrunago eraman zuen aldaketaren beharra, eta balio sistema eraldatzearen aldeko mezua zabaldu zuen, kultura prozesuak ere alda daitezen. Alde horretatik, "gobernu jator batek" urrats berriak egiten lagunduko lukeela adierazi zuen. Eta Sotok erantzun zion: "Edo hori, edo, bestela, gobernu hori behartzeko gaitasuna izan".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!