Soinu berezia egiten du euriak plastiko beltzen kontra erortzean. Tap-tap-tap. Hori da Iruñeko Rodezno kondearen plazan entzun daitekeen hots bakarra, bertaratutako dozenaka lagunek isil-isilik begiratzen baitiote artistari, hark lur beltza esku artean hartu eta harlauza bustien gainean etzanda dauden boluntarioei botatzen dien bitartean. Hogeita hamar bat dira. Oinutsik. Begiak itxita. Mutu. Euritea zakartuz doa pixkanaka. Ekitaldia hasi eta berehala, dena dago blaituta: arropa, aurpegiak, harriak, oin biluziak... Honezkero, hozten hasiak dira hilotzak.
"Euria iragarria zegoen, eta zenbait lagunek galdetu didate ea bertan behera utziko dugun performance-a. Ezta pentsatu ere. Elurra edo kazkabarra botako balu ere, hementxe izanen ginateke berdin-berdin, hau beharrezkoa delako. Beharrezkoa da memoria historikoa aldarrikatzea". Hunkituta hitz egin zuen Abel Azkona artista iruindarrak (Madril, 1988) iragan den ostiralean, bere azken ekintza artistikoa egin ostean. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko hainbat kide sinbolikoki lurperatu zituen, 1936ko altxamendu faxistan eta gerraostean eraildakoak gogora ekartzeko. Enterrados (Lurperatuak) izenburua eman dio lanari.
Azkona bera izan zen performance-aren prozesu osoa gidatu zuena: parte hartzaile guztiak bere tokian kokatzen, zapatak nahiz galtzerdiak kentzen eta boluntario bakoitzaren gainean lurra botatzen ibili zen ordu erdiz. Hala ere, garrantzia kendu nahi izan zion bere egitekoari: "Gaurko protagonista ez naiz ni, fusilatuen senideak baizik. Tolosatik (Okzitania) edo Zaragozatik (Espainia) Iruñera etorri diren horiek guztiak elkarrizketatu beharko zenituzkete", esan zien bertaratutako kazetariei. "Benetan hunkigarria da 80, 85 edota 90 urteko gizon-emakumeak hemen ikustea. Euren gorputzak eman dituzte artea eta memoria uztartzen dituen proiektu honetarako, eta hori txalogarria da".
Boluntario horietako bat izan zen Arcadio Ibañez San Juan, Miranda Argako bizilaguna. Haren baratzetik ateratakoa zen performancean erabilitako lur guztia. Bost senide hil zizkioten Ibañezi 36ko gerraren ondorengo urteetan: aita eta lau osaba-izeba. Haien gorpuak desagerturik daude oraindik, baina Deikaztelu inguruan egon litezkeela uste du. "Zantzuak baditugu, baina gorpuak lurretik ateratzeak dirutza balio du, eta inork ez digu zentimo bakar bat ere eman". Azkonaren ekintza artistikoak "atsekabea" eragin ziola esan zuen. "Lur jota nago, bizipen mingarri asko gogoratu ditudalako bat-batean, eta halako oroitzapenak ez dizkiot inori opa".
Faxismoaren monumentua
Azkonarentzat, ezinbestekoa zen norbanakoen oroitzapen horiek guztiak Iruñeko Erorien Monumentuaren aurrean biltzea, "herri honetan dena baita tabu". Artista iruindarrarentzat, Rodezno kondearen plaza "memoriarik ezaren hiriburua" da. "Nik arte ikasketak egin nituen gaztetan, eta Erorien Monumentua ez da artea. Diktadoreei gorazarre egiten dien eraikin faxista bat besterik ez da. Horrexegatik, plaza hau faxismoaren biktimen senideekin betetzea itzela da, historiari buelta ematea da".
Francoren alde borrokatu zirenak omentzeko eraiki zuten Erorien Monumentua, eta ikur frankista ugari biltzen ditu eraikinak oraindik ere. Ikurren legea betetzeko asmoz, gehienak estali zituen UPNren gobernuak, baina ez zituen ezabatu. Horrez gainera, Mola eta Sanjurjo jeneral kolpisten hilobiak daude monumentuaren sotoan, eta haien omenezko meza egiten da urtero, uztailaren 18ko altxamenduaren urteurrenean. "Historia beltz hori ere azaleratu egin behar dugu", azpimarratu zuen Azkonak iragan ostiralean. "Azpijoko honek jarraipena izanen du etorkizunean ere, Espainia memoria historikoa errespetatzen hasten den arte. Pertsona hauek guztiek erantzunak behar dituzte, euren senideak lurperatu ahal izateko, harrotasun osoz, eta, batez ere, orain arte jaso ez duten errespetuarekin".
Azkonaren esanetan, Enterrados egitasmoa hainbat hiritara eramanen dute. "Madrilen, esate baterako, erakusketa eginen dugula berretsi digute, baina munduko hainbat herrialdetara ere zabaldu nahi dugu proiektua". Iruñeko performancean ateratako argazkiekin eta bideoekin osatuko dute erakusketa hori.
Azkona ibilbide luzeko artista da. Kutsu autobiografikoa duten performance ikusgarriek osatzen dute bere obraren ardatz nagusia, baina azkenaldian, salaketa, gizarte arazoak eta politika uztartzen dituzten lanek lortu dute oihartzunik handiena.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.