Aldaketa politikoaren alde lanean, hizkuntza politika aldatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko api. 30a, 12:21

Nafarroak euskaraz bizi nahi du izenburupean, Kontseiluko, AEK-ko eta IKAko ordezkariak izan dira mahaiaren inguruan Katakraken.

[Albistea Berrian]

Nafarroako Gobernuak orain arte euskararekiko izan duen jarreraz, hizkuntza politika berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eta etorkizuneko erronkez solastu dira Kontseiluko, AEK-ko eta IKAko ordezkariak Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolaturiko mahai inguruan. Iñaki Lasa, Helios Del Santo eta Nekane Otamendi izan dira hizlariak.

Gobernu aldaketaren alde agertu dira, UPNren agintaldiak euskalgintzari egindako kalteari erreparatuz. Del Santo: "Gobernuak hezkuntza politika antolatua bultzatu du euskara baztertzeko. Gakoa hezkuntzan dago". Lasak, berriz, aitortu du UPNren interesentzat eraginkorra izan dela haren hizkuntza politika, eta aitortu du "maiatzaren 25ean" aldaketa politikoa eman dadin lanean dihardutela.

Gobernu aldaketa ezinbestekoa da Del Santorentzat ere: "Boterea erabiliz aldatu behar da hezkuntza kontua". Hala ere, Lasak gogorarazi du politika instituzionala ez dela nahikoa hizkuntza bat normalizatzeko; "ezta soilik arlo soziala ere".

Otamendiren arabera, gobernuaren hizkuntza politikak prestigioa kendu dio euskarari: "Euskara jakiteari uko egitea absurdoa da. Hori bizi dugu hemen. Hori aldatu behar dugu".

Hurrengoa, maiatzaren 5ean

Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldietako lehen hitzordua izan da euskalgintzarena. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen zantzu argiak, ideia eta proposamen berriak antzeman daitezkeela-eta antolatu dira euskalgintzaren, kulturaren eta gizarte gaien inguruko hiru mahai inguruak.

Maiatzaren 5ean eginen da bigarrena. Kultura izanen da mintzagai: administrazioek orain arte aplikaturiko kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak eta beste izanen dituzte hizpide. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du.

Azkenik, maiatzaren 13an, hauteskunde kanpaina betean, eztabaida publikoa eginen dute hainbat alderditako hautagaiek, alternatiba politikoa eraikitzearen inguruan. EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek parte hartuko dute, eta Juan Kruz Lakasta kazetariak zuzenduko du saioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!