Aldaketa ardatz ‘Hitza’-ren eta Euskalerria irratiaren solasaldi zikloan

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko api. 24a, 01:00

"Badator aldaketa". Azken urteetan, Nafarroako gizarteak askotan entzun du esaldi hori, ordezkari politiko batzuen zein besteen ahotan. Gehienetan, gainera, aldaketa hitzak eragindako ilusioak etsipenari eta amorruari bide eman dio. Oraingo honetan, ordea, haize berriaren freskotasuna inoiz baino nabarmenagoa da, eta ez dio soilik politikari edo alor instituzionalari eragiten. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen zantzu argiak, ideia eta proposamen berriak nabaritu daitezke euskalgintzaren, kulturaren eta gizarte gaien esparruetan. Horiek guztiak mahai gainean jartzea da Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldien helburua.

Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolatutako egitasmoa da, eta alor ezberdinetan lanean diharduten pertsona ezagunak bilduko ditu Iruñeko Katakrak liburu dendan, gogoeta sustatzeko.

Euskara, kultura eta politika

Hiru mahai inguruk osatuko dute jardunaldien egitaraua: lehenbizikoa, Nafarroak euskaraz bizi nahi du izenburupean, hilaren 29an eginen da, euskalgintzaren esparruko hainbat eragilerekin. Kontseiluko, AEK-ko eta IKAko ordezkariak izanen dira mahaiaren inguruan, Nafarroako Gobernuak orain arte euskararekin izan duen jarreraz, hizkuntza politika berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eta etorkizuneko erronkez solastatzen.

Bigarren solasaldia maiatzaren 5ean eginen da, asteartearekin, eta kultura izanen da mintzagai: administrazioek orain arte aplikatutako kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak... Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du mahai ingurua.

Azkenik, maiatzaren 13an, hauteskunde kanpaina betean, eztabaida publikoa eginen dute hainbat alderditako hautagaiek, alternatiba politikoa eratzearen inguruan. EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek parte hartuko dute, eta Juan Kruz Lakasta kazetariak zuzenduko du saioa.

Mahai inguru guztiak streaming bidez emango dira zuzenean, BERRIAren webgunean nahiz euskalerriairratia.eus agerkarian. Hamaika telebistak, bestalde, hauteskundeei buruzko eztabaida emango du maiatzaren 15eko gauean.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!