Irudi berri baten bila, sare sozialen plazan

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko api. 24a, 01:00

Hilabete bat falta da maiatzeko foru eta udal hauteskundeetarako, baina alderdiak kanpaina betean dira aspalditik. Partida, ordea, ez da plazetako mitinetan edo frontoietako ekitaldi politikoetan jokatzen ari, pantailetan baizik: telefono adimendunen, tableten eta bestelako gailuen pantailetan. Izan ere, sare sozialen hedatzeak sakoneko aldaketak bultzatu ditu alderdien barruan. Askok hausnarketa egin behar izan dute, beren mezua formatu eta komunikazio molde berrietara egokitzeko.

Nafarroan ere, alderdi eta koalizio nagusiek estrategia komunikatibo berriak ari dira lantzen, eta duela lau urteko bozetan aldaketa teknologikoen eragina nabarmena izan bazen ere, sare sozialak erabakigarriak izan daitezke estreinakoz heldu den maiatzeko kanpainan.

"Duela lau urte, Twitterreko kontua zuten alderdi eta hautagai gehienek, baina kanpainako leloak errepikatzeko erabiltzen zuten batez ere. Eslogana botatzen zuten, baina mezua erabiltzaile gutxi batzuengana iristen zen bakarrik. Gaur egun, Twitter jendez beteriko plaza publikoa da, eta horrek zeharo aldatu ditu jokoaren arauak". Javier Dominguez kazetariarenak dira hitzok (Iruñea, 1981). Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Kazetaritzan lizentziaduna izateaz gainera, aditua da komunikazio politikoan.

Dominguezen irudiko, sare sozialen hedatze etengabeak baditu alde onak —besteak beste, politikariak eta herritarrak gerturatzea edota elkarrizketa erraztea—; baina baita alde txarrak ere: "2011ko hauteskunde kanpaina nahiko xumea izan zen sare sozialetan, baina aldi berean, elegantea. Aurtengo giroa ezberdina da. Jendeak askoz hobe menperatzen du lengoaia, baina, horren ondorioz, kanpaina zikinagoa ari da izaten". Identitate faltsuak, trollak, gezurrak... Kazetariaren ustez, AEBetan ohikoak diren azpijokoak hasi dira erabiltzen Nafarroako alderdiak ere. "Eta niri, behintzat, ez zaizkit batere gustatzen".

Herrialdeko indar politikoek sare sozialez egiten duten erabilera eta proiektatzen duten irudia aztertu du Dominguezek Nafarroako Hitza-rentzat.

UPN

Aste honetan iragarri du UPNk zein izanen den bere hauteskunde kanpainaren lelo nagusia: Navarrísimo. Igande arratsaldean egin zuten aurkezpen publikoa, eta, ia aldi berean, sare sozialen bidez zabaldu zuten. Twitterren bolo-bolo ibili da azken egunetan, eta erabiltzaile askok leloaren kontura barre egin duten arren, Dominguezek uste du UPNri ez zitzaiola beste aukerarik gelditzen: "Ezin zuten besterik egin. Azken porroten ostean, bloke politiko zurrunen eredura bueltatzea eta nafar sentimendua astintzea zen gelditzen zitzaien karta bakarra, eta huraxe erabili dute".

Adituaren arabera, azken hilabeteetan egindako beste kanpaina baten kontrakoa da hau: "Duela gutxi, Garantía de Navarra (Nafarroaren bermea) izeneko kanpaina egin zuen Errea Comunicacion enpresak UPNrentzat; bertan, keinua egiten zitzaien beste alderdietako boto-emaileei, indar politiko horiekin identifikatutako koloreak erabilita: morea, gorria, berdea... Mezua ere moldatu egin zuten, eskandaluen eta ustelkeria salaketen ostean, alderdiaren irudia hobetzeko eta PSN, Podemos nahiz UPD alderdien boto-emaileak erakartzeko". Dominguezen ustez, ordea, kanpaina horrek huts egin zuen: "Publizitate kanpaina on bat zen, baina horrek ez du esan nahi hauteskundeetarako aproposa zenik, alderdi bat ez delako produktu soil bat. Ideologia ezin duzu kolore eta tipografia ikusgarriekin ordezkatu".

Orain, erroetara itzuli da UPN Navarrísimo kanpainarekin, arrazoien gainetik sentimenduei eragin nahian. Eta koloreak ez ezik (UPNren ohiko urdina eta gorria erabiltzen hasi dira berriz), Javier Esparza hautagaiaren irudia ere goitik behera aldatu du alderdi erregionalistak. "Otsailean, herritar soil eta hurbilaren itxura eman nahi zioten Esparzari, Twitterren #EsparzaCurrante, #EsparzaAgoizko edota #EsparzaDeportista traolak erabilita; orain, Citizen Kane ematen du: gorbata, Nafarroako pin bat paparrean, traje grisa, begitarte zurruna...".

Kazetariaren aburuz, orain aurkeztutako kanpaina aurrekoa baino "egokiagoa" da, baina "hainbat arazo" antzeman dizkio, hala ere: "Nabari da kanpaina ez dutela diseinatu sare sozialak buruan edukita. Navarrísimo leloa hautatu zuten, begiratu gabe Twitterren izen hori hartua zegoen ala ez. Gerora, jakin zuten @navarrisimo erabiltzailea existitzen zela lehendik, eta, beraz, beste izen bat erregistratu behar izan dute korrika eta presaka. Tontakeria dirudi, baina xehetasun hori oso esanguratsua da".

EH BILDU

EH Bildu koalizioak ez du hauteskunde kanpainarako propio sortutako profilik sare sozialetan. Horren ordez, kontu ofizialak erabiltzen dituzte, izan koalizioarenak berarenak (@EHbilduNafarroa), izan Adolfo Araiz (@AdolfoAraiz) edo Joseba Asiron (@josebaasiron) hautagaienak, euren mezuak zabaltzeko.

"EH Bilduri, oraingoz, ez zaio estrategia komunikatibo uniformerik antzematen", laburbildu du Dominguezek. "Traola anitz erabiltzen dituzte Twitterren, eta horrek nahasmena sor dezake, baina gauza bat aitortu behar zaie; aldaketaren aldeko traolik transbertsalena haiek asmatua da: #AgurUPSN. Hain da ona, Twitterren eta sare sozialen mugak gainditu ditu eta, gaur egun, edozein kolektibo, eragile sozial edo ezkerreko alderdiren adierazpenetan ikus dezakegu".

Hautagaiaren irudia, bestalde, "oso zaindua" dagoela uste du kazetari iruindarrak. "Kolore lauak eta argiak, alkandorak, jaka eleganteak... Topiko eta estereotipoetatik urrundu dira, eta Araizi irudi atsegina eman diote. Hala ere, mozorrotuta doan sentsaziorik ez du ematen. Oso irudi naturala da, eta hori inportantea da, bai jendaurreko ekitaldietan, baita sare sozialetan zabaldutako argazkietan ere".

PSN

PSNren hauteskunde kanpainaren arduradunek eta aholkulariek ez dute lan samurra. Alderdiaren irudia gainbeheran egon da azken urteetan, besteak beste aldaketaren aldeko mezua zabaldu ostean UPNrekin koalizioan gobernatzeagatik. Horrek erabat baldintzatu du, Dominguezen ustez, alderdi sozialistak aurtengo bozetan eman nahi duen irudia. "Bere tokia bilatu behar du oraindik PSNk, bai Nafarroako agertoki politikoan, baita Interneten ere".

Izan ere, azken asteetan kanpaina "nahasia" egin dute sozialistek sare sozialetan: "Hiru traol nagusi erabili dituzte orain arte, #NavarraEnComun, #TodosConMaria eta #GeneracionN, eta ez dago argi zein izanen den kanpainaren lelo ofiziala".

Zentraltasunaren eta moderazioaren ikur bilakatu nahi izan dute Maria Txibite hautagaia. UPNren gobernutik erabat aldenduta irudikatu dute eta, aldi berean, galdutako sinesgarritasuna berreskuratu nahian. "Nabarmentzekoa da, adibidez, ez dutela aldaketa hitza inoiz erabiltzen, ez Twitterren, ez inon. Ezta deskuiduan ere. Zergatik? Bada, 2007an eta 2011n gertatutakoaren ostean, mezu hori erreta dagoelako; gastatuta, erabat", azpimarratu du komunikazioan adituak.

Hala ere, moderazioaren eta ilusioaren arteko oreka mantentzea "zaila" dela uste du Dominguezek. "Efektu kolpe bat eman beharko luke PSNk orain, kanpainaren protagonismoa lortu nahi badu. Bestela, beste alderdien itzalean geldituko da".

GEROA BAI

Azkenaldian, Geroa Bai koalizioak bi lelo erabili ditu sare sozialetan nagusiki: Orain bai eta Guztion Nafarroa. Dominguezen esanetan, "egokiak, gogoratzeko errazak eta atseginak" dira biak ala biak. "Oro har, traolekin asmatu egin dutela esanen nuke". Guztion Nafarroa leloak, ordea, PSNren kanpaina gogora ekar dezakeela nabarmendu du kazetari iruindarrak.

Geroa Bairen kanpainaren bigarren ardatza mezuaren "pertsonalizazioa" izan da, Dominguezen ustez. "Logikoa da hori egitea, Uxue Barkos animalia mediatiko bat delako: ezaguna da, ibilbide luzea egin du... Hala ere, estrategia berbera erabili dute Itziar Gomez Iruñeko alkategaiarekin, eta kasu horretan ez dut uste estrategia egokiena denik". Horren adibide dira, besteak beste, Uxuebarkos.com eta Itziargomez.com webguneak.

Horrez gainera, indar handiagoko mezuren bat faltan sumatu du Dominguezek, "Nafarroa Bai koalizioaren Polietika famatuaren gisara". Hala ere, ñabardurak ñabardura, Geroa Bairen kanpaina "ona" izaten ari dela uste du.

EZKERRA

Sare sozialek eskaintzen dituzten aukerak "oso modu egokian" baliatu ditu ezkerreko koalizioak, kazetariaren esanetan. @KaixoCambio izeneko erabiltzailea sortu zuten Twitterren, eta ezkerreko aldaketa baten aldeko mezuak zabaldu dituzte horren bidez azken hilabeteetan. Kaixo Cambio lelo eta traola gisa ere erabili dute askotan. "Motza da, gogoratzeko erraza eta kakofonikoa; euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzita dago eta mezua positiboa da. Hori guztia kontuan izanda, lelo bati eska dakizkiokeen helburu guztiak betetzen dituela esan dezakegu".

PODEMOS AHAL DUGU

Dominguezen aburuz, goiz da oraindik Ahal Dugu-ren komunikazio estrategia aztertzeko. "Asko falta zaie oraindik. Laura Perez hautagaiak duela gutxi zabaldu zuen Twitterreko kontua, eta ez du asko erabiltzen. Podemosen kontu ofizialaren bertsioak egiten dituzte nagusiki".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!