Margarita, 72 urteko tafallarra. Nafarroako Gobernuak ukatu egin dio Gizarteratze Errenta, dagoeneko 300 euroko alargun pentsioa jasotzen duelako. Bi urte daramatza haren alaba Edurneren 65 metro koadroko etxean bizitzen, ezin diolako alokairuari aurre egin. Ahmed, 33 urteko senegaldarra. Egunotan Iruñeko aterpetxe publikoan bizi da, baina gehienezko egonaldia betetzean, kale gorrian gelditu beharko du. Ez du errentarik jasotzen, paperik ez duelako. Mikel eta Aitziber, 35 eta 33 urteko iruindarrak. Bi seme dituzte, Oinatz eta Inhar. Aspaldi amaitu zitzaien langabezia saria, eta gobernuak ematen dien oinarrizko errenta ez da 900 eurora iristen. Duela hilabete hasi ziren Elikagaien Bankura jotzen, laguntza eske.
Ausaz hautatutako adibide errealak dira aurreko guztiak (izenak faltsuak izan arren). Ez dira muturrekoenak, ezta dramatikoenak ere; Nafarroan, egunero-egunero errepikatzen diren hondamendi txikiak baizik. Etxeko intimitatean gertatzen diren drama isilak.
Halakoak saihesteko onartu zuen legebiltzarrak Oinarrizko Errenta arautzeko legea. 2011. urtean, ordea, UPN-PSN gobernu koalizioa agintean zela, araua aldatu zuen Elena Torres kontseilari sozialistak, eta errenta jasotzeko baldintzak gogortu. Gizarteratze Errenta izena eman zioten asmakariari, baina ironikoki, jende gehiago baztertzeko eta gizarte errentatik at uzteko balio izan zuen.
Ordutik, Oinarrizko Errentaren aldeko Plataformak hamaika protesta ekintza antolatu ditu Nafarroa osoan, eta oposizioko alderdiekin batzartu da, irtenbide bat adosten saiatzeko. PSNk, ordea, saialdi horiek guztiak boikotatu ditu, bere legeari zuzenketa propioak aurkeztuz —eta beste guztien kontra bozkatuz—. Ondorioz, plataformako bozeramaileek behin baino gehiagotan salatu dutenez, sozialistek "urardotu" egin dituzte balizko aldaketa guztiak.
Folletoi honen azken atala otsailaren 26koa da. Egun horretan, Gizarteratze Errentaren laugarren erreforma onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Erreforma horri esker, errentaren zenbatekoak eta iraupena handitu zituen legebiltzarrak —30 hilabetetik 36ra—, eta horrez gainera, 25 urtetik 18ra jaitsi zuen errenta jasotzeko langa. Bildu, Aralar, Ezkerra eta Geroa Bai taldeek beste proposamen bat aurkeztu zuten, eta bertan, Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformaren eskaerak jasotzen ziren —besteak beste, gutxieneko erroldatzea bi urtetik urtebetera jaistea, laguntzen luzapena erraztea eta, diru saria emateko garaian, herritarren egoera administratiboa aintzat ez hartzea—. PSNk, ordea, bizkarra eman zien eskaera horiei, eta ez zuen bere proposamenaren gaineko zuzenketarik onartu. Ondorioz, sozialisten erreforma izan zen aurrera atera zen bakarra. Iragan den astean jarri zen indarrean.
Erreforma, "adabaki bat"
Legearen moldaketa onartu eta berehala, Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformak eta Pobreziaren Aurkako Sareak "ezinegona" adierazi zuen ohar batean. "Sentsazio gazi-gozoa dugu uneotan, Gizarteratze Errentaren erreformak hobekuntzak ekarriko dituela onartzen dugun arren, jende asko sistematik at geldituko delako aurrerantzean ere".
Zehazki, 11.700 familiak jasotzen dute Gizarteratze Errenta gaur egun, baina pobreziaren kontra lan egiten duten erakundeen arabera, legeak bazterketa egoeran utzitakoak 2.500 eta 3.500 artean lirateke Nafarroan bakarrik. "Ez da txikikeria bat". Horregatik, erreforma "erdibidean" gelditu dela uste dute Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformak eta Pobreziaren Aurkako Sareak. "Borrokan segitu beharko dugu", laburbildu zuten elkarteek oharrean.
65 urtetik gorakoena eta paperik gabeko etorkinena dira sektorerik kaltetuenak, ezinen baitute inongo diru laguntzarik eskatu. Egiazki, PSNren testuak "65 urte baino gehiago izanda, familia kargarik ez duten pertsonak" uzten ditu balizko hartzaileen multzotik kanpo, baina erakunde sozialek azpimarratu dutenez, adineko gehienak daude talde horretan, "oso erretiratu gutxik baitituzte familia kargak". Hortaz, aurrerantzean ere, bestelako diru sarrerarik ez duten pentsiodunek ere ez dute oinarrizko errenta jasotzeko aukerarik izanen. Bestalde, erreforma berriak etorkin asko kale gorrian bizitzera kondenatzen dituela nabarmendu dute pobreziaren aurkako taldeek.
Erdibidean gelditutako erreforma izan arren, UPN eta PP alderdiek kontra bozkatu zuten, eta bi argudio eman zituzten: bata, garestiagoa izanen dela —errentak 32,3 milioi euroren gastua eraginen duela esan zuen Iñigo Alli Gizarte Politikako kontseilariak—; eta bestea, deialdi efektua eraginen duela: "Gizarteratze Errenta zabaltzea katastrofikoa izanen da, baldintzarik gabeko diru sari bihurtuko delako. Hartzaileek ez dute lana bilatzeko beharrik izanen, eta horrek deialdi efektua eraginen du", ohartarazi zuen Allik. Eragile sozialen aburuz, kontseilariaren hitzak "eskandalagarriak" dira, "beharrak dituzten pertsonak alferrak direla iradokitzen baitu".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.