Abiatu da 19. Korrika. Atzo ekin zion aurtengo ibilbideari, Urepelen (Nafarroa Beherea), egun osoko jaiaren ostean. Gaur, bigarren egunean, eginen du bisita Nafarroara, goizean Dantxarineatik sartuta. Herrialdera eginen duen lehen etorrera izanen da; hurrengo ostegunean itzuliko da, eta larunbatera arte ibiliko da nafar lurretan barrena.
Guztira, 2.494 kilometro egingo ditu Korrikak hamar egunetako ibilbidean, horietatik 800 inguru Nafarroan. Behin ere gelditu gabe, eskurik eskura pasatuko da lekukoa, hilaren 29an, igandean, Bilbora iritsi bitartean. Han zabaldu eta irakurriko da lekukoak daraman ezkutuko mezua, jende aurrean. Festa handia antolatu dute Bizkaiko hiriburuan egun horretarako. Festa giroan, beraz, agur esango dio Korrikak aurtengo aldiari, 2017ra arte.
Gaur bertan helduko da Korrika Iruñerrira, aurretik Baztan eta Ultzamako haranak zeharkatu ostean. 18:40 aldera espero dute Atarrabian, eta, ordutik, sei orduz ibiliko da itzulinguruka hiriburuko eskualdean, gauerdira arte. Berriozartik irtenda, Irurtzun, Larraun eta Leitza bisitatuko ditu goizalde bete-betean, eta hortik pasatuko da Gipuzkoara, Nafarroa atzean utziz. Bihar, ordea, sartu-irten txiki berri bat eginen du Bortzirietan, Lapurdiko lurretan barneratu aurretik. Bigarren bisita luzea hurrengo ostegunean helduko da: 21:36ean espero da Vianan, Arabatik etorria, eta ordutik, hiru gau eta bi egun oso egingo ditu Nafarroako lurretan. Besteak beste, Erribera, Tafalla aldea, Zangoza aldea, Pirinioak, Lizarra aldea eta Sakana zeharkatuko ditu. Erriberan, aspalditik bisitatu gabeko herriak zeharkatuko ditu euskararen asteko lasterketak; 30 urte dira Korrikak Cabanillas, Fustiñana edo Ribaforada bezalako herriak bisitatzen ez dituela. Lasterketa heldu bitarteko egunetan era askotako ekitaldiak izango dira Erriberako hainbat herritan, hala nola Tuteran, Castejonen, Alesbesen, Murchanten eta Cintruenigon. Besteak beste, argazki erakusketak, kontzertuak, bazkariak, haurrentzako jolasak, bideo emanaldiak eta herri kirolak antolatu dituzte.
Beste behin ere, helburu bikoitza izango du Korrikak. Batetik, euskararen aldeko kontzientziazioa sustatuko du, milaka eta milaka pertsona ekimenaren inguruan mobilizatuz. Bigarrenik, ibilbideko kilometro guztiak herritar, gizarte eragile eta instituzioen eskuetan salgai jarriz, finantzaketa lortu nahi du AEK Korrikaren antolatzaileak, helduen euskalduntze alfabetatze jardunarekin jarraitu ahal izateko. Azken urteetan, premia handiagoko helburua bilakatu da azken hori, erakundeen diru laguntzen kopurua jaitsi dela medio. Nafarroan, hain zuzen ere, hiru urte daramatzate AEK eta IKAko euskaltegiak, Nafarroako Gobernuaren eskutik euro bakar bat jaso gabe. Korrikak, beraz, hutsune hori bete nahi du, euskaltegiek euren jardunari euts diezaioten. Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak Korrikaren aurkezpenean esan zuen bezala, "finantzaketa publikoaren gabeziak diru baliabidez xamurtzea" da egitasmoaren xedeetako bat.
Ahalduntzeko deia
Euskaldunen ahalduntzearen aldekoa da aurten Korrikak zabaldu nahi duen mezua. Hortik datorkio aurtengo aldiari leloa, Euskahaldun. Euskaldunek Euskal Herria euskalduntzeko "ahalmena" dutela adierazi nahi dute hala. Eta norbanako guztien indarrak batzean eta elkarlanean aritzean helburuak eskuragarri bihur daitekeela azpimarratu nahi dute. Hala laburbildu du Korrikak aurten zabaldu nahi duen mezua: "Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinets dezagun eta erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen Euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahalegin pertsonalak eta biderka dezagun gure ahalmena auzolanean. Egin dezagun eta eragin. Eta egin eragin"
Bi urtean behin bezalaxe, asko izan dira, 2014ko azaroan aurkeztu zenetik, Korrikaren inguruan herriz herri antolatutako ekitaldiak. AEK-k Korrika Kulturala jarri du martxan aurten ere, Korrikari esker "lortzen diren diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte onura lortu nahi duten egitasmoetan inbertituz". Bide horretatik, kultur ikuskizunak izan dira azken hilabeteetan, horietako asko Nafarroan.
Korrikak, era berean, gizarte eragile askoren babesa jaso du azken hilabeteetan. Joan den astean, Nafarroako Parlamentuak adierazi zion bere sostengua, UPNk eta PPk izan ezik, beste talde guztien babesa jasoz. Onartutako adierazpenean, era berean, helduen alfabetatzean, euskalduntzean eta euskararen berreskuratzean ari diren taldeei bere atxikimendua erakutsi zien Nafarroako Legebiltzarrak.
Orain arteko lanaren emaitza atzotik da ikusgai Euskal Herriko errepideetan. Gaur, aurrenekoz, Nafarroan ikusiko da fruitu hori.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.