Ezberdinen arteko elkarlana. Horixe da abiadura handiko trenaren aurka dauden elkarte, plataforma eta gizarte eragileek sustatu nahi dutena, tren lasterraren proiektua behingoz geldiarazteko. Iragan astelehenean, bederatzi puntuko manifestu bateratua aurkeztu zuten AHT Gelditu Elkarlanak, Ekologistak Martxan taldeak eta Sustrai Erakuntza fundazioak. Bestalde, hasiak dira jada apirilaren 11n Iruñean egitekoa den giza katea prestatzen.
Zeintzuk dira manifestuan adostu dituzuen bederatzi puntuak?
RAUL OLORIZ: Argi utzi nahi izan dugu makina bat argudio dugula, baina bederatzi arrazoirekin aski dugula proiektua bertan behera utzi behar dela aldarrikatzeko: gune naturalen desagerpena, diru xahutzea, oinarrizko trenbide zerbitzuen desagerpena, parte hartzerik eza, lege irregulartasun egoera, egungo krisi ekonomikoaren eragina, gizartearen benetako beharrak nahiz lehentasunak atzeratzea, diru kutxa publikoen gaineko hipoteka eta proiektuaren gaineko ikerketa sozioekonomikorik eza.
MARTIN ZELAIA: Labur esanda, ez du ez hankarik ez bururik. Niretzat, proiektuaren kontrako argudio nagusiak bitan laburbildu daitezke: alde batetik, errentagarritasun ekonomiko eta sozialik ez duela —hori baino garraiobide eraginkorragoak eta merkeagoak existitzen direlako jada—; eta bestetik, ingurumenari kalte itzela eragiten diola.
Nafarroan, proiektuak ezaugarri propioak ditu, eta hori ere salatu duzue...
M.Z.: Bai, Nafarroan eskandalua are larriagoa da. Abiadura handian inongo loturarik izanen ez duen proiektu absurdoa da. 65 kilometroko txu-txu tren garestia. Horregatik, proiektua geldiarazteko eskatzen diegu hurrengo gobernua osatuko duten alderdiei.
Maiatzeko hauteskundeen ostean gobernu alternatibo bat osatzen bada, aukera izanen du AHTaren proiektua gelditzeko?
R.O.: Jakin badakigu AHTaren proiektua Espainiako Sustapen Ministerioaren ardura dela, baina Nafarroako Gobernuak itun bat dauka Madrilekin, lanen kostua aurreratzeko. Argi izan behar dugu gaur egun Nafarroako Gobernua beste alderdi batzuen esku balego egoera oso bestelakoa izanen litzatekeela. Proiektu erraldoi hau ezinezkoa zatekeen UPN, PP eta PSN alderdiek eman dioten babesa izan ez balu, eta kasu honetan, horri gehitu behar zaio Geroa Bairen sostengu isila ere.
Indarrak biltzearen beharra azpimarratu duzue idazkiaren aurkezpenean. Zergatik?
R.O.: Orain arte, elkarte edo eragile bakoitzak bere esparruan egin du lan: batzuk ekintza zuzenaren aldekoak dira; beste batzuek, berriz, alor instituzionala edo aholkularitza juridikoa jorratzen dute... Bide horiek guztiak paraleloak dira, bateragarriak, baina denok dugu oinarri komun bat: AHTaren kontra gaude erabat. Hori da landu nahi izan duguna.
M.Z.: Sustrai Erakuntza fundazioan, adibidez, oso garrantzitsua iruditu zitzaigun manifestua sinatzea eta apirilaren 11ko giza katea antolatzea. Batasun hori ezinbestekoa da, inoiz baino beharrezkoagoa baita jendea ohartaraztea AHTak eraginen dituen kalteez.
Baina zergatik orain?
R.O.: Gaur egun Nafarroan inkesta eginen bagenu, konturatuko ginateke herritar gehienek ez dakitela zein egoeratan dauden AHTaren proiektuaren lanak. Geldirik daude? Martxan? Izan ere, Nafarroako Gobernuak ez du lanen inguruan fitsik ere esan azkenaldian. Isilpean ari dira proiektua garatzen. Horregatik da hain beharrezkoa jendeari informazioa ematea.
Beraz, zein da proiektuaren egoera une honetan?
M.Z.: Lanean ari dira, bai, etengabe. Baina sekretupean. Izugarria da. Gure susmoa da hauteskunde kanpainaren zain dagoela UPN, iragarpen handi bat egiteko: Lizarrako zatiaren lanak adjudikatu dituztela, edo auskalo.
R.O.: Argi dago ahalik eta lan handiena egin nahi dutela hauteskundeak ailegatzen direnerako. Maiatzetik aurrera, gobernu aldaketa etor liteke, eta egoera zeharo aldatu. Cadreita eta Alesbes arteko zatia (sei kilometro) entregatua dago dagoeneko; Cadreita eta Castejon artekoa, berriz (8 kilometro), amaitzear da, eta, proiektuan ezartzen diren epeak betetzen badituzte, hilabete honen buruan entregatuko dute. Horren ostean, lurren desjabetze prozesuarekin hasiko lirateke hurrengo zatietan, baina gaur-gaurkoz ez dituzte desjabetze horiek gauzatu.
M.Z.: Egiten dutena egiten dutela, ez dute denbora asko. Lurren desjabetze prozesua hasita, gehienez, hilabete bateko epea dago iragarpen publikoa egiteko. Hori egiten dutenean, helegiteak aurkeztuko ditugu, ingurumen eraginaren txostenik ez dagoela argudiatuta.