Infernua belauneko gaitz batekin hasi zen. "Alde Zaharreko etxebizitza zahar batean bizi ginen. Laugarren solairuan, igogailurik gabe. Eta traumatologoak esan zidan, igogailua jartzeko proiekturik ezean, beste norabait mugitu beharko nuela, hanka oso egoera txarrean nuelako". Medikuak esandakoari kasu egitea erabaki zuen Patxi Perezek, eta, haren emazte Idoia Bikuñak zalantzak zituen arren, etxez aldatu zen bikotea. Finean, 2007. urtea zen, eta adreiluaren sektorea gorenean zegoen oraindik: bankuek erraz-erraz ematen zituzten kredituak, eta etxe bat erostea inbertsio bat zen garai hartan.
Perezek eta Bikuñak Txantrea auzoko Arguedas kalean topatu zuten bizileku egokia: lehen solairuan kokatua, mugikortasun arazoak dituztenentzako egokitua eta ez oso garestia. BBVA bankuan hipoteka mailegua negoziatzera sartu ziren unean, ordea, ametsa amesgaizto bihurtu zen. Gaur egun, kalean gelditzeko arriskuan dira, etxea enkantean ateratzeko prozesua abiatu baitu bankuak.
Garai hartan, bikotearen hileroko diru sarrerak ez ziren 1.300 eurora ailegatzen, baina hori ez zen oztopoa izan BBVAren arduradunentzat, 1.400 euroko kuota ezarri baitzieten. Operazioan Alde Zaharreko etxebizitza ere sartu zen, berme gisa. Perezek eta Bikuñak ez zekiten zer ari ziren sinatzen ere.
"Ni oso urduri nengoen, baina lasai egoteko esan zidan sukurtsaleko zuzendariak. Hipoteka gure irabazien neurrira egina zegoela", gogoratu du andreak. Kredituaren ordainagiriak iristen hasi ziren arte ez ziren iruzurraz jabetu: "Ordurako beranduegi zen. Banketxera itzuli ginen, eta esan genien ezin geniela gastuei aurre egin. Ez zela hori hitzartutakoa". BBVAko arduradunek, ordea, ez zuten erantzukizunik onartu nahi izan. "Alde Zaharreko etxea saldu gabe genuela, eta erantzun ziguten hori gertatzen ez zen bitartean kuotak altuak izanen zirela. Gainera, ezin genion kredituari uko egin, isun batekin mehatxatu gintuztelako". Hala ere, egoera eutsiezina izanen zela ikusita, baldintzak leuntzea erabaki zuen BBVAk: 500 eurora beheratu zizkieten kuotak, baina ezusteak ez ziren une horretan amaitu.
2012ko udazkenean, bankuaren zigilua zeraman gutuna jaso zuten Perezek eta Bikuñak: milaka euroren zorra zutela adierazzi zien BBVAren sukurtsaleko zuzendariak. "Guk paper bakar bat ere sinatu gabe, 3.000 euroko mikro-kreditu pertsonal bat eman ziguten, hipotekaren kuoten bidez ordaintzen ez genuena konpentsatzeko", azaldu du Perezek. Hortaz, haiek jakin gabe, beste zor bat pilatzen joan ziren bankuarekin, hipoteka maileguaz gainera. Guztira, 300.000 eurotik gora. Ordainketen erritmoari eusten saiatu ziren, baina, ordurako, lanik gabe zeuden biak. Laguntzarik gabe, egoerari buelta ematea ezinezkoa izanen zela ikusi zuten.
Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabe mugimenduarekin kontaktuan jartzea erabaki zuten. Plataforma horren aholkuei men eginez, kuotak pagatzeari utzi zioten, eta Angel Luis Fortun abokatuaren laguntza jaso zuten. "Patxi eta Idoiarena da aspaldian ikusi dudan iruzur hipotekariorik larriena", laburbildu du Fortunek. "Lehenik eta behin, beren diru sarreren gainetik zegoen hipoteka mailegua eman zieten, eta hori legez kontrakoa da berez. Baina, horrez gainera, beste mailegu pertsonal bat ezarri die bankuak, haiei jakinarazi gabe".
Horregatik guztiarengatik, kredituaren txostena eskatu die abokatuak BBVAren arduradunei: "Edozein operazio onartzen denean, bideragarritasunari eta arriskuei buruzko txosten bat egiteko eta Espainiako Bankuari igortzeko betebeharra dute banku guztiek. Bada, txosten hori irakurri nahi dut nik. Ea nola justifikatzen duten halako operazio bat". Oraingoz, ordea, txosten hori ez da inon azaldu.
Perezek eta Bikuñak ordaintzeari uko egin diotenez, bankuak bi etxebizitzak eskuratu ditu —Txantreakoa eta Alde Zaharrekoa—, eta enkantean ateratzeko prozesua abiarazi du. Etxeek ofizialki balio dutena baino askoz merkeago atera dituzte enkantera, eta beraz, salduta ere, zorra ez litzateke desagertuko. "Bankuak etxebizitza horiek salduko balitu, kaltea bikoitza izanen litzateke Patxi eta Idoiarentzat, beren ondasunak galtzeaz gainera zorra pagatzen segitu beharko luketelako", azaldu du Fortunek.
Horregatik, epaitegian borrokan ari dira orain, Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabe plataformarekin batera, beren etxebizitzak berreskuratzeko. Datozen egunetarako espero dute kaleratze agindua. "Edozertarako prest gaude. Segur aski, beharrezkoa izanen da auzoaren mobilizazioa, baina hasiak gara prestatzen eta kontzientziazio lana egiten, etxe kaleratze hori gauzatzen bada, geldiarazteko", esan du plataformako eledun Albaro Sadak.
Perez eta Bikuñarena ez da Txantrea auzoan zabalik duten auzi bakarra. Iragan astean salatu zutenez, beste bi familia daude desjabetze agindu baten zain.
Irune Tobajas txantrear gaztea da kalean gelditzeko arriskuan dagoen pertsonetako bat, baina haren egoera zeharo ezberdina da. Okupatzailea da, beste zenbait lagunekin batera, Nafarroako Gobernuak hutsik zeukan etxe batean.
Gobernuaren etxeak, hutsik
"Txantreako Gazteriaren Batzordeak diagnosi bat egin zuen, eta ondorioetako bat zen hemengo gazteek arazo handiak zituztela gurasoen etxetik alde egiteko eta emantzipatzeko. Arazoari irtenbidea eman nahian genbiltzala, jakin genuen gobernuaren etxe batek urteak zeramatzala hutsik, eta okupatzea erabaki genuen", azaldu du Tobajasek.
Urtebete luze daramate han bizitzen, eta ez dute arazorik izan bizilagunekin. Aitzitik, auzokideek harrera beroa egin diete. Baina azken hilabeteetan segika izan dituzte foruzainak. Tobajas bera atarian harrapatu zuten, eta identifikatzera behartu. Etxebizitza uzteko eskaera ere igorri zieten abenduan.
Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabe plataformako bozeramailearen aburuz, "lotsagarria eta onartezina" da "jendeak beharrak ase gabe dituen bitartean administrazioak etxebizitza hutsak izatea".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.