Esnatu zenean, dinosauroa han zegoen oraindik. Monterrosoren mikroipuin famatuan bezalaxe, Bakartxo Ruiz parlamentariak (Iruñea, 1977) ordenagailua piztu zuenean, 2012ko azaroaren 26an, hantxe zuen dinosauroa, El Mundo berripaperaren edizio digitalaren tituluen artean, zain: "Argazkiaren erdian ukabila goratua ageri dena Bakartxo Ruiz da. Sandra Barneda eta Leire Pajinen nahasketa dirudien hori [...]. Hura ikusita, argi gelditzen da Jarrai txakurtxistu look-a indarrean dela oraindik: kopeta-ile moztua, adats zarpaila eta biolin koloreko tindua". Emakume batek sinatutako artikulua zen hura —Vascas de gama alta izenburukoa (Goi mailako euskal emakumeak)—. Nafar parlamentariak barre egiten du orain erreportaje hura gogora ekartzean, baina ez du gutxietsi nahi, kazetaritza molde atzerakoienen adibide hutsaz harago, "gizartean oso errotua dagoen jarrera baten isla" delako. Politikaren esparruan (beste askotan bezala), gizonak eta emakumeak irizpide ezberdinen arabera neurtzen dituen jarrera.
Maiatzean amaituko den legealdira mugatzen da Ruizen ibilbide politiko osoa, 2011ko hauteskundeetan aurkeztu baitzen estreinakoz Bildu koalizioaren zerrendetan. Lau urte hauetan, politikagintzaren alorrean antzeman dituen hainbat jarrerak harritu egin dutela dio: "Legealdi honetan ikasi dut politika ez dela burbuila bat; kontrara, jendartean indarrean diren estereotipoak eta jarrerak islatzen ditu". Horregatik uste du politika oraindik ere "oso maskulinoa" dela: "Alde batetik, emakumeen presentzia urria delako oraindik, eta, bestetik, joko politikoan ikusten diren rolak gizonezkoek ezarritakoak direlako. Emakumeok, askotan, politika molde hori barneratu dugu, eta geure burua rol maskulinoetara moldatu behar izan dugu".
Parlamentari iruindarraren esanetan, emakumezko politikariek etengabe frogatu behar dute eskubide osoz daudela karguan. "Lupa batekin ez, birekin begiratzen zaio emakumezkoen jardun politikoari. Hau lasterketa bat izanen balitz, gizonen hasiera marratik bost pauso atzera egonen litzateke emakumezkoen abiapuntua".
Iritzi horrekin bat egin du Begoña Sanzberro UPNko legebiltzarkideak (Almandoz, 1962): "Gizonei suposatu egiten zaie gaitasuna; guri, ez. Geure tokia irabazi behar dugu. Eta ikuspegi hori haustea zaila da. Kostatuko zaigu".
Sanzberrok 25 urte baino gehiago daramatza politikagintzan, baina abeltzaina da ogibidez. Bere curriculumean irakur daiteke, halaber, UAGN sindikatuko kidea dela, eta Laborantza Ganberako presidenteorde ohia. "Nekazaritzaren munduan, emakumeok ez gaude behar bezala ordezkaturik. Emakume asko dabiltza sektore horretan lanean, baina ordezkaritza, ia beti, gizonen esku gelditzen da. Eta politikan, egoera ez da oso bestelakoa. Ni hasi nintzenean, 1989an, inork ez ninduen goiko postuetan jarri. Azpi-azpitik hasi nintzen, herriaren alde lan egiteko gogoz. Horregatik diot andreok geure tokia irabazi egin behar dugula. Nekazaritzan, sindikalismoan nahiz politikan, gure balioa frogatzen ibili behar dugu etengabe", azpimarratu du.
Espainiako Kongresuan Geroa Baiko diputatua den Uxue Barkos ere (Iruñea, 1964) bat dator baieztapen horrekin. "Ni kazetaritzaren sektoretik nentorren, eta alde handia nabaritu nuen 2004. urtean, politikagintzan hasi nintzenean. Ez nire alderdikideen jarrera matxista zelako, ezta pentsatu ere, baizik eta politikan suma daitekeen giroa, oro har, gizonena delako. Hesi asko birrindu behar ditugu oraindik. Sexismoa indarrean da politikagintzan, zalantza izpirik gabe". Hark ere uste du emakumezko politikariek aurreiritziz beteriko motxila bat daramatela bizkarrean: "Ematen du, gai batzuen inguruan, gure iritzia baliagarria dela, izan berdintasuna, izan gai sozialak... Baina saiatzen bagara ekonomiaz hitz egiten, edo industriaz, edo batzuen ustez sakonagoak diren gai horietaz, gureganako jarrera aldatu eginen da berehala, eta askoz zorrotzago epaituko gaituzte. Azterketak gainditu behar ditugu behin eta berriro".
Gizartearen isla
Ruizen irudiko, arazoa ez da instituzioetara edo politikagintzara mugatzen, gizartean oso errotua dagoen ikuspegia batean baitu jatorria: "Kalean ere, jendearen ikuspegia oso sexista da. Askotan konturatu gabe ere, ez ditugu era berean neurtzen emakumeen eta gizonen lan politikoa. Joera handia dago andreen rola fribolizatzera, estetikarekin lotzera... Gizonezkoei aplikatzen ez zaien baremoa erabiltzen da gure lana epaitzeko. Eta horretan, zeresan handia du hainbat hedabidek zabaldutako topikoek. Nire auzoko andre batzuek, adibidez, telebistan ikusten nautenean, 'soineko ederra daramazu', 'orrazkera hori oso ongi doakizu' eta gisa horretako esaldiak botatzen dizkidate. Eta asmo onez esaten dute! Erabat kulturala da sexismo hori. Barneratua dugu".
Barkosek ere halako jarreren lekuko zuzena izan da behin baino gehiagotan. "Garunaren kortex-ean iltzatuta dauzkagu topikoak eta jarrera sexistak", dio. "Espainiako Kongresuan, adibidez, eztabaida tekniko baten erdian, oholtzara igo zen PPko diputatu bat. Emakumeen topiko estetiko guztiak betetzen zituen: ilehori tindatua, ezpainetakoa, zapata takoi luzedunak... Eta bere azalpena oso ongi egin zuen. Bada, diputatu batek esan zuen: 'Hara! Gaia kontrolatzen du eta!'. Sinestezina balitz bezala bota zuen". Izan ere, andrazko politikarien lana aztertzean, jendeak "zorroztasun maila altuagoa" duela uste du Geroa Baiko eledunak: "Nola janzten zaren, zer-nolako jarrera duzun estetikaren inguruan... Gizon bati ez genizkioke halakoak eskatuko, baina gure kasuan, zorroztasunak exijentziaren forma hartzen du".
2011ko otsailean, minbizia zuela esan zuen Barkosek. Ilea galdu eta burua estaltzeko zapia erabiltzen hasi zen. "Orduan ere denetarik entzun behar izan nuen. Jendeak batzuetan nahi gabe edo birritan pentsatu gabe botatzen ditu gauzak, baina kutsu matxista hori agerian gelditzen da berehala", gogoratu du.
Hala ere, politikagintza gizartearen isla izan arren, zenbait aferatan mugimendu sozialen eta herritarren nahien atzetik dabilela uste du diputatuak: "Politikaren esparruan, erresistentzia handiagoa sumatzen dut nik, aldaketak onartzeko eta emakumezkoen egitekoa normaltasunez ikusteko garaian".
Kuotak eta borroka
Hiru ordezkari politikoek argi eta garbi ikusten dute egoera iraultzeko beharra, baina diagnostikoa antzekoa izan arren, balizko tratamendua hautatzeko garaian azaleratzen dira lehenbiziko desadostasunak.
"Lanean jarraitzea, aintzatespena lortu arte". Hori da Sanzberrok proposatzen duen bidea: "Badira modu ezberdinak eskema sexistak apurtzeko. Batzuek, mugimendu feministatik-eta, zarata handia egiten dute, baina beste askok nahiago dugu geure modura borroka egin, zalapartarik gabe, geure lana eginez eta askotan entzun behar izaten ditugun komentarioei jaramonik egin gabe". UPNren legebiltzarkidearen arabera, borroka hori gogorragoa da ibilbide politikoaren hastapenetan. "Lan handia egin behar da hasieran aurreiritziak gainditzeko, baina langa hori gaindituta, errazagoa izaten da dena. Jendeak baloratu egiten du zure lana".
Bilduko diputatuak, ordea, borrokatzea, salatzea eta emakumeen ahalduntzearen alde lan egitea funtsezkotzat jotzen ditu egungo egoera gainditzeko: "Ahalduntzeko ariketa aktiboa egin behar dugu emakumeok. Finean, gure borrokari esker heldu dira orain arteko lorpen guztiak, eta aurrerantzean ere, aitzindari izan beharko dugu. Arlo instituzionala gizartearen atzetik doa, eta aitzindari izan beharko luke".
Borroka horretan, aukera berdintasuna bermatuko duten legeak ere "beharrezkotzat" jo dituzte Bilduko nahiz Geroa Baiko eledunek. Sanzberrok, ordea, "akatsa" direla uste du: "Aitortu behar dut ez naizela parekidetasun legeen edo sexuen araberako kuotak ezartzearen aldekoa. Niretzat, bide okerretik joatea da hori. Are gehiago: emakumeon kontrako argudio bihurtu daitekeela uste dut. Izan ere, norbaitek pentsa dezake kargu batean gaudela kuota bat betetzeagatik soilik, eta ez gure merituengatik". UPNko politikariaren irudiko, "momentu jakin batzuetan bakarrik" aplikatu beharko lirateke halako neurriak, "egoera jakin bat irauli nahi bada", baina orokorrean, ez lituzke ezarriko. "Niri, behintzat, ez litzaidake gustatuko zerrenda batean joatea kuota bat betetzezko soilik. Emakumeak apaingarri gisa tratatzea da hori, eta horren kontrakoa izan naiz beti".
Ruizen ikuspuntua oso bestelakoa da. Sanzberroren kritikak ulertzen dituen arren, benetako arazoa legeen eraginkortasuna dela nabarmendu du: "Berdintasunerako legeak beharrezkoak dira. Arazoa beste bat da: ez dira behar bezain eraginkorrak. Emakumeon presentzia hutsak ez du bermatzen sexuen arteko aukera berdintasuna, horrez gainera, borondatea ere behar delako. Neurri gehiago hartu beharko lirateke, alderdien egituratik hasita, instituzioen esparruraino. Kuotak eta berdintasun legeak arinkeriaz erabili izan dira askotan, emakumeak zerrendetan jarrita, baina apaingarri moduan, benetako pisu politikorik gabe. Baina arazo horren irtenbidea ez da atzera egitea, neurri eraginkor gehiago planteatzea baizik".
Bilduko parlamentariak planteatutakoarekin bat eginez, Barkosek onartu du sexuen kuotak ezartzea ez dela "irtenbide perfektua", baina gogorarazi du gaur egun, emakumezkoek desabantaila franko pairatzen dituztela, eta egoerak "beharrezko" bihurtu duela halako neurriak hartzea: "Egoera perfektu batean, pertsonen merituen araberakoa izan beharko luke kargu politikoen banaketa. Baina gaur egungo egoera ez da hori. Hori zuzentzeko neurriak behar dira. Diskriminazio positiboa ezinbestekoa da, desabantailak leuntzeko lagungarria den heinean".
Hala ere, horrekin konformatzen diren politikariak ere kritikatu ditu Bakartxo Ruizek: "Berdintasun formala, instituzioetan gizonezko nahiz emakumezkoen kopuru bera egotea, ez da helmuga. Alderdi batzuek aukera berdintasunaren frogatzat jotzen dute hori, baina ez da hala. Ezin gara horrekin konformatu". Izan ere, nabarmendu dutenez, gaur egungo erakundeek ez dute gizartea islatzen. "Nafarroan, herritarren erdiak baino gehiago gara emakumeak. Eta herritarrok identifikatuta sentitu beharko genuke geure ordezkariekin, baina gaur egun, ez da halakorik gertatzen".
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.