Mikak, txantxangorriak, txepetxak, lertxunak eta gerri-txori arruntak; buztanluzeak, amilotx urdinak, kaskabeltz handiak eta erregetxo bekainzuriak; mokolodiak, tarinak, urretxindorrak eta txinbo kaskabeltzak. Horiek ere badira NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean duen campuseko biztanle. Ikasleen auzolagun hegodunak. Unibertsitatea etxe edo tartekako aterpe duten hegaztiak. Haietako zenbait, zerrenda zabalagoa baita. 58 espezie jaso ditu Gorosti Natur Zientzia Elkarteko kide Gonzalo Deanek, unibertsitateak berak argitaratu berri duen gidan.
Urrutitik ikusi, eta zalantzarik gabe erran du ornitologoak: "Gerri-txori arrunta dago enbor horretan". Biologia ikasi du Deanek. Ikasketen amaierako proiektua bukatzen ari da. Txikitatik datorkio naturarekiko zaletasuna, hala ere, Gorostiko kide eta ornitologo baita haren aita Juan Ignacio Dean ere.
Sadar errekak inguratzen du NUPeko Iruñeko campusaren zati handi bat, eta han ibiltzen dira espezie gehienak. Lepotik zintzilik dituen prismatikoen beharrik ez du izan Deanek, errekaren ondoko zuhaitzetako batean gora ari den txoria identifikatzeko. Ederki ezagutzen ditu campuseko bazterrak, bai eta hango zuhaitzetan bizi diren hegaztiak ere. Urtebez egon zen haiei so, 2012ko udazkenetik 2013ko udazkenera, gida osatzeko. "Hilabetean bitan etortzen nintzen, eta ordubetez campusa zeharkatzen nuen, ikusten eta entzuten nituen espezien berri jasotzeko".
Horrela osatu du 58 espezie dituen zerrenda. Gerri-txori arruntaren ondoan amilotx urdina agertu da, eta campuseko kafetegiaren ondoan zozo arruntak eta mikak ari dira lurrean, harat eta honat. Ikasleak haiengandik hurbil pasatzen dira, baina ez diete erreparatzen. Deanen helburuetako bat da, hain zuzen, zuhaitzetan bizi diren unibertsitateko bertze kide horien berri ematea. Ikasleen jakin-mina piztea, ondoan dituztenak ezagut ditzaten. "Ezagutu behar dugulako, zaindu ahal izateko".
Unibertsitateko zerua haien hegaldiak erakusteko aukeratzen duten hegaztiak ere zenbatu ditu Deanek, Sadar errekaren ondoan eta campuseko eraikinak inguratzen dituzten zelaietan bizi diren hegaztiekin batera. Miru gorrien edo bertzelako hegazti harraparien artean, antxeta mokogorriak ikusi ditu, adibidez, NUPeko gida osatu bitartean. "Harrigarria gerta daiteke antxeta mokogorriak ikustea Iruñeko campusean, baina kontuan izan behar dugu Zolinako urmaela hurbil dugula. Hegazti horiek erakusten digute, zer jan baldin badute, barnean bizitzera ere egokitzen ahal direla", erran du.
117 espezie Iruñean
Nafarroako Unibertsitate Publikoko eraikinen artean bizi dira Iruñeko bertze hainbat parketan ere egon daitezkeen hegaztiak. "Daniel Garcia Minak ikerketa egin, eta 117 espezie zenbatu zituen Iruñean. Zuhaitz eta zelai anitz dago hirian, eta hegaztiek badute zer jan eta aterpea".
Zarata eta kutsadura hegaztien arerio izan daitezke, baina hiriak eskaintzen dituen abantailak baliatzen ere ikasi dute txoriek, Gonzalo Deanek nabarmendu duenez. NUPeko campusean bertan aurkitu du horren adibide bat, zuhaitzetako baten adarren artean mikak egiten ari diren habiei so: "Hirian tenperaturak gora egiten du, kutsaduraren eraginez, hain zuzen ere; horrek ekartzen du habia egiteko garaia aurreratzea". Campuseko mikek gainera, adarren artean jartzen dituzten makilatxoekin batera, ikasleek botatako patata zorroak eta botilen txapak ere erabiltzen dituzte. "Gure zaborra aprobetxatzen ikasi dute".
Mikekin alderatuta, txiki ageri da liburutegiaren atzeko aldeko zuhaixken artean zer jan bilatzen ari den txantxangorria. Deanen ohiko lagun bilakatu ziren gida osatzeko unibertsitatera egindako bisitetan. Txonta arruntak ere erraz ikus daitezke campuseko txokoetan. "Hegazti ugarienetakoa eta hobekien banatuta dagoena da, munduan". Gorostiko kidearentzat, hala ere, txori txikirik ez da, eta denei so ikas dezake ornitologo adituak edo hasi berriak anitz. "Bizi diren eremuaz informazio anitz ematen ahal digute, eta espazio horien ingurumen kalitatearen adierazle dira".
Negua hegaztientzat gizakiontzat baino gorriagoa izan daitekeela nabarmendu du Gonzalo Deanek. "Zer jan jartzen ahal diegu gure etxeko balkoietan". Hiriko zuhaitzak gazteak direla azaldu du Gorostiko kideak, bertzalde, eta, ondorioz, hegaztien lana errazteko, habiak egiteko kutxak jartzea ere ontzat jo du. Hiria gizakiona eta bertan bizi diren bertze animaliena ere badelako.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.