A rgitaratu zen lehen egunetik, 2010ko azaroaren 5 hartatik, asteroko hitzorduari hutsik egin gabe kaleratu da Nafarroako Hitza. Ostiralero, gertuko informazioari lekua ematea izan du helburu, Nafarroa mailako euskara hutsezko astekari bakarra izateraino. Aste honetakoa du 200. zenbakia.
Hutsune bat betetzeko jaio zen agerkaria. BERRIA egunkarian tokirik izan ez, eta, hala ere, garrantzitsuak ziren gaiei eusteko. Astean behin, eta sakontasun handiagorekin. Eta hari horretatik tiraka, egunerokotasunaren zurrunbilotik ihes egin eta garrantzitsuak ziren bestelako gaiak lantzeko aukera eman du Hitza-k. Horrela izan da astez aste. Gai lokalak landu dira 200 zenbaki hauetan, baina gaiek eskatzen duten sakontasunarekin.
Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean egin zen astekariaren aurkezpena, eta herrialdeko euskalgintzak harrera beroa egin zion egitasmoari. Nafarroak "horrelako proiektu euskaldun eta euskaltzale bat" behar zuela esan zuten aurkezpen ekitaldian parte hartu zutenetako askok.
Lehen zenbaki hartan, etxeko langile etorkinei buruzko erreportaje mamitsua argitaratu zuen Hitza-k. "Lan baimenik izan ez eta inoren etxean lan egiten aritzen diren" emakume immigranteei buruzkoa. Izan ere, sortu zenetik gaur arte, gizarte gaiak izan dira astekariaren ardatz nagusietako bat. Bestea, iritzi saila izan da, Nafarroako kulturaren, euskalgintzaren eta kazetaritzaren sinadura garrantzitsuenetako batzuk azaldu baitira Hitza-ren iritzi orrialdeetan.
Sustrai sakonak
Gauza gehienak bezala, ordea, Nafarroako Hitza ez zen ezerezetik sortu. Esperientzia bakoitza bakarra eta konparaezina dela jakinda ere, zentzuzkoa dirudi ospakizun testuinguru honetan, Nafarroako Hitza-ren aurreko izandakoak oroitzea. Eta horien artean, bat gailentzen da besteen artean: Nafarkaria, Euskaldunon Egunkaria-ren gehigarria, urte luzez Nafarroako euskaldunon erreferentziako astekaria izandakoa.
Diru laguntzei lotuta jaio eta hil zen Nafarkaria. Nafarroako Gobernuak laguntza emanda sortu zen, 1991ko abenduan, eta hamaika urteren buruan desagertu zen, laguntza hori kendu ziolako aurretik eman zion instituzio berak.
Sorreraren garaian, lau kazetari ziren lanean Egunkaria-k Iruñean zuen ordezkaritzan. Horietako bat zen Alberto Barandiaran, eta hari egokitu zitzaion gehigarriaren lehen arduradun izatea. Lehen zenbakian, azaleko ilustrazioaren alboan, argi agertu zituen asmoak Nafarkaria-k: "Nafarroan sortua, nafarrendako egina, hemengo gaiak ditu ikusmiran eta buruan. Astero-astero, hori bai, lurralde honetako bazterrak ukitzen saiatuko da, bertako biztanleen berri ematen. Harrokeriarik gabe, zintzo, baina zuzen. Eta horretarako lan eta ahaleginak ez dira faltako, indarrak ez bait dira gutxi. Geroak erranen". Geroa da gaurkoa, eta atzera begira, bada nahikoa perspektiba orduko ibilbidea baloratzeko. Barandiaranentzat, "harro egoteko modukoa" izan zen Nafarkaria, "egin zuen ekarpenagatik".
Hastapenetatik, kolaborazioen aldeko apustua egin zuten. Amaigabea dirudi gehigarrian parte hartu zuten izenen zerrenda: Aingeru Epalza,Mikel Taberna, Pili Yoldi, Pello Lizarralde, Maite Urkia, Asisko Urmeneta, Zaldi Eroa... Barandiaranek dioenez, "hemengo begirada bat, Nafarroako jendearen begirada propioa" ekarri zuen paperera.
Iraun zuen urte horietan guztietan, Nafarroan euskaraz "zerbait idatzi zuen orok" Nafarkaria-n parte hartu zuela gogorarazten du lehen lau urteetan gehigarriaren arduradun izan zenak. Hark dioenez, "oso gehigarri parte hartzailea" izan zen, "plaza zabala" izan behar zuela erabaki zutelako.
Barandiaranek memorian iltzatuak ditu "elkarrizketa eta erreportaje gogoangarri asko". Gogoan ditu, bereziki, Dora Salazar artistari eta Patziku Perurena idazleari egindako elkarrizketak. Baita azken euskaldun elebakarren inguruan edo Euskal Herriko erdigune geografikoaren inguruan egindako erreportajeak ere.
Nafarkaria-k, azken batean, "Nafarroa ezagutzeko aukera ikaragarria" eman zuela uste du Barandiaranek, "ia-ia herri guztiak" ibili zituztelako, goitik behera, gai eta albiste bila. Edukiak, hain zuzen ere, denetarikoak zirela du gogoan orduko arduradunak, Nafarkaria-n zebilen kazetari bakoitzak "askatasun handia" zuelako, gustuko zituen gaiak lantzeko.
Diru laguntzarik ez
Diru laguntzen galera izan zen astekariaren desagerpena ekarri zuen funtsezko arrazoia. 2001ean, zazpi milioi pezetako babesa (42.000 euro) kendu zion Nafarroako Gobernuak. Laguntzarik gabe, urte eta erdiz eutsi zion apustuari, baina 2002ko uztailaren 26an, egoera horretan irautea"zama handiegia" zela iritzita, betiko agur esatea erabaki zuten gehigarriaren arduradunek. Barandiaranek argi du eredua bera aldatzea ezinbestekoa zela. "Baina seguru nago laguntza pixka bat izan bagenu zerbait interesgarria egiten asmatuko genukeela".
Nafarkaria desagertu eta zortzi urtera jaso zuen lekukoa Nafarroako Hitza-k. Herrialdeko aktualitateko gaiak ardatz hartuta, gertuko informazioaren esparruan ere kalitateko kazetaritza landu daitekeela frogatzen duen astekari euskalduna.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.