Ebroko nekazariak, itolarrian

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 27a, 01:00

Soroak eta baratzeak, urez itota; uztak, hondatuta; etxalde anitz, suntsituta. Azken egun eta asteetako uholdeek triskantza handia eragin dute Nafarroa osoan; Erriberan eta Estellerrian, batez ere. Ibaiek urtarrilaren 31 eta otsailaren 3a artean eman zioten hozkadarik handiena lurrari. Horixe izan zen aurtengo lehen uholdea. Azkena, egunotakoa, eurite gogorren eta mendiko elurra urtzearen ondorioz. Bitarte horretan, Ega, Arga, Zaraitzu eta Ebro ibaietatik gertu bizi direnek zeharka begiratu diote uraren mailari. Hilabete osoa, ikara batean. Kolpe latzena jaso dutenak, ordea, nekazariak izan dira.

Castejon, Mendabia, Milagro, Viana, Andosilla, Lodosa, Sartaguda, Lerin... Nafarroako hego- mendebaldeko herrietan, ibaiaren ondoan eraikitako lubetak eraitsi ditu ur korronte bortitzak, eta, horren ondorioz, baratze nahiz soro ugari urpean gelditu dira. Guztira, 3.000 eta 4.000 hektarea artean, nekazarien elkargo eta sindikatuen esanetan.

Horrek galera ekonomiko itzelak eragin ditu, gainera. Ebro ibaiaren inguruan dauden hamar herritako udalek egindako kalkuluen arabera, 4,8 milioi euro beharko dituzte txikizioa konpontzeko. Kalkulua, baina, azpiegitura publikoen gainean egindakoa da bakarrik; beraz, urek etxebizitzetan, etxabeetan eta lur pribatuetan eragindako kalteak gehitu behar zaizkio kopuru horri, hondamendiaren benetako tamaina neurtzen hasteko.

"Milaka hektarea hartu ditu Ebro ibaiaren hazkundeak. Soro horietan landatuta zegoen uzta galdu dugu jada, baina kolpea askoz gogorragoa da, lortu gabeko irabaziak gehituta; hau da, datozen hilabeteetan ezingo dugu ezer landatu, eta horrek zeharkako galera handiak eraginen dizkigu", azaldu zuen UAGN Nafarroako Abeltzain eta Nekazarien Batasuneko presidente Felix Bariainek, iragan asteartean egindako agerraldian.

Horren guztiaren ondorioz, ika-mika latza piztu da Ebroko Ur Konfederazioaren, udalerrien eta kaltetutako laborarien artean: Nafarroa hegoaldeko herrietan triskantza saihesteko "ezer gutxi" egin izana leporatzen diote konfederazioari, eta erakunde horretako presidente Xavier de Pedroren "berehalako dimisioa" eskatu du UAGN sindikatuak. "Hilabeteak daramatzagu uholdeen arriskuez ohartarazten, eta konfederazioak ez du inolako konponbiderik planteatu", azpimarratu du Bariainek.

Borondaterik ez

Otsail hasieran, urak estreinakoz hazi zirenean, Ebroko Ur Konfederaziora eta Nafarroako Gobernura zuzendu ziren begirada guztiak. Andosilla, Milagro, Azagra, Carcar, Lerin, San Adrian, Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Viana eta Ribaforadako udalek plataforma osatu zuten, euren kexak eta eskakizunak bideratzeko, eta bilera egin zuten politika hidrologikoetan erantzukizun nagusia duten erakunde eta eragileekin. Udal ordezkariez gainera, negoziazio mahaian eseri ziren Ur Konfederazioko presidentea, Landa Garapen eta Ingurune Departamentuko buru Javier Esparza eta Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren idazkari nagusi Valentin Velasco.

Otsailaren 9an eginiko bilera hartatik "erabat etsituta" atera ziren udalerrietako ordezkariak, "arazoa konpontzeko borondaterik eza" sumatu zutelako. Ur Konfederazioaren izenean, Xavier de Pedrok konpromisoa hartu zuen "bi hilabeteren buruan" zenbait konponketa egiteko, "baina urak suntsitutako lubetei eta defentsarako azpiegiturei dagozkienak soilik". Gainontzeko kalte-ordainak Nafarroako Gobernuarekin hitzartu behar zituztela esan zien herrietako zinegotziei. Eta Yolanda Barcinaren gobernuak "egoera konpontzeko borondatea" agertu bai, baina neurri zehatzik ez du aplikatu, oraingoz —eremu osoa katastrofe eremu izendatzeko eskatu diote nekazarien elkarteek—.

Udalerri eta nekazarien ustez, Ebroko Ur Konfederazioak "lehenbailehen" ekin behar zion defentsarako azpiegiturak konpontzeari, espero izatekoa baitzen uholde gehiago helduko zirela. Azken aste hauetan, ordea, konfederazioak ez ditu lubetak eta ezpondak konpondu, lan horiek erakundeak egin beharreko "larrialdiko neurrien zerrendan" zehazten diren arren. Aitzitik, udalei ere ez die baimenik eman azpiegitura horiek beren kabuz konpon ditzaten. "Gaur egun, babesgabe gaude erabat, etor litezkeen uholdeen eta erauntsien inguruan", laburbildu du kaltetutako udalerrien plataformak.

UAGN sindikatuko presidentearen aburuz, baina, lubetak ez konpondu izanak balio izan dio konfederazioari, egoera kontrolpean duela esan ahal izateko: "Lubetak apurtu ostean, nekazarien lurrak urez bete ziren, eta uraren korronteak indarra galdu zuen. Horrela kontrolatu dute krisia, laborarien kaltetan".

Kalte-ordainak emateko garaian, gainera, azken asteotako uholdeak bakarrik ez, "azken hiru edo lau urtekoak ere" kontuan izateko galdegin du Bariainek, "arazoa aspaldikoa baita".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!