Milaka malko berri drama zahar baterako

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 20a, 01:00

Otsailaren 5ean hasi zen amesgaiztoa. ICF Faurecia enpresako zuzendaritzak Burlatako lantegia behin betiko ixteko asmoa zuela jakinarazi zien beharginei; arrazoi ekonomikoengatik. Nagusiek ez zuten negoziatzeko aukerarik eman. Erabakia goitik zetorren. Lantegiaren jabe den multinazionaletik. "Kaleratzeen baldintzak hitzartzea besterik ez da falta orain", esan zieten.

Frantziako multinazionalak hartutako erabakiaren ondorioz, kalean geldituko dira Burlatako fabrikako 199 langile, baina itxierak zeharkako eragina izanen du beste hainbat beharginengan ere: garbitzaileak, hornitzaileak, segurtasuneko langileak... Guztira, 200 familia baino gehiago daude kinka larrian.

"Lanpostu segurua genuela uste genuen", azaldu du Koldo Apestegiak (Iruñea, 1957). "Inoiz ez zitzaigun burutik pasatu enpresak bat-batean itxiera aginduko zuenik". 16 urte daramatza Apestegiak ICF Faurecian lanean. Langileen Batzordeko kidea da, LAB sindikatuaren ordezkari gisa, eta itxierak "oso adin txarrean" harrapatu duela dio. "Nire erretiroan sekulako eragina izanen du honek, seguru; baina ez dut kexatu nahi, ni baino askoz egoera okerragoan geldituko baitira beste batzuk".

Koldo Erbitirentzat ere (Iruñea, 1972) "sekulako kolpea" izan zen duela bi aste jaso zutena. "Paristik bi kontseilari etorri ziren, Faurecia multinazionalekoa bata, Lear enpresakoa bestea, eta ordubete eskaseko bileran txikitu egin zuten 40 urteko ibilbidea". Burlatako fabrikan 17 urtez lan egin ostean, etorkizuna beltz ikusten du: "Lan baldintza onak genituen, eta perspektiba baikorrak. Gure familia proiektuak ere lan baldintzen inguruan eraiki genituen askok. Baina egun batetik bestera, dena desegin da. Bi seme-alaba dauzkat, eta hipoteka ordaintzen segitu behar dut hilero-hilero".

Apestegia bezala, Langileen Batzordeko kidea da Erbiti ere, ELAk dituen bi ordezkarietako bat baita. Batzordekideek gainontzeko beharginek baino minutu batzuk lehenago izan zuten itxieraren berri. "Epe luzeko bi kontratu garrantzitsu galdu zituztela [Volkswagen eta General Motors enpresentzat piezak fabrikatzeko] eta ixtea aukera bakarra zela esan ziguten soilik", gogoratu du. Apestegiaren ustez, multinazionalaren jokabideak argi utzi du Burlatako lantegia ixtea "zehatz-mehatz planifikatutako jokaldi bat" izan zela: "Azken hiru urteetan galera txikiak joan dira pilatuz, baina uste dugu enpresaren beraren amarru bat dela; lan karga kendu digute, baina ez negozioa apaldu delako, lanpostuak beste norabait eraman dituztelako baizik". Zehazki, Ekialdeko Europara.

Izan ere, Lear eta Faurecia multinazionalentzat ohikoa da enpresa txikiak deslokalizatzea kostuak murrizteko eta irabaziak handitzeko: "2012an, Lear-en zuzendaritzak deslokalizazioari ekin zion, hainbat lantegi itxi eta beste zenbait fabrika Txekian zabalduta. Orain, badirudi Faureciak antzeko bidea hartu nahi duela, eta mendebaldean dituen lantegiak Poloniara eramateko asmoa agertu du", azaldu du Erbitik.

Hala ere, galera ekonomikoen arrazoia "aitzakia hutsa" dela uste dute bi beharginek. "Krisiaren urte gogorrenetan ere irabaziak izan ditu ICF Faureciak. Zehazki, 2007tik gaurdaino, bederatzi milioi euro irabazi dituzte gure lantegiari esker", azpimarratu du Erbitik.

Apestegiak gaineratu du irabaziak "oso gaizki" kudeatu dituztela multinazionalaren jabeek: "27 milioi euroko funts bat zuen multinazionalak, berme gisa. Taldea osatzen duten jatorrizko bi enpresa handiek, Lear eta Faureciak, 22 milioi euro banatu zituzten haien artean, eta gure lantegira 5 milioi bakarrik bideratu zituzten. Haien artean banatutako dirutza hori erabil zezaketen enpresa txikien itxierak saihesteko".

Hala Apestegiak nola Erbitik azpimarratu dute, gainera, enpresak ez diela erantzunik eman negoziatzeko eskaerei, eta langileekin batzartzeko "borondate falta izugarria" erakutsi duela.

Manifestazioa bihar

Zuzendaritzaren jarrera ikusita, mobilizatzeko erabakia hartu zuten ICF Faureciako langileek, eta hamaika elkarretaratze eta protesta ekintza egin dituzte orain arte: "Guretzat oso garrantzitsua da jendeak kontzientzia hartzea. Ez dugu eskarmenturik gauza hauetan, eta arian-arian ikasi dugu nola antolatzen diren protestak. Horregatik, babesa adierazteko keinu txikienak ere biziki eskertzen ditugu". Babes hori zuzenean ikusteko aukera izanen dute bihar, Faureciako Langileen Batzordea osatzen duten sindikatuek (CCOO, LAB, ELA eta UGT) manifestazioa antolatu baitute. Iruñeko autobus geltoki zaharretik aterako da martxa, 17:00etan. "Negoziatzera behartu nahi dugu enpresa. Gure lanpostuak defendituko ditugu kosta ahala kosta, atzera egitea posible baita", laburbildu du Erbitik.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!