Erakusleihoetatik kalera

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 20a, 01:00

Eta unibertsitatera ailegatu ginen. Duela hiru urte eta erdi izan zen hori, eta, orain, tunelaren amaiera gero eta gertuago ikusten dudala, hausnarketaren bat edo beste egiteko garaia dela iruditzen zait. Nafarroan jende asko eta asko gure Foru Komunitate maitagarrian gelditzen da ikasten, gertutasunagatik, Unibertsitate Publikoan nahi dituzten ikasketak eskaintzen dituztelako, kanpora joateko gero eta zailtasun handiagoak daudelako, eta betiko munstroa… Opus Deiko Unibertsitate erraldoi, aberats eta elitista (beste gauza asko ez aipatzeagatik) han bertan dagoelako. Baina uste dut Nafarroako Unibertsitateko gaia agian beste baterako utziko dugula. Ez dut indarrik. Gogorik ere ez.

Baina beste asko, euskaraz ikastearen eta beste ikasgai batzuk egitearen aitzakiaz, EHUra alde egin genuen ikastera. Unibertsitateko fronteetatik, Gasteizkoa egokitu zitzaidan niri. Eta, jende askok espero zuenari jarraikiz, Euskal Ikasketak ("Euskalfilo") ikasten hasi nintzen. Bueno, ikasten. Esanen dugu Gasteizen bizitzeak izan duela lehentasuna. Beste arrazoi batzuk ere aipatu ahalko genituzke, baina, zer esan… karrerak ez nau bete. Ilusioz etorri nintzen, ez pentsa.

Ez zaizkit ikasketa biziak iruditu. Uste dut, batetik, derrigorrezko ikasgaiak gehiegi direla eta literatura ez dutela apenas aintzat hartzen. Bestetik, euskararekiko tratamendua ere ez dut oso ongi ulertzen. Azken urte hauetako sentsazioa, galdera, behin eta berriz errepikatzen da: nolako tratamendua ematen zaio euskarari? Euskara hizkuntza minorizatua dela kontuan hartzen da? Egoera diglosiko honen aurrean, nola jokatuko dugu? Nola egin geure hizkuntzak aurrera egin dezan? Nola zabaldu ezagutza, erabilera eta eskubide esparruak? Eta ez dezagun aipa lurraldetasuna… Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ez dira existitzen.

Ez dut esaten horrelakoak inoiz aipatu ez direnik, baina benetan oso gutxitan ikusi izan ditut horrelako hausnarketak. Iruditzen zait euskara beira-arasetan daukagula, geldi. Bakarrik XVI. mendetik XIX. mendera egin izan direnak begiratu, ulertu eta interpretatzeko irekitzen dugu. Hautsa kentzen diogu, landu egiten dugu. Baina, azken finean, hori da: museo pieza bat. Museo pieza bat, besterik ez. Eta nik ez dut museoetan nahi euskara (ez bakarrik, behintzat). Nik kalean ikusi nahi dut, bizirik. Eta horretarako baliabiderik ez dut agerian ikusten. Ikasketa biziak nahi ditut, euskara ere bizi dadin. Baliabideak nahi ditut, ikuspuntu eraikitzaile bat emateko unibertsitateari, ez titulu bat lortzeko lehian azterketa eta lanez lepo egotea, paper hutsa lortzeko lasterketan. Unibertsitate hurbila behar dugu, herritarra, gizartearen zerbitzu aktiboa izanen dena, liburuetatik haratago joanen dena.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!