Asmazank: bi gazte ekintzaileren burutazioa, jantzi marka bihurtuta

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 20a, 01:00

Bizikletaz egindako bidaia batean otu zitzaien Beñat Altuna eta Aritz Rekalde andoaindar gazteei arropa marka bat sortzeko ideia. 2013ko Aste Santuan izan zen, Altunak gogorarazi duenez, Salou ingurura oporretan joan zirenean, "bizikletan hainbat ibilbide egiteko asmoarekin". Ordura arte, lagunentzako txirrindularitza elastikoak pertsonalizatzen zituzten, jendeak eskainitako diseinuak egin eta serigrafiatuz. Bidaia hartan, elkarrekin bizikletan egindako ordu askoren ostean, gerora gakoa izango zen elkarrizketa bat izan zuten bi gazteek. Elastikoen proiektua "pixka bat serio" hartzeko ideia izan, eta "kaleko arropara salto egitea" erabaki zuten. Hala sortu zen Asmazank, ia egun batetik bestera.

Izena sortzeko prozesua "bitxia" izan zela dio Altunak: "Euskal Herriarekin lotura izango zuen marka baten bila ari ginen, aldi berean garbia izango zena, hau da, erregistratu gabeko domeinu eta izena izango zituena". Bururatzen zitzaizkien izen guztiak hartuta zeudela ikusita, eta "desesperatzen" hasiak zirela, norbaitek "asma zak!" esan zien, izena asmatzeko. Ideia gustatu zitzaien Altuna eta Rekalderi, eta "mutilentzako zein neskentzako arropa" egin nahi zutenez, kasualitatez botatako izen hori moldatu eta marka itxura eman zioten. Jaioak ziren Asmazank diseinuak.

Garai hartan langabezian zegoela du gogoan Altunak, eta, ondorioz, "jendeak animatu" zituela. "Geldi egotea baino hobe da zerbait egiten saiatzea", esan ohi zieten. Hala erabaki zuten arropa egitearen aldeko apustua egitea.

Esan eta egin: 2013ko udarako sortu zituzten lehen kamisetak. Hasiera hartan, "oraindik guztiz ezezagunak" zirenez, proiektua ezagutarazteko asmoan jarri zituzten indarrak. Kolore lisoetan egindako kamisetak kaleratu zituzten, logoa eta izena nabarmenduz. Marka ezagutarazteko arropa zen, Altunak dioenez, orduko hura. Aurten, ordea, "arropa dotorerako jauzia" egin dute. Irudien serigrafiatik harago eraman dute diseinuaren ulerkera, eta oihalen aukeraketa ere modu berezian zaintzen hasi dira. Bide horretatik, udako zein neguko arropekin katalogoa osatu dute aurten. Hasierako kamisetetatik harago joan dira; besteak beste, poloak, kirol jertseak eta osagarriak eskaini dituzte, neska eta mutilentzat.

Diseinua, oinarrian

Prozesu luzea da ideia bururatzetik azken emaitza merkaturatzera. Bide horren hasieraz, diseinuaz arduratzen dira Rekalde eta Altuna, azken horrek azaldu duenez: "Aritz eta biok elkartzen gara, eta hurrengo urterako zer nahi dugun diseinatu eta erabakitzen hasten gara. Diseinuak, koloreak eta oihalak aukeratzen ditugu". Eta bide hori sarri luzea izaten dela aitortu du: "Askotan guk buruan argi dugu ideia, baina benetako diseinua asmatzea kostatzen da batzuetan".

Behin azken diseinua finduta, Donostiako koordinatzaile batekin harremanetan jartzen dira Asmazank-eko lagunak. Pertsona horrek eramaten ditu diseinuak arropa bera ekoitziko duten enpresetara. Azkenik, dendetara eramaten dute produktua, salmentara. Egun, Tolosa, Hernani eta Zumarragako denda banatan saltzen dituzte arropak, eta baita, noski, Asmazank-en denda propioan, Andoaingo Kale Nagusian. Azken hori, ordea, "denborarekin kentzeko" asmoa dute, Internet bidezko salmentan ahalegintzeko.

Oraingoz, "oso gustura" daude produktuek duten harrerarekin. Gabonetan eta urtebetetzeetan "dezente oparitzen" den arropa dela uste du Altunak, eta kalean ere ikusten dela uste du. Pozik mintzo da jendeak emandako erantzunaz: "Jendea gurekin gogoratzen dela ikusten dugu".

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Asmazank.

Helbidea. www.asmazank.com.

Telefono zenbakia. 653-70 26 47 Eskaintza: Otsailaren 25era arte.

Produktua erosteko. www.euskalherrikoplaza.com

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!