Etxean otso, kalean 'lobo'

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 17a, 12:18

Nafarroan Euskararen ezagutzak gora egin du eta erabilpenak, aldiz, behera, Gobernuaren mapa soziolinguistikoaren arabera

Paradoxa bat dirudi, baina, askotan, datuek ez dute errealitate bakar bat islatzen. Horiek interpretatzeko manerak kontagaitzak dira, arreta gunea non jartzen den. Halaxe da Nafarroako Gobernuak iragan astean aurkeztutako mapa soziolinguistikoaren kasuan ere: oro har ezagutzari dagozkion datuak positiboak diren arren, eremu euskaldunean erabilerak atzera egin duela nabarmentzen du ikerlanak.

Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren arabera, datuok agerian utzi dute Nafarroako Gobernua "bide onetik" doala euskararen garapen prozesuan, hizkuntzaren ezagutza hazi egin delako 1991tik 2011ra; eta iradoki du, gainera, erabilera gehiago hedatu ez bada herritarren interes faltarengatik ez dela hedatu: "Elebitasunaren hazkundea errealitate ukaezin bat da, baina, etxean, hiztunek apenas erabiltzen duten", esan zuen maparen aurkezpenean.

Euskalgintzan diharduten eragileek eta soziolinguistikan adituek, berriz, kontrakoa uste dute: garapena, izatekotan, ez dela administrazioari esker lortu, "administrazioaren kontra baizik"; eta ikerketan antzeman daitezkeen atzerapausoak erabat baldintzatuak egon direla, Nafarroako Gobernuak aplikatutako politika murriztaileengatik. "Gobernuak euskararen aldeko plangintza bat egiten ez duen bitartean, hizkuntzaren jakintza eta erabilera sustatzea oso zaila izanen da", esan du AEK-ko Asier Biurrunek.

Datuak interpretatzeko tenorean, gainera, bestelako faktore asko ezagutu beharko liratekeela uste dute adituek. "Mapan datu positiboak baditugu, datu negatiboak ere bai. Argazkia osatzeko, nolanahi ere, eskaini dizkiguten datuez gainera, beste asko behar ditugu. Oso interesgarria izanen litzateke jakitea gertatzen ari den hori zergatik gertatzen den", laburbildu du Dabid Anaut filologoak. 2013an, Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburua argitaratu zuen Anautek, Euskal Memoria fundazioaren eskutik, eta, bertan, egungo egoeraren faktoreetako batzuk azaltzen zituen. "Garbi izan behar dugu euskararen erabilera ez dela baldintzarik gabe egin litekeen hautu hutsa, eta egoerarik informalenean eta indibidualenean ere faktore sozial, ekonomiko, psikologiko, politiko eta kultural askok eragiten dutela, baita etxe barruan ere".

Antzeko iritzia agertu du Paula Kasares soziolinguista eta Baztango Euskara teknikariak ere: "Ikerketa kualitatiboak beharko genituzke. Adibidez, hiztunen ezaugarriez eta familien tipologiez deus ere ez digu erraten ikerketak, eta etxeko erabileraren funts nagusiak hor daude. Erraterako, oraingo haurren guraso anitz, 1970eko hamarkadan sortuak, ez ziren euskaraz eskolatu, batzuk euskara ongi ikastera ere ez ziren iritsi... Familietan euskara hutsaren erabilera apaldu bide da, baina euskaraz eta gaztelaniaz, bietan egitea ohikoago bilakatu omen da".

Arnasguneak, kolokan

Baina txostenak aipatzen ez duena gogoratzeaz gain, agerian gelditu diren datuak ere aintzat hartu dituzte adituek, euren balorazioa egiteko garaian. Datu horien arabera, bi puntu jaitsi zen euskal hiztunen portzentajea 2001etik 2011ra, eremu euskaldunean. Herritarren %58,2 dira euskaraz mintzatzeko gai. "Ikerketa makrosoziologikoek joerak erakusten dituzte, eta, handi-handika, azken hamarraldian euskararen ezagutzak eta erabilerak ez dute Nafarroako Mendialdean garapen positiborik izan. Hori kezkabide hartzea zentzuzkoa da", dio Kasaresek.

Soziolinguistikan adituaren ustez, ordea, askotariko faktoreak hartu behar dira kontuan bilakaera hori aztertzeko; demografia, esaterako: "1990. urteaz geroztik, Nafarroako demografian aldaketa nabarmenak gertatu dira. Hasteko, duela hogei urte 527.318 nafar ziren, eta 636.038 dira egun (%21eko hazkundea). Populazioa handitzeaz gain, gizartearen zahartze prozesua, jaiotza tasak beheiti egin izana eta immigrazioa dira nafar gizartearen mudantzarik eragingarrienak".

Kasaresek bezala, Anautek ere populazioaren aldeketetan jarri du arreta. "Eskualde euskaldunetan, ezagutzari dagokionez, 5 eta 14 urte bitartekoen kasuan ez dago galerarik, eta ehunekoak igotzen jarraitu du. Ez dago hor hutsunerik edo zulorik. Katea ez da eten, %85 baitira euskaldunak. Zuloak eta aldaketak beste adin tarte batzuetan gertatu dira; beraz, argi dago kanpotik erdaldunak etorri direla eta ez ditugula euskaldundu".

Mendialdetik kanpo, ordea, eremu mistoan eta ez-euskaldunean, egoera oso bestelakoa da. Euskaldunen kopuruak gora egin du nabarmen (bai portzentajean baita zenbaki absolutuetan ere). Mistoan, esate baterako, biztanleen %5,88 ziren euskaldunak duela hogei urte (16.000 hiztun inguru); gaur egun, %12,41 dira (42.000 inguru). Anauten esanetan, garrantzi berezia du horrek, populazioaren gehiengoa eremu mistoan bizi dela kontuan hartuta. "Lehendabiziko aldiz, zenbaki absolutuetan, euskaldun gehiago dago eremu mistoan eremu euskaldunean baino. Iruñerriaren garrantzi soziolinguistikoa handitzen ari dela esan genezake". Kasaresentzat ere "arrunt baikorra" da datua, baina horrek dakarren poza "erlatibizatu" behar dela uste du, ezagutzarekin batera erabilera ere indartu beharko litzatekeelako. "Erabilera da hizkuntzaren sasoiaren termometrorik onena, eta erabileran jauzi nabarmenik izateko ezagutza anitzez gehiago igo behar da".

Ondorio batzuk

Dabid Anauten ustez, mapa soziolinguistikoak utzitako daturik interesgarriena belaunaldi berrien euskalduntze tasari dagokiona da: "Nafarroako gazteen artean, euskararen ezagutza %30en inguruan dabil, eta %16 euskaldun pasiboak dira". Horrez gainera, euskaldunen kopurua hazi egin da oro har hamar urtetan (21.000 hiztun gehiago).

Hala ere, igoera hori xumea izan dela gaineratu du: "Euskararen normalizazioa aurrera doa akaso, baina oso poliki eta esku frenoa jarrita; eta horrek gasolina eta energia asko alferrik galarazten digu. Esku freno hori euskararen legea izan daiteke, edo gobernuaren hizkuntza politika, baina baita hizkuntzen inguruan hedatua dagoen ideologia ere, edo aurreiritziak, usteak, konplexuak... Astindu handi bat behar du horrek guztiak".

Horrexegatik, politika eraginkorren beharra nabarmendu dute Kasaresek, Anautek eta Biurrunek. "Faktore orokorrek eta soziopolitikoek pisu handia dute; horregatik dauka euskararen normalizazioak hizkuntza politika sendo baten beharra, baita hiztunen inguru hurbilean ere", esan du Anautek.

Eta hala gaineratu du Biurrunek: "Oro har, inkestak argi utzi du jendeak euskararen aldeko jarrera duela, baina corpus juridikoa ongi arautzeaz gainera, baliabide pertsonal zein ekonomikoak euskararen normalizazioaren bidean jartzen ez diren bitartean, ezin izanen dugu aurrera egin".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!