Luzaroan eskatuz aritu ostean, euskarazko udal haur eskola izango du Iruñeko Arrotxapea auzoak hurrengo ikasturtetik aurrera. Gabezia hori gertutik ezagutu du Aitziber Zarok (Iruñea, 1976), baita orain arteko borroka ere. Pozik dagoela dio, baina sentipen gazi-gozoa du, hala ere, Iruñeko Udalak Arrotxapean euskarazko haur eskola jarri baina Txantrean zegoen bat kendu duelako.
Zein izan da zure esperientzia?
Semea oraindik ez dugu haur eskolara eraman behar izan, nik lan utzialdia luzatu, eta berarekin izan naizelako. Edonola, egia da auzoan euskarazko haur eskolarik ez izateak atzera eragin digula. Kezka handia izan dugu, ikusten genuelako haurrak euskaraz zentro publiko batean ikas zezan derrigortuak ginela Txantreara eramatera, eta Txantrean zortea izanez gero bakarrik hartuko zutela. Iruñean mila inguru dira haur eskoletan eskaintzen diren tokiak, eta berrehun bat baino ez dira euskarazkoak. Beraz, hori dela eta, kezka eta amorrua sentitu dugu. Auzoan bizi gara, euskaraz bizi nahi dugu, haurraren irakaskuntza euskaraz izatea gustatuko litzaiguke 0tik 18 urtera bitartean... eta bat-batean sekulako arazoarekin egin dugu topo. Hasieran ez dago haur eskolarik euskaraz, gero eskolan haur hezkuntza eta lehen hezkuntza bermatua dugu, baina gero, berriro ere, euskarazko instituturik ez dugu auzoan. Beraz, euskaraz bizitzea ezinezkoa zaigu.
Egoeraren aurrean, beste hainbat gurasorekin batu eta borroka abiatzea erabaki zenuten.
Iaz hasi ginen kontu honen inguruan biltzen, auzoan haur eskola euskaldun bat izateko behar horretatik abiatuta. Aurrekariak ere bagenituen: 2000. urte inguruan auzoan ere mugitu zen kontua, baina gero eten egin zen. Beraz, horri berriro heldu genion. Iruñeko Udaleko oposizioko taldeekin ere bildu gara, eta baita Fermin Alonso haur eskoletako arduradunarekin ere .
Azkenean, Arrotxapean euskarazko haur eskola izatea erabaki du udalak. Nola jaso duzue albistea?
Poz handia dugu, auzoari dagokionez. Uste dugu auzoak behar zuela, eta gure haurren euskarazko irakaskuntza bermatzen duela honek. Era berean, orain orekatuagoa ikusten dugu egoera. Lehen, euskarazko bi haur eskola bakarrak Txantrean zeuden, eta orain bat beste auzo batean egoteak eskaintza orekatu du.
Zein da Arrotxapeko gurasoen eskaera?
Iaz euskalgintzak nolabaiteko neurketa egin zuen, eta Iruñean 466 eskaera bildu zituen. Horietatik 83 ziren gure auzokoak. Beraz, argi dago haur eskola bat betetzeko adina eskaera badagoela. Alde horretatik oso pozik gaude. Baina...
Baina Txantrean zegoen euskarazko haur eskoletako bat kendu dute, trukean.
Argazki orokorra argia da: Arrotxapean euskarazko haur eskola bat irekitzea lortu da, baina ez da hutsetik ireki den haur eskola bat. Eredu aldaketa bat egin dute: Txantreako euskarazko zentro bat auzora ekarri, eta auzoko erdaldun bat Txantreara pasatu. Halako trukaketa bat egin dute. Horrek esan nahi du benetan euskarazko toki gehiago ez dutela eskainiko. Hau da, orain arte berrehun bat toki eskaintzen zituzten , aurten ere berrehun eskainiko dituzte. Beraz, Iruñerriari begira, euskarari dagokion panorama ez da askorik aldatu. Aldaketa bakarra kokagunea da, eta oreka pixka bat dakarrela, baina, bestela, berdin-berdin mantenduko da matrikula kopurua.
Sentsazioa ez da, beraz, poz erabatekoa.
Sentsazio gazi-gozoa dugu, kontua ez delako han bat kendu hemen beste bat jartzeko, baizik eta haur eskola berriak sortzea. Gainerako auzoetan ez dago euskarazko haur eskolarik. Beraz, hau borrokaren hasiera besterik ez da izan. Auzo bakoitzak euskarazko haur eskola izan dezan borrokatu behar dugu. Baita tarifa izugarri horiek ere jaits daitezen, ratioak ez ditzaten gehiago igo, murrizketarik ez dadin egon...Oso luzea izango da borroka.
Udalaren erabakiak, orduan, konpontzen al du egoera?
Ez; inondik inora ere ez. Euskararen eremuak borroka pila dauka, hor dugu institutuaren kontua [Arrotxapean ez dago euskarazko instituturik] edo beste hainbat borroka. Haur eskolaren kontua euskararen borrokan gauza txiki bat da, baina badira beste gauza batzuk ere bai. Borroka, beraz, oso handia da, euskaraz bizi eta gure haurrak euskaraz hezi nahi baditugu.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.