Esne saltzailearen kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 13a, 01:00

Mendiaundiko harrobian, Aurizberrin, minerala ustiatzeko asmoan tinko dirau Silice Navarra enpresak. 2007an, antzeko proiektu bat atzera bota zuen Nafarroako Gobernuak, Aldude Mendiko Babes Bereziko Eremuaren kontra egiten zuelakoan —horren barruan dago Mendiaundi mendia—. 2013an, ordea, lehen zundaketak egiteko baimena eman zion administrazioak enpresari. Aurizberriko Kontzejuak eta Erroibarko Udalek, bide beretik, enpresak aurkeztutako egitasmoa onartu zuten.

Orduko plan horrek, edonola, Aurizberriko industrialdea garatzeko asmoa biltzen zuen, harrobiaren planta osagarriak han kokatuz. Orain aurkeztutako proiektu berrian, ordea, industrialdetik harrobiaren albora mugitu dituzte aurreikusitako azpiegitura gehienak, Mendiaundira bertara. Urtarrila bukaeran argitaratu zuten egitasmoa, eta martxoaren 4ra bitartean egonen da zabalik helegiteak aurkezteko epea.

Eginkizun horretan ari da, buru-belarri, Mendiaundi Bizirik taldea. Aldude Mendia Koordinakundeko kide da taldea, Zilbeti Bizirik taldearekin batera. Bi lekuetan, Aurizberrin zein Zilbetin, eta mendi beraren bi aldeetan egin nahi dituzte harrobiak —Magna enpresa dago Zilbetiko proiektuaren atzean—. Ondorioz, indarrak batu dituzte herritarrek, eta Seo/Birdlife talde ekologistaren laguntza ere jaso dute.

Mendiaundi Bizirik taldeko kidea da Jokin Martinez. Aspalditik ari da mendia zulatu nahi duen proiektuaren aurka borrokan. Ingurua Babes Bereziko Eremua izateak eta Europako Natura 2000 Sarearen parte izateak ematen die konfiantza. Harrobiaren eremuan, gainera, lehentasunezko habitatak daude. Bide hori ibili nahi dute, arlo juridikoan. Eta Iruñeko kabinete batekin hasi dira lanean, "inguruko erakunde publikoekin ez baitago zer eginik".

Proiektua irakurrita, Silice Navarra enpresak proposatzen duena "esne saltzailearen ipuina" dela uste du Martinezek; "gezur hutsa", alegia. Enpresak 90 lanpostu sortuko dituela iragarri du, harrobiko zein alboko instalazioetan. Baina 10 izango direla uste du Martinezek: "Ezaugarri hauek dituzten beste harrobietan pertsona bat edo bi izaten dira kamioia mineralarekin kargatzen". Lana sortzekotan, gainera, ez du uste inguruko pertsonentzat izango direnik lanpostuak. Besteak beste, Silice Navarrak logistika eta garraio enpresa batekin akordioa sinatua duela dio proiektuak, eta, beraz, "esaten duten 25 edo 30 kamioilari horiek, izatekotan, kanpotik etorriko dira". Gainera, enpresak harrobiak ditu beste hainbat lekutan ere, Aberinen kasurako. Hori dela eta, lana "hango langileentzat" izango dela uste du Martinezek. Eta harrobiaren lantegi osagarrietan ere, enpresak dioen baino lanpostu gutxiago sortuko direla uste du: "Proiektuaren arabera, berotegietan 35 edo 40 langile beharko dira. Ez diotena, baina, langile horiek urtean hilabete batean baino ez dutela lan egingo".

Izan ere, informazio falta dagoela uste du Martinezek:"Ez baduzu proiektua irakurtzen, ez zara ezertaz jabetuko". Hain zuzen ere, orain arteko bidea "iluna, opakua" izan dela uste du Mendiaundi Bizirik taldeko kideak. "Gardentasun falta ikaragarria" izan dela dio, eta horren oinarrian dago, haren ustez, proiektuarekiko herritarrek iritzi desberdinak izatea. Herrietan gaiaz ez dela "gehiegi" hitz egiten dio, "herri txikiak direlako, eta harremanak oso gertukoak". Baina, halere, aldaketa ikusi du Martinezek azkenaldian, eta "hasieran proiektuaren alde zegoen jendea galderak egiten hasi" dela dio. Izan ere, haren hitzetan, "jendea konturatzen hasi da planteatzen dutena kimera hutsa dela".

Interesak eta alternatibak

2013an hasi zen Silice Navarra enpresa Mendiaundin zundaketak egiten. Inguruko herritarrek orduan salatu zuten aurkeztutako helegiteak ebatzi aurretik hasi zirela lanak. Ordutik, hiru zulo egin dituzte, berez hamar egin behar zituzten arren. Martinezek dioenez, hain zuzen ere, "zerbait egiten dutenaren planta egin" baitute. Arrazoia da, haren ustez, enpresari "gastu handiegia"dakarkiola eskatutako zundaketak behar bezala egitea. Hala, minerala gaur egun lehendik badagoen harrobi txikitik ustiatzen hasi nahi dutela uste du Martinezek. Eta orain arte egindako zuloak "justu harrobiaren gainean egin dituzte". Enpresari handien "interesak" ikusten ditu atzean Martinezek, eta asaldatuta ageri da, zundaketak egitean "arau guztiak apurtu" dituztelakoan: "Harrigarria da jende honek Nafarroako Gobernuan duen indarra, halako gauzak baimentzeko".

Langabezia eta despopulazioak gogor jotako ingurua da Erroibar, Nafarroako Pirinio osoa bezalaxe. Hala, inguruko herritar asko erakarri ditu meatzearen proiektuak iragarritako lanpostu kopuruak. Lehentasunezko auzia da lanarena Mendiaundi Bizirik taldearentzat ere, baina beste bide batzuk jorratu beharra defenditzen dute. Martinezek dioenez, "turismoari lotutako marka berdea, ingurumena, da etorkizunik handiena duena". Bide horretatik, bi ibilbide turistiko aurkeztu zituen Aurizberriko Kontzejuak orain gutxi. Horietako bat, ordea, "meatzearen ondorioz erabat baliogabetua" geratuko dela dio Martinezek, eta "kaltetua" bestea. Harrobiak, gainera, Donejakue bidea "zeharkatuko" lukeela uste du Martinezek. Extremaduran (Espainia) izandako azken adibidea aipatzen du: atzera bota dute autobide bat egiteko egitasmoa, Donejakue bidea oztopatzen zuelako. Horregatik "jurisprudentzia" dagoela uste du Martinezek, baina, hark dioenez, "hori hemen ez da kontua hartzen".

Harrobiaren proiektuari ez esatearekin batera, beraz, bestelako egitasmoak bultzatu nahi dituzte Mendiaundi Bizirik taldekoek. Azkenaldian, interesez hartu dituzte Iturissako hiri erromatarraren aztarnak azaleratzeko lanak: "Adituek esan digute: 'Ez dakizue zer duzuen hemen'. Ikaragarrizko potentziala du aztarnategiak, ez soilik hemengo langabezia, baita Zaraitzu, Erronkari eta Pirinio osokoa konpontzeko".

Halako proiektuen alde egin nahi du Martinezek, eta "ez zuloak egin Mendiaundin, mundu guztiak gustuko duen mendian". Horregatik, lanean jarraituko dute egitasmoaren kontra. "Ziur" daude geldituko dutela. Eta informatzen jarraitzea da gakoa, Martinezen ustez: "Informazioa dagoen momentuan, proiektu hau erori egingo da".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!