Lanetik atera zen. Arratsaldeko bostak jo berriak ziren. Ez zen oso berandu, bazuen oraindik Golemeko arratsaldeko saioetara ailegatzeko denbora. Zineak lagunduko zion laneko kezketatik ihes egiten. Gainera, BERRIAk oparitutako 2=1 sarrera aprobetxa zezakeen. Bost eta erdietan ikusgai zeuden bi filmen artean, Siempre Alice aukeratu zuen. Bazekien alzheimerraren inguruko filma zela, eta emakumezko protagonista Julianne Moore aurtengo Oscar sarietarako izendatua zela, besterik ez. Pase pribatua izan bailitzan, soilik lau lagun baitzeuden aretoan, isiltasun osoan, argiak itzali ziren eta, ohi bezala, zinemaren magiak besarkatu zuen eserlekuan.
Alzheimerrak 50 urteko Columbia unibertsitateko irakaslea memoriaren deserrira eramango du bidaia azkar bezain latzean. Kontakizunaren une batean, protagonistak xanpu-pote bat atera zuen hozkailutik, eta beste batean, mugikorra bilatzen ari zela desesperazioak jota, sukaldeko tiradera batetik bi patata atera zituen Alicek labana eta sardexkekin batera.
Bi irudi horiek hunkitu eta ilunpeko aulkian deseroso mugiarazi zuten. Gogorarazi zioten duela ia lau urte BERRIAko iritzi-sailean argitaratu zioten Zenbat tokitan gorde daiteke limoi erdi bat? eskutitza. Testu labur hartan, arratsalde oso batez bilatutako zapata bat ("begira, arrandegitik ekarri berria den legatzaren antzera") izan zen hozkailuan aurkitu zena, eta bi patataren ordez, limoi erdi lizun bat gorderik arropa-tiradera batean. Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberri arrakastatsuan, Lucasek hilik zegoen bere emazteari gaztetako "txokolatezko segundoa izan zen hura" errepikatzen zion etengabe. Anjel Lertxundiren Etxeko hautsa nobelako protagonistari, bere aitaren gaixotasuna zela-eta, neurologoak azaldu zion "gaitzaz ez dakigu zuk dakizun baino askoz ere gehiago, horixe da drama".
Halere, baloratu egiten zituen alzheimerrera hurbildu eta gizartea sentsibilizatzea ahalbidetzen dituzten fikziozko ahaleginak, Alicek edo Lucasek gorpuztuak, batak zein besteak lagunduko baitute benetakoak diren, besteak beste, Altsasuko Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan bizi diren errealitateetara. Izan ere, Felipe Lezea zenak fundazioa sortu zuenetik, klinika Nafarroako gizarte eta sistemari lotua egon zedin nahi izan zuen beti. Ordea, egitasmo horren 22 urteko ibilbidea ez da xamurra izan. Ondo gogoan zeuzkan, adibidez, Nafar Gobernuaren diru-laguntzen murrizketak zirela-eta 2011n klinikako langile eta nafar askok egindako protestak; eta otsailaren 25ean bi urte ofizial beteko dituen Josefina Arregi Klinikaren Lagunak Elkartea ere. Enrique Villarreal elkartekidearen Cordones de mimbre bideokliparen doinu eta irudiak etorri zaizkio orain burura: "… zure hitzen dei isila, ez dakit noraino ulertzen dudan isiltasun hau…". "Eta nork ulertzen du, Villarreal?", galdetu nahiko ziokeen El Drogasi.
Jakin du berritu berri dela hitzarmena Nafar Gobernuarekin: 21 ohe ziurtatzen dituela; ez, ordea, eguneko zentroa. Ziordi-Irurtzun arteko gaixoak eta familia artekoak artatzen dituen zentroak 25 plazatik 16ra jaitsi behar izan dituela, eta ezin, gainera, astelehenetik ostiralera zaindu. Ez dutela nahiko dirurik, eta ez dakitela gero eta handiagoa egiten ari den zuloari noiz arte eutsi ahalko dioten. Alabaina, 420 bazkideen indarra ez dela nahikoa ardura ofiziala dutenei presioa egiteko.
Ongi etorriak izan daitezen fikziozko istorio hauek, pentsatzen jarraitzen du zinema aretotik atera eta ipar haizetik babesteko artilezko txanoa janzten duen bitartean, apika inor gehiago sentsibilizatzeko balio dezaketelako; agian, inork gehiagok arropa-tiraderetan limoirik edo patatarik aurkitzerakoan hobeki ulertarazteko balio dezaketelako. Bazkide gehiago lortuko ahal dute Josefina Arregi Klinikaren Lagunek!
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.