Ahal Dugu, ahalduntzeko azken txanpan

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 13a, 01:00

Gaur dute azken eguna. Amaitzear da Podemos-Ahal Dugu alderdiaren Nafarroako Idazkaritza Nagusia aukeratzeko prozesua, eta gaur 23:59an itxiko dira hautetsontziak. Hiru hautagaitza izan dira lehian, eta hasiera batean haien arteko ezberdintasunek azalekoak ziruditen arren, kanpainak aurrera egin ahala, arrakala sakonak azaleratu dira. Bihar jakinen da zein diren irabazleak.

Joan Josep Bosch, Laura Perez eta Sandra Gonzalez dira Nafarroan Ahal Dugu-ren Idazkaritza Nagusia osatzeko aurkeztu diren hautagaitzen buruak. Guztiek diote gaur egungo sistema aldatu egin behar dela, eta herritarrei boterea eman behar zaiela. Espainian "prozesu eratzaile bat" egitearen alde dira hirurak ala hirurak. Arreta gunea Nafarroan jarrita, ordea, ikuspuntu erabat kontrajarriak dituzte; batez ere, hauteskundeen ondotik oposizioko alderdi batzuekin edo besteekin sinatu beharreko itunei dagokienez.

EH Bildurekin balizko gobernu akordio bat sinatu ala ez. Hori izan da azken asteotako kanpainaren ardatzetako bat. Nafarroa Aldatu Ahal Dugu plataformako buru Laura Perez Ruano da argi eta garbi hitz egin duen bakarra: "Aldaketaren giltza Bilduren eskuetan balego, jendeak ordezkaritza hori eman diolako, Ahal Dugu-k ezingo lioke entzungor egin herritarren borondateari".

Sandra Gonzalezek, berriz, behin baino gehiagotan adierazi du ez duela beste ezein alderdirekin itunik sinatu nahi, eta hauteskundeen emaitzek horretara behartuko balute, programaren gainean eraiki beharko liratekeela balizko akordioak.

Joan Josep Boschek ez du zehaztu nahi izan nor izan daitekeen Ahal Dugu-ren bidelagun, hauteskundeen ondotik. Argi utzi nahi izan du, ordea, bozetara Podemos markarekin aurkeztuz gero Madrilgo zuzendaritzak atzera bota ditzakeela Nafarroan sinatutako itunak.

Hala ere, hitzarmenena ez da izan hiru hautagaien arteko eztabaidagai bakarra. Nafarroako foruak, parte hartzea, itun fiskala eta euskararekiko politika ere mahai gainean jarri dituzte azken asteotan.

Zenbait alorretan —eredu sozial, ekonomiko eta politikoak hautatzeko garaian kasurako— nafarren erabakitzeko ahalmena aldarrikatu du Boschek. Beste bi hautagaiek, ordea, Madrilen esanetara egotea leporatu diote. Hain zuzen, Podemoseko Idazkaritza Politikoko arduradun Iñigo Errejon Iruñean izan zen iragan asteburuan, Boschen zerrenda babesten.

Hizkuntza politikari dagokionez, Nafarroan euskara "garatzeko" eskubidearen alde agertu da Boschen hautagaitza, baina, hortaz harago, ez du zehaztasunik eman. Laura Perez, berriz, euskararen normalizazioan "urrats sendoak" ematearen alde agertu da. Sandra Gonzalezek, azkenik, ez du horri buruzko aipamen zehatzik egin, baina bere hautagaitzaren afixa batean, "jotak kantatzearekin" parekatzen zen euskararen ikasketa eta erabilera, "lehentasunak" beste batzuk direla adierazteko.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!