“UPNk beso armatu gisa erabili du CAN”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 6a, 01:00

Jakintza entziklopedikoa du Manuel Lopez Merinok (Caparroso, 1944) ekonomia eta finantza gaietan. Iruñeko Udal Aurrezki Kutxako zuzendaria eta, 2001era arte, CANeko zuzendari nagusi albokoa izan zen; beraz, gertutik ezagutu ditu kutxaren barruan gertatutakoak. Haren aburuz, asko dira finantza entitatea galbidera eraman zuten faktoreak, baina guztiek dute jatorri bera: botere politikoaren esku sartzea. "UPNren eta PSNren kontrol hori izanen da, hain zuzen, parlamentuko ikerketa batzordea baldintzatuko duena".

CAN auziari buruzko ikerketa batzordea lanean hasi da legebiltzarrean. Albiste ona?

Bai, baina ikusi beharko da zer ematen duen. Oraingoz, antzeman daitekeen jokoa erabat iluna da, eta bereziki susmagarria da PSNren iritzi aldaketa, hauteskundeetarako lau hilabete falta direnean. Gogoratu behar dugu, halaber, Sergio Sayas [UPN] batzordeko presidente dela PSNren abstentzioari esker. Eta presidentearen rola oso garrantzitsua da: aukera handiak ditu batzordearen lana baldintzatzeko, denborak neurtzeko, baimenak emateko edo ukatzeko... Finean, CAN auzia ikertu nahi ez zuten horiexek lortu dute batzordearen gaineko kontrola.

UPNren eta PSNren artean itzalpeko tratu bat egon dela esan nahi duzu?

Esanen nukeena zera da, alderdiek hitzartu egin dituztela batzordean egin beharreko galderak; kromoak balira bezala banatu dituztela, bi indarren arteko bertsioak bateragarriak izan daitezen. Ikertuak izanen diren politikarien luzimendurako prestatu dituzte interbentzioak. Ez dut uste sakoneko galderak eginen dituztenik. Azalean geldituko dira, orokorkeriatan, arazoaren muina ukitu gabe.

Yolanda Barcinak askotan esan du ez duela ikerketa batzordeetan sinesten, eta epaileak direla CAN auzia ikertzeko zilegitasuna duten bakarrak...

Bai, Auzitegi Goreneko epaileek esana dutelako haiek ez dituztela "bidegabekeria moralak" epaitzen, delituak baizik. Hori ere esan egin behar da gero, e! Dena den, politikariak ezin dira horretara mugatu. Legalitatearen gainetik, politikari batek lehentasuna eman behar die moraltasunari, etikari, gizatasunari eta zintzotasunari. Ezin du esan "legerik urratu ez dugunez, ongi egina dago". Izugarrizko triskantzak egin dira XX. eta XXI. mendeetan, legea zintzo demonio beteta. Finean, legalitatea noiz-nolakoa da, unearen nahiz testuinguruaren araberakoa, eta moldagarria. Etika ez.

Sanzek, Barcinak, Maiak eta Jimenezek jaso zituzten dietak ere legezkoak omen ziren.

Eta, aldi berean, moralgabekeria hutsa. 30 minutu irauten zuten bileretan parte hartzearen truke, 6.000 euroren dietak jasotzen zituzten gure ordezkari politikoek: erantzukizunik gabe, erabakitzeko ahalmenik gabe, aurretiazko ikerketarik gabe, emaitzak aurkezteko beharrik gabe... Bilera bat bukatu eta ordu erdira, beste bat egiten zuten, gai ordena errepikatuta. Eta bi aldiz kobratuta, noski. Ezer ez egiteagatik dirua jasotzea legezkoa izan liteke; baina zuzena, behintzat, ez da.

Hori guztia ulertzeko, dena den, atzera egin behar da, CANen sorreraraino; hau da, Nafarroako Aurrezki Kutxaren eta Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren arteko bat egitea gauzatu zen uneraino. Nolakoa izan zen prozesu hori?

1998ko martxoaren 28an, nirekin batzartu ziren UPNko hiru ordezkari —Miguel Sanz, Francisco Iribarren eta Javier Taberna—, Las Pocholas jatetxean, kutxen arteko fusioaz hitz egiteko. Nik hasiera-hasieratik esan nien ez nuela aukera hori begi onez ikusten, ezegonkortasuna eraginen zuelako, eta bi kutxen arteko desoreka nabaria zelako. Balizko abantailak baino ugariagoak ziren fusioak sortzen zituen zalantzak. Baina UPN tematuta zegoen gai horrekin. Dena den, ez zuten gehiengo parlamentariorik, eta, beraz, itxoiteko aholkatu nien. "Egin ezazue bideragarritasun azterketa bat, negoziatu eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin, eta proiektua erabat sendoa denean, helduiozue berriz gaiari", esan nien. Arrisku handia zegoen kutxaren jarduna interes politikoekin nahasteko, eta hori zen nik saihestu nahi nuena, kosta ahala kosta.

Ez zizuten jaramonik egin, ezta?

Ezta hurrik ere. Ordurako, UPNk bazekien nor izanen zen kutxa berriaren zuzendaria: Enrique Goñi. Fusioaren inguruan nituen kezkak eta zalantzak mahai gainean jarri nituenean, zera erantzun zidaten: "Zeuk ikusi. Operazioa ezin badugu orain egin, hauteskundeak pasa arte itxoingo dugu, eta, gehiengoa izanen dugunez, Quico Goñi jarriko dugu".

Ez dirudi oso normala...

Ez baita batere normala! Edozein proiekturi heltzean, helburuak zeintzuk diren definitu behar da lehenbizi; gero, estrategia bat zehaztu; horren ostean, taktikak aukeratu; eta prozesuaren azken fasean, postu bakoitzerako pertsona egokienak hautatu behar dira. Hauek kontrakoa egin zuten: zuzendariaren izena esan.

Zergatik? Zer zuen Enrique Goñik, hain preziatua izateko?

Posizio joko bat zen hura. UPNk bere jendea nahi zuen CANen buruzagitzan, kontrola bermatze aldera. Izan ere, Nafarroako botere politikoa edukita botere ekonomikoa ere atxikitzen baduzu, garaiezina izanen zara, factotuma. Nahi duzuna egin ahal izanen duzu. Eta hori da, gutxi gorabehera, orain arte egin dutena. Inork ezin izan die mugarik jarri. Zergatik? Botere politikoak zehaztutako bide orria betearazteko erabili izan dutelako botere ekonomikoa. CAN izan da UPNren botere politikoaren beso armatua.

Nola?

Klientelismoa, berriz ere. Bezero sare itzela sortu da Nafarroako Kutxaren inguruan azken urteotan, helburu politiko jakin batzuekin. Baina askotan, helburu politikoak eta helburu ekonomikoak ez dira bateragarriak. Alderdi politiko batentzat ona denak ez du zertan ona izan herrialdearen ekonomiarentzat. Amuarrain baten eta tximino baten arteko hibrido bat sortzea bezalakoa da: nahi adina saia zaitezke, baina ez duzu lortuko aberrazio horrek irautea.

UPNk izendatu zuenetik, Enrique Goñi izan da CANeko zuzendaria. Hura da gertatutakoaren erantzule nagusia?

Erantzuleetako bat da, baina, niretzat, benetako erantzule nagusia Miguel Sanz izan zen. Horren azpitik zegoen CANen administrazio kontseilua, eta batzorde horretako kideak izendatzerakoan, izugarrizko pisua izan zuen gobernuak. Ahaleginak eta bi egin zituzten, haien ildokoak bakarrik eser zitezen CANen administrazio kontseiluan. Jakina, zuzendari nagusiaren eginkizuna ezin da gutxietsi, baina nola izendatu zuten Goñi? Barne deialdi bat eginda? Hautaketa prozesu bat abiatuta? Egunkarian iragarki bat jarrita? Ez. Miguel Sanzek izendatu zuen, eta kito.

Enrique Goñiren agintaldian sustatu zen CANen hedatze politika ikusgarria. Zer-nolako eragina izan zuen horrek entitatearen gainbeheran?

Kutxaren desagerpenak arrazoi ugari izan zituen, guztiak ala guztiak konkomitanteak eta sorburu bera dutenak: profesionaltasun falta izugarri bat. Horietako bat izan zen hedatze politika. Demagun supermerkatu bat zabaldu nahi duzula. Azterketa sakon bat egin beharko duzu: daukazun merkatu kuota, inguruan konpetentziarik duzun ala ez, merkataritza edo industria gune bat den, auzoan jende asko edo gutxi bizi den, zenbat urte beharko dituzun inbertsioa berreskuratzeko... Bada, oinarri-oinarrizkoa dirudien hori ez zitzaien kutxako arduradunei bururatu, antza. Bestela, ezin uler daiteke CANek zabaltze prozesua abiatu izana non eta tokirik desegokienean: Euskal Autonomia Erkidegoan.

Zergatik zen hori desegokiena?

Han CANek ez zuelako bulego bakar bat ere, lehia handiko merkatua zelako eta bezero potentzialek fideltasun handia zietelako bi finantza erakunde nagusiei —Kutxabank eta Laboral Kutxa—. Oro har, porrot egiteko aukerak oso handiak ziren. Baina helburu politikoak lehenetsi ziren orduan ere. Konpetentzia zuzenaren bidea hartu zuen CANen zuzendaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxekin fusio hitzarmen bat sinatu beharrean.

BBK, Vital eta Kutxarekin ez, baina Caja Burgosekin, Caja Canariasekin eta Caja Solekin elkartzea eta Banca Civica sortzea begi onez ikusi zuen kontseiluak. Ideia ona izan al zen?

Penagarria. Banca Civicaren barruan, daturik onenak zituen entitatea CAN zen, alde handiarekin gainera. Hotzeria sendatzeko malaria duen gaixo baten ohean sartzea izan zen hori. Lasterketa batean parte hartzea, herren baten hankari lotuta. Finean, CANen arduradunen helburu bakarra zen BBK, Vital eta Kutxarekin ez elkartzea. Bizkarra eman zieten logikari eta datuei.

Zeintzuk izanen ziratekeen Hego Euskal Herriko kutxen arteko fusioaren abantailak?

Asko: bulegoen dualtasuna saihestea, merkatuaren osagarritasun handia, arriskuaren sakabanaketa eta bezeroak erakartzeko ahalmen handiagoa. Horrekin ez dut esan nahi Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxekin elkartzea irtenbide bakarra zenik. Ibercajak, beste adibide bat ematearren, garapen handia zuen Nafarroatik gertu, eta baita Madrilgo industrialdean ere. Zer esan nahi dut horrekin guztiarekin? Bada, CANen hedatzea planteatu zenean, ez zela merkatuaren ikerketa serio bat egin. Tesi politiko jakin batzuk lehenetsi ziren. Eta hori zure diruarekin egiten baduzu, tira, baina besteon aurrezkiekin ezin zara horrela jolastu.

Filosofia horrekin zabaldu zen Washingtongo bulegoa ere, ezta?

Bai, bai. Eskandalu bat izan zen hura. Edozein enpresa pribatutan gertatu izan balitz, administrazio kontseilu osoa haizea hartzera bidaliko zuketen. Batez ere, jakinda Espainiako Bankuaren ohartarazpen bat zeukatela. Agiri horretan, argi eta garbi esaten zen CANek ez zuela AEBetako Erreserba Federalaren baimenik negozioa egiteko. Beraz, ezin zuen transferentziarik egin, krediturik baimendu ezta finantza operazio txikiena egin ere. Ordezkaritza bulego soil bat zen, ez sukurtsal bat. Zabaldu eta bi urtera, 1,5 milioi euroren galerak zituen bulego horrek. Baina nola da posible hori? Nola egon liteke administrazio kontseilua horren lasai, aldez aurretik iragarritako porrot baten aurrean?

Hori ez zen gaizki ateratako operazio bakarra izan, ezta?

Ez. Hungariako finantza kooperatiba baten %30 erostea ere antzeko ateraldia izan zen, adibide bat ematearren. Eta horren ardura administrazio kontseilu ez-profesional batena da, goitik behera politizatuta baitzegoen. Finean, nagusiak jartzen zuen aurpegiari begira egoten ziren kontseilari guztiak, "bai, bai" edo "ez, ez" esateko. Iritzi kontrajarririk edo kritikarik ez zen onartzen.

Eta, hala ere, kudeaketa "bikaina" izan dela dio Goñik...

Bada, kudeaketa "bikain" horri esker, 1.300 bat milioi euroko balio patrimoniala zuen erakunde bat oparitu egin dute ia, Caixabanken akzioen %1en truke. Hau da, 157 milioi eurotan balioztatutako akzioak eman dizkiete, hamar aldiz gehiago balio zuen kutxaren truke. Sekulako mauka, Caixabankeko jabeentzat! Non zegoen Nafarroako Gobernua, absorzio hori fiskalizatzeko? Non, nafarron interesak zaintzeko?

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!