“Ezagutzen ez dugun zinema da bilatzen eta defenditzen duguna”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko ots. 6a, 01:00

"Erantzun gabeko galderak egiten dituzten lanak" ditu gustuko Oskar Alegriak ( Iruñea, 1973), eta horiek dira Ikuspuntu jaialdiak jendaurrera ekarriko dituenak. Otsailaren 10etik 15era, Iruñeko Baluarten, "zinema ofizialaren eta marjinalaren erdibidean dagoen izenik gabeko zinema" pantailaratuko du jaialdiak. Eta lehen aldiz zuzenduko du Alegriak.

Zuzendari izatea zer da, ardura ala plazera?

Biak. Sisiforen lana izaten ari da hau, batik bat azken egunotan. Alimaleko harria goititzen duzu gailurrera, hala nola katalogoa bukatzen, programa guziak ixten, epaimahaia osatzen... Eta den-dena egina dagoela pentsatzen duzunean, segituan harria berriz beheratzen da, eta berriz hutsetik hasi behar bertze aferekin: amaitzeko galaren gidoia idatzi, gonbidatuen zerrenda egin... Baina ez naiz kexatzen, lan sobera polita baita. Ardura eta plazera da.

Irlak dira gai zentrala. Zergatik?

Askotarikoak dira arrapostuak. Aurrena, festibala bera irla bat dela erran genezake; nazioarteko festibalen panorama artean, bere lurralde independentea urtez urte bereganatu egin du, kostaldetik urrun, eta bere bandera eta —zilegi bekit atrebentzia— bere fauna propioa ere badituelako. Bigarrenik, aurtengo aldian Orkada irletan sortutako Margaret Tait zinemagile eskoziarrari atzera begirako bat eskainiko diogu, eta horren magalean programa berezi bat antolatu dugu irla kontzeptuaren gainean. Irla da bizitzaren antzerkia oholtzarazten den esparrurik behinena. Bretainiako Sein irlak, errateko, Jean Epsteinen pelikulan ikusten den bezala, 200 biztanle ditu, eta hiru hilerri. Ziur nago guk ez dakigun zerbait badakitela hango bizilagunek. Baina, arrazoiekin bukatzeko, Mallory zortzimilako eskalatzaileak Everestera zergatik igo? galderari eman zion arrapostu bera nahiko nuke erabili. Zergatik irlak? Bada, sinpleki, hor daudelako.

Zine dokumentala ere irla bat al da fikzioaren ozeanoan?

Bai, eta, gainerat, hastapenetik izan da horrela. Hartzen baditugu aipatutako Epsteinen Bretainiako dokumentalak edo Robert Flahertyrenak —dokumentalaren aitatzat hartzen dena—, beti uraren inguratuta dauden presunak hartzen dituzte ardatz. Nanook, Moana eta Aran irletako gizona, horren adibide dira. Fahertyren abantzu filmografia guzia isolatuak daudenei eskainita dago. Hortik aitzina, irlak izan dira dokumentalen gai nagusienetako bat: irlak paradisuak izan daitezke, artearen babesleku ere bai, baina baita infernuak eta presondegiak ere. Gure programak irlako bisai anitzeko isla izatea du helburu. Fikzioan, gehienbat irlak piratenak edo altxorrak gordetzeko lekuak baino ez dira izan.

Alde teknikotik, ia edonork egin dezake dokumental bat. Baina, era berean, ez da erraza anabasa horretan nabarmentzea...

Bai, gauza bat da ahalmena eta bertze bat jakimena. Zierto dakigu egungo egunean aurrerapenak zinemagile independenteen aldean ezarri direla, erran nahi dut aurrekontu txiki batekin pelikula bat osatzen eta pantailaratzen ahal dela. Baina horrek ez du bortxaz erran nahi emaitza beti edo derrigorrean ona denik. Egia da ideiak geroz eta gehiago dirutik urruntzen ari direla, eta hori nonbait txalotzekoa da. Ez dugu ahaztu behar talentu hitza, Grezia zaharrean, txanpon bat zela. Orain ez, eta, zorionez, talentua trebetasunaren marka da.

Ez-fikzioko zinema jasoko duzue, baina ez zarete horrekin asetzen. Errealitatea bera zalantzan jarri nahi duzue, eta, dirudienez, harago dagoena erakutsi.

Maiz esaten dut erantzun gabeko galderak dituzten lanak direla hautatzen eta aurkezten ditugunak. Ezohiko dokumentalak, ausartak eta gure barnean zerbait inarrosten digunak. Ez dira lan marjinalak izan behar, ezta oso esperimentalak edo muturreko abangoardistak ere. Roberto Bolañorekin bat nator, berak literaturan ikusten zuen hura zinemara ere eramaten ahal baita: zinema ofizialetik urrun egon behar da gure zinema, zinema marjinaletik bezain urrun. Hortxe, zinema ofizialaren eta marjinalaren erdibidean, izen gabeko zinema dago, eta hori da artoski bilatzen eta irmo defenditzen duguna: ezagutzen ez dugun zinema bat.

Ipar Euskal Herriari ere lekua eman diozue aurtengo edizioan.

Bai, eta gogotik, betidanik izan baitut buruan ziklo hori. Ikaragarria da, eta harrotzeko modukoa, Atlantiko eta Pirinio arteko euskal lurraldeetan pasatu diren zinemagileen zerrenda; konstelazio bat. Hastapenetik bisitarien arrazoi ezberdinak kausitzen ahal ditugu. Guregana etorri izan dira Lumiere anaiak, Louis Delluc zinemagile inpresionista, Maurice Champreux kanpoan grabatutako lehendabiziko film soinuduna egin zuena, Orson Welles eta Otar Iosseliani maisu georgiarra. Chez les Basques, euskaldunen etxean deitutako zikloan, horiek denak izanen dira gure protagonistak. Bernardo Atxagarekin hasiko gara, eta berarekin izanen da Chris Wertenbaker, hau da, Orson Wellesen dokumentaletan agertzen den mutiko protagonista. New Yorketik etorriko da hitzaldi bat eta kontzertu bat ematera.

Ikuspuntu jaialdiak filmen erakustoki baino gehiago izan nahi du. Topalekua, hain zuzen ere. Nola lortzen da hori?

Jaialdi bat ez da bakarrik zinema aretoetan gertatzen, bertze giroak eta gaueko jaiak berotu eta antolatu behar dira. Eta biziki inportantea dela erranen nuke. Zuk aipatzen duzun bezala, topaketak egiteko, elkarrizketak posible egiteko… Eta ez naiz industriaz ari, baizik eta Edinburgoko programatzaile bat eta Zamudioko film laburren egile bat tabernako barra batean elkar aurkitzeko aukeraz, bere gauzez eztabaidatzeko eta menturaz haien interesak lotzeko. Erdi txantxetan erraten da jaialdi batean ligatzen ez bada ez dela jaialdi bat, eta nahiz eta gure Iruñean hori mirakulua izan, gure lana da ere aukera hori nolabait xaxatzea. Gizakiok ez baikara bakarrik zinemaz bizi, zorionez.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!