Baretzen hasia da Javier Esparza UPNko Nafarroako presidentetzarako hautagaiak hezkuntzako langileen artean sortutako lurrikara. Urtarrilaren 24ko ekitaldi publiko batean, hurrengo lau urteetan hezkuntza sistema publikoan 900 lanpostu eskaintzeko konpromisoa hartu zuen Esparzak, presidente izatea lortuko balu. Oposizioak interes elektoralistak antzeman zizkion UPNko hautagaiaren proposamenari, eta gogor jo zuen haren kontra. Gaur egun Esparza Nafarroako Gobernuko kide dela gogorarazi zuten legebiltzarkideek —Landa Garapenerako kontseilaria da—, eta, hortaz, haren gobernuak baduela eskumena lan eskaintza publikoa orain antolatzeko, bozen zain egon gabe. Mezu horrekin, mozioa onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, hilaren 27an.
Estualditik atera nahian, Nafarroako Gobernuak aurtengo ikasturtea amaitu aurretik deialdia egiteko aukera iradoki zuen, Esparzaren beraren ahotik: "Albiste onen bat izanen dugu legealdia amaitu aurretik". Adierazpenek urduritasuna sortu zuten behin-behineko irakasleen artean, ikasturtea amaitu aurretik oposizioak izateko aukera zela-eta kezkatuta. Eta zehaztapen falta ikusirik, Iñigo Huarte gobernuko Giza Baliabideen zuzendari nagusiaren bulegoan aurkeztea erabaki zuten sindikatuek. Orduan iritsi zen azalpena: ikasturtea amaitu aurretik onartuko du gobernuak LEPa, baina hurrengo ikasturtean izanen dira oposizio azterketak, 2015-2016koan. Barealdia iritsi da, ekaitzak eztanda egin eta astebetera. Baina kritikak ez dira desagertu.
Expe Iriarte LABeko ordezkariaren esanetan, Esparzaren jokabidea "lotsagarria eta eskandalagarria izan da, oso gai garrantzitsuarekin jolasean ibili delako". Helburu argi bat ikusten du UPN eta haren hautagaiaren mugimenduan: hezkuntza sisteman, "murrizketak eta murrizketak egin ostean galdutako botoak berreskuratzea". Alde horretatik, Barcinak UPNko zein Nafarroako presidentea den heinean bere hautagaia ez gaitzetsi izana salatu du Iriartek, eta presidenteak "ia-ia prebarikazioa" egin duela uste du, "gai publiko eta delikatu bat bere alderdiaren intereserako erabili duelako".
Antzeko iritzia du Amaia Zubieta Steilas sindikatuko kideak ere. Dioenez, ateraldi elektoralista izan da Esparzarena, "hezkuntzan ardura duela erakutsi nahian egindakoa". Gainera, Zubietaren ustez, argi geratu da kontseilari eta UPNko hautagaiak ez duela ezagutzen hezkuntza sistema. Are gehiago, urtarrilaren 24ko promes hura "mediatikoki" bota zuela uste du, "botatze hutsagatik". Eta hortik aurrera sortu da, Zubietaren hitzetan, "zurrunbiloa".
Iragarpena ezustean heldu zela nabarmendu dute sindikatuetako ordezkariek. Urtarrilaren 12an egindako hezkuntzako sektore mahaian, ohi bezala, oposizioak antolatzeko asmorik ba ote zuten galdetu zieten sindikatuek Hezkuntza Departamentuko ordezkariei. Ezetz erantzun zuten haiek, aurretik ere esana zuten modu bertsuan. Handik bi aste eskasera heldu zen Esparzaren iragarpena, irakasleen usteak aztoratuz.
Iragarpena "bonba bat" izan zen behin-behineko irakasleentzat, Zubietak dioenez. "Ehunka dei jaso genituen sindikatuan. Jendea urduri, batzuk negarrez...". Apenas gelditzen zen oposizioak prestatzeko denborarik. Aurreko deialdietan, ekainean egin izan dira azterketak, eta, sindikatuetako ordezkarien esanetan, otsailean egin ohi da deialdi ofiziala. Baina Zubietak dio beti izaten dela "aurretiko iragarpen bat". Alegia, ofizialki deitu aurretik ere, gauza jakina da oposizioak izanen direla. Eta, horregatik, Iriartek dioenez, "jendea, normalean, irailean hasten da ikasten". Ekainerako oposizioetara urtarrilean deitzeko aukerak erabat aldatu zituen, une batez, langileen aurreikuspenak.
Ekaitza, ordea, baretzen hasia da, eta argitu da LEPa onartu bai, baina azterketak ez direla aurten izango. Gobernuak aurreratu duenez —nahiz eta zehaztu ez—, 150 lanpostu inguru eskainiko ditu.
2011tik ez du lan eskaintza publikorik antolatu Nafarroako Gobernuak, sindikatu eta langileek behin eta berriro eskatu badiete ere. Orduko hartan, 132 irakasle lanpostu atera zituen gobernuak lehiaketara. Geroztik, gora egin du behin-behinean dauden langileen kopurua. Sindikatuen datuen arabera, irakasleen %20tik gorakoa da gaur egungo behin-behinekotasun tasa. Osotara, 1.300 eta 1.400 artean dira behin-behinean lanean ari diren hezitzaileak. Erretiroak, bestalde, 900 inguru izan dira azken lau urteetan. Eta sindikatuek salatu dutenez, gainera, "asko" dira azken legealdian galdutako lanpostuak.
Horren guztiaren ondorioz, 150 lanpostu "gutxi" direla uste du Iriartek, eta berdin uste du Esparzak lau urteetan eskaini nahi dituen 900 lanpostuei dagokienez ere. Berak bezala, Zubietak ere badaki %12 inguruko behin-behinekotasun tasa izatea normala dela, "ordezkapenak egin ahal izateko". Baina, hortik aurrera, gobernuak lanpostu gehiago eskaini beharko lituzkeela uste du; are gehiago, Espainiako Gobernuak betetze tasa egokitu duela kontuan harturik: orain arte, %10 zen tasa; hau da, erretiroen ondorioz hutsik geratutako lanpostuen ehuneko hori baino ezin zuen eskaini gobernuak. Orain, %50era igo da langa. Langile gehiago kontrata ditzake administrazioak.
"Aukera polita" ikusten du horretan Zubietak, kontratazio publikoak gora egin dezan. Bitartean, oposizioekin zer gertatu den oro har argitu izanak egoera "lasaitu" duela diote Zubietak eta Iriartek, baina argi ikusten dute Esparzaren interes elektoralista. Zurrunbiloa urrundu da, eta lausotu da ekaitza. Baina agerian geratu dira zurrunbilo horren atzean zeuden interesak.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.