“Oteizaren figura ez dator bat Opus Deiren museoarekin”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urt. 30a, 01:00

Kritiko mintzo da Iñaki Arzoz artista plastiko eta kultura kritikaria (Iruñea, 1966) Nafarroako Unibertsitateak zabaldu berri duen museoaren inguruan. Joan den ostegunean ireki zituen ateak Opus Deiren eraikinak, zalaparta mediatiko handiak lagunduta.

Bisitatu al duzu?

Ez, baina badut bisitatzeko asmoa, jakinaren gainean eman ahal izateko iritzia. Edo, behintzat, ezagutzen ez ditudan xehetasunak ezagutu ahal izateko.

Ikusi gabe ere, jakinarazi dituzte katalogoaren nondik norakoak. Zer balio artistiko du?

Museoaren jatorrian dagoen bilduma interesgarria da, baina baita nahiko apala ere. 50 lanetatik badira izen handiko batzuk, baina, egia esan, guztiak ez dira garrantzi handiko lanak.

Arduradunek nabarmendu dute museoak gizarte osoarentzat zabalik dituela ateak. Posible da hori erakunde pribatu batetik datorren egitasmoa izanda?

Hortik dator, hain zuzen ere, nik museoarekiko dudan ikuspegi kritikoa. Azpiegitura publikoak nahiago ditut, are gehiago Nafarroan, non artearentzako espazio asko behar ditugun, eta ez bakarrik museoak. Pena ematen dit azken urteetan arte garaikidearen inguruan egon den ekimen nabarmen bakarra instituzio pribatu baten eskutik etortzeak. Are gehiago Opus Deiren unibertsitateak duen joera erabat kontserbadorearekin.

Hori da bigarren berezitasuna: erakunde pribatua izateaz gain, erlijiosoa ere badela...

Unibertsitate horrek duen joera nabarmendu beharko genuke. Horrek, hain zuzen ere, zalantzan jartzen du museo honek zer lan eta erakusketa lerro jorratuko dituen. Arte garaikidearen arlo batzuetan ez du sartu nahi izango, eta, beraz, museo hau erakunde elbarria da arte garaikideak berarekiko izan ditzakeen itxaropenei dagokienez.

Jorge Oteiza izena jarri diote aretoetako bati. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Egia da Huarte familiak [museoaren oinarrian dagoen arte bilduma eman duena] mezenasgo lanak egin zituela, eta Oteiza izan zela hortik etekin atera zuen artistetako bat. Hori ukaezina da. Baina, pertsonalki, uste dut Oteizaren figura, askatasunaren eta sormenaren alde egindako lanarekin eta euskal kulturari emandako babes mailarekin, ez datorrela bat museo horrekin.

Finantzaketa publikorik gabeko museoa dela nabarmendu dute. Alegia, herritarroi ez digula kosturik ekarriko. Hala da?

Ikusteko dago hori. Nafarroako Unibertsitateko —eta, hortaz, museoko— lursailak Iruñeko Udalak emandakoak dira, eta horrek zalantzan jartzen du finantzaketa publikorik gabeko ekimena dela dioen teoria. Bestalde, ez dakigu museoak hemendik aurrera egingo dituen jarduerek finantzaketa publikoa izango ote duten. Ongi dakiguna da museoak etekina aterako diola onartu berri duten Mezenasgoaren Foru Legeari. Badago zeharkako lotura bat.

Oraingo museoaren oinarria izan den katalogoa, gainera, publikoa izan zitekeen. Nafarroako Gobernuak aukera izan zuen Huarte familiaren bilduma eskuratzeko.

Egia esanda, orduko hura pena handia izan zen. Ez dakit xehetasun handiz zer gertatu zen orduan, baina argi dagoena da gaizki atera zela, eta bilduma horrek bukatu duen tokian bukatu duela.

Hau ez bada, zein da Nafarroak behar duen museoa?

Paradoxikoa da egoera. Nire ustez, Nafarroak arte garaikidea jasoko duen museoa behar du, eta Nafarroako unibertsitateko museoak ez du funtzio hori betetzen. Nafarroako Museoaren handitzea aurreikusi zuten, baina krisiarekin, ezerezean geratu da hori. Irudipena dut oraingo instituzioek museo berri hau erabiliko dutela esateko ez dela behar beste mota bateko ekimenik. Alegia, beste norabidean doan edozein bultzada oztopatzeko. Edonola, zalantza dut museo handi bat, eraikin enblematiko gisara aurkeztuta eta Guggenheim efektuari jarraituz, behar dugun kultura azpiegitura ote den. Uste dut beharrizan larriagoak daudela, eta ohiko museo bat baino gehiago beste norabide batean doan espazio bat behar dugula.

Zer norabidetan?

Arte garaikidearen zentro bat behar dugu, erakusketentzako zati bat duena, baina baita arte laborategi gisa erabiliko den beste zati bat ere. Arte sektoreak berak eta kultura kolektiboek sortzen dituzten jarduerak jasoko dituena. Oro har, egungo azpiegitura handiek eskaintzen dutena baino espazio irekiagoa, demokratikoagoa eta esperimentalagoa.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!