Erlijioa kritikatzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urt. 30a, 01:00

Koranaren errezitatzea, 10:00etan. Ezagutzaren bilaketaren garrantzia, 11:00etan. Ondoren, hamaiketakoa. 12:00etan, Konfiantza Allah-rengan. Bukatutakoan, Salat dohr eguerdiko otoitza. Ondoren, bazkaria. Bazkaldu eta gero, Salat el asr arratsaldeko otoitza. 16:00etan, Hejira. 16:30ean, Musulmanaren portaera. Ondoren, Salat el maghrib eguzkiaren sarrerako otoitza. 18:00etan, tailerra.

Halako egitarau erakargarria biltzen zuen kartelaren irudia jaso nuen aurrekoan Whatsapp talde baten txatean. Emakume Musulmanen I. Topaketaren egitaraua zen, Iruñeko Sanduzelai auzoan egitekoa, urtarrilaren 17an, larunbatarekin. Nire auzoko jai batzordearen txatean partekatu zuten egitarau hori; gure inguruko bertze hainbat egitarau partekatzen ditugun gisa berean. Nik "ufa!" batekin agertu nuen egitarau hori gure txatean zabaltzearekin nuen desadostasuna. "Errealitate bat da", erantzun zidaten. Eta nik ihardetsi: "Auzoan (edozein auzotan) errealitate asko daude. Baina erlijioek, hain zuzen ere, errealitate bakarra izan nahi dute".

Eta hortxe utzi genuen gaia. Baina nik ezin nuen zalantza burutik uxatu: egitarau hori musulmana izan beharrean katolikoa balitz, gure txat horretan agertuko litzateke? Nik erantzunen nuke ezetz. Orduan, zergatik zabaldu zuten? Nik erranen nuke kultur aniztasunaren aldeko jarrera zintzoak eta etorkinengana gerturatzeko nahiak zenbait pertsona eramaten dituela hegemonikoak ez diren erlijioak modu aseptiko batean ikustera.

Baina erlijioak ez dira aseptikoak. Ez horixe.

Egun batzuk geroago, urtarrilaren 22an, BERRIAk erreportaje arras interesgarria argitaratu zuen, Parisko atentatuen ondotik Euskal Herriko musulmanek zer pentsatzen zuten azaleratzeko-edo. Iruñeari buruzko testuan, Lohizune Amatria kazetariak azaltzen zuen arestian aipaturiko larunbatean 500 pertsona bildu zirela Sanduzelaiko meskitara, errezatzera.

500 pertsona une berean otoitz egiten! Toki berean. Iruñean. Astakeria. Neuk, bederen, hemen zuzenean sekula ez ikusia.

Eta, akaso, fenomeno paranormaletan sinetsi ez, eta, gainera, erlijioak tokirik izatekotan esfera pribatuan izan behar duela uste dugunoi, ez zaigu gaizki etorriko islamak hegemonia pixka bat kentzea katolizismoari. Horrela, beharbada, islama modu aseptikoan begiratzeari utziko diogu, eta berdin-berdin salatuko ditugu artzapezpikuen zein imanen barrabaskeria lotsagabeak.

Erreportajearen bukaeran, Iruñeko Islamisten Komunitateko kide Mouloud Kherkhar jaunak, islama "bakea, barealdia eta lasaitasuna" dela adierazi ondoren, ez du batere erreparorik adierazteko Mahomaren karikaturak egitea ez dela "askatasuna", "milaka pertsonaren bihotzak masakratzea" baizik. Eta errespetua eskatzen du. "Gure kulturan, egiten dutena ez da zilegi, eta errespetatu beharko lukete".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!