Gauak harrapatu zuenean entzun zituen. Otsoen uluak. Eskuineko magaletik egin zuten animaliok lehen deia; ezkerrekoan aditu zen erantzuna. Uluka aritu ziren, talde osoak bat egin zuen arte. Animalia bakarra gelditu zen atzean. Otsoen loaren zaindariarekin. Tutera sorterrian (Nafarroa) aurkeztu du naturan aritzen den Andoni Canela fotokazetariak bere azken liburua: Durmiendo con lobos (Otsoekin lotan). Berak argitaratu du, irakurleen diru ekarpenei esker. Hogei urtetako argazkiak jaso ditu otsoen erretratugileak lan horretan; haien uluek Riañoko mendietan (Espainia) eragin zioten zirrarari buruzko hitzak ere bai. Gauak harrapatu zuenean entzun zituen. Eta nekez ahaztuko ditu.
Naturaren mamia bilatu du Canelak beti otsoen begiradan. Basatia. Nolabaiteko oinarria. Desio horrek Sierra de la Culebrara (Zamora, Espainia) eraman zuen otsoaren bila, duela hogei urte inguru. Canelak ez zuen animalia harrapatu bere kameraren objektiboarekin, lehen bidaia hartan. Itzuli zen, ordea. Eta argazkilariaren begiradak otsoarenarekin bat egin zuen, azkenean. Klik. Argazki bilakatu zuen Canelak. Hasi zen harremana.
"Liburua une egokian atera dela uste dut; mesede egiten ahal diola otsoari, animalia horren inguruko gatazka hain muturreko bilakatu den garai honetan". Abeltzainen, ehiztarien eta administrazioaren jomugan da otsoa. Espainian gertatzen ari dena salatu du fotokazetariak; Euskal Herrian otsoaren aurka gertatzen ari den jazarpena ere bai. "Hedabide gehienetan abeltzainei baino ez zaie ematen hitza; iritzi kritikorik ez da". Argi du, hala ere, muturreko jarrerek ez diotela animaliari onik egiten. "Otsoaren aldekoak eta kontrakoak zuzenean aurrez aurre jartzea ez da ona; baina abeltzainek ezin dute otsoari buruz erabaki. Abeltzainek eta administrazioak otsoaren kontra egiten dute, eta, aldi berean, hari esker Europatik ailegatzen diren laguntzak aprobetxatzen dituzte".
Bere argazkiei eta otsoaren arrastoei so egindako bidaiei lotutako hitzak jaso ditu Canelak azken liburuan, argazkiekin batera; bere esperientziei eta sentsazioei lotutako kontakizunak eraman ditu paperera. Juan Carlos Blanco biologoari ere eman dio hitza. Aditu horren testuekin osatu du Canelak 192 orrialdeko Durmiendo con lobos lana.
Basatiaren bila
Canela Kantauriar Mendikateko otsoen bila aritu zen 2013ko udan. Orduan egin zituen argazkilariak liburua osatzeko azken irudiak. Bertze egitasmo baten hasiera bilakatu zen 2013ko bidaia hura, gainera. Otsoa bihurtu zuen Canelak Looking for the wild (Basatiaren bila) proiektuko lehendabiziko protagonista.Familia izan du bidelagun Canelak, basatiaren bila joateko. Hamahiru hilabetez kontinentez kontinente egindako urratsen berri emanen du bertze liburu batean.
Zazpi etapako bidaia horretan bertze hainbertze animalia aukeratu zituen Canelak bere objektiboarekin harrapatzeko. Basatia irudi bilakatzeko. "Gizakiaren eragina nabarmena da neurriz kanpo garatu den mundu honetan; basatia islatzen duten animalia horiek gero eta zailagoa dute haien tokiari eustea mundu horretan; gizakion eragina sufritu duten animalia horiek hautatu ditut, gure eta animalia horien arteko harremana aztertzeko. Ia desagertu dira haietako hainbat gizakiaren eraginez".
Ipar Amerikan bisontea bilatu zuten Canelak, Meritxell Margaritek eta Unai eta Amaia haien seme-alabek. Hego Amerikan pumari egin zioten so. Eta papua pinguinoari Antartidan. Australian itsas krokodiloarekin egin zuen topo familiak; eta Asiako lurretan, berriz, kalaoarekin. Afrikan, elefanteen urratsei so aritu ziren Namibian.
"Egun batetik bertzera jarri genuen martxan proiektua; inprobisatu dugu, baina gauzak ongi atera zaizkigu. Esperientzia zoragarria izan da". Canelaren begirada profesionalak 10 urteko semearenarekin bat egin du bidaian. Tuteran Europako Mendietan ikusitako otsoen berri eman du Canela gazteak, aitaren liburuaren aurkezpenean. Eta argazkilariaren jakin-min eta grina bera sumatzen zaio otsoa ikusi zueneko zirrara gogora ekartzen duenean. "Bertze abentura bat hasteko prest naiz". Onartu du mutikoak. Canelak berea jarri du martxan: Durmiendo con lobos liburuaren bertze 1.200 ale kaleratzea. Otsoak uluka jarrai dezan.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.