Lurpean segitzera zigortuak

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urt. 30a, 01:00

Ahanzturaren lehendabiziko zantzuei igarri die Concha Dieguez 85 urteko sakandarrak. Tumore onbera baten ondorioz, dantzan egiten diote buruan izen eta datu batzuek. Memoria bikaina du, hala ere. Eta mihia ere, zorrotza. Xehetasun guztiekin konta dezake, adibidez, militar kolpistek aita bahitu eta fusilatu zioten egunean gertatutako guztia, edota ondorengo hamarkadetan pairatu behar izan zituen umiliazioak, emakumea, langilea eta komunista izateagatik. "Hilik bizitzera kondenatu ninduten".

Etxarri Aranatzen jaio zen. Han zituen lagunak, familia, sustraiak... Frankistek hori guztia kendu zioten arte. "1936ko irailaren 14an, arratsaldeko lauretan atxilo hartu zuten gure aita, Claudio Doroteo Dieguez, ezkertiarra izateagatik. Gauerdian fusilatu zuten". Ordutik 78 urte baino gehiago igaro dira, baina familiak ez du oraindik gorpua aurkitu, eta ikerketa gehiago egiteko diru laguntza ukatu berri die Nafarroako Gobernuak.

"Nafarroako Administrazioak ez du onartu eta ez da tramitatzen ari memoria historikoarekin lotutako ekinbideak egiteko diru laguntzarik", dio Gobernuko Idazkaritzatik igorri dioten gutunak. Iaz, Nafarroako Legebiltzarrak memoria historikoaren legea onartu zuenetik, Yolanda Barcinaren gobernuak ez du diru laguntzarik onartu fusilatuen gorpuzkiak berreskuratzeko edo identifikatzeko.

Aspaldi daki Dieguezen familiak non egon daitekeen lurperatua gorpua, baina horrek ez die ezertarako balio izan. Hainbat lekukok adierazi dutenez, Altsasu ondoko errepide baten ertzean eman zioten lurra, beste errepublikano batzuekin batera. Duela lau bat urte, senideek ikerketa bat egin zuten —hein handi batean euren diruarekin ordaindutakoa—, non zegoen zehatz jakiteko. Ez zuten ezer topatu.

Bazekiten oso hurbil ibili zirela, baina 1970 eta 1972 artean egindako zamalanek inguru osoa aldatu zuten, eta NA-1000 errepidea igarotzen da gaur egun, Claudio Doroteo fusilatua eta lurperatua izan zen arroilaren gainetik. Une horietan etsipena nagusitu zen haren seme-alaben artean, eta aita hilobiratu gabe, zauria itxi gabe, hilko zirela pentsatu zuten.

Concha Dieguez, ordea, emakume nekaezina da, bizi osoa borrokan ematera ohitua. Eta metodikoa. Ez zuen amore emateko asmorik. Nafarroako Hitza-rekin hitz egiten duen bitartean ere, hamaika koaderno kontsultatzen ditu. Han apuntatzen ditu bere aitaren gorpuaren peskizan emandako pauso guztiak: elkarrizketatutako pertsonak, eskaerak, agiri ofizialak, eskuz egindako krokisak, argazkiak... dena. "Bada ezpada", dio. "Zaharra naiz, eta memoriak huts egiten dit batzuetan. Nahiago dut dena apuntatu". Gainera, ustez lagunak ziren askok ere huts egin diotela uste du. "Urteekin, mesfidatiago bihurtu naiz. Bizkarra eman didate askok, eta bakar-bakarrik sentitu naiz bide luze honetan".

Kemen horri esker, ordea, zantzu berriak aurkitu ditu Dieguezek, bidea itxita zegoela uste zuen uneetan. Altsasuko alkate ohi Camino Mendiluzerengana (Euskal Herritarrok) jo zuen, eta horrek ate gehiago zabaldu zizkion: "Ikerketa lan handia egin zuen alkateak. Inguruko baserrietako jendearekin hitz egin zuen, baita 1970ean errepideko lanak egin zituzten beharginekin ere. Horri guztiari esker jakin genuen non dagoen gure aita lurperatua".

Berriozarko eta Etxarri Aranazko udal hautetsi batzuen laguntza ere izan dute lan horretan, baina, hala eta guztiz ere, bidea ez da batere samurra izan. Duela zortzi hamarkada gertatutakoaren itzala, oraindik orain, oso luzea dela uste du etxarriarrak. "Camino Mendiluzeren laguntzarekin egindako ikerketari esker jakin genuen, adibidez, herriko zakur batzuk gure aita lurperatu zuten tokian ibili zirela, eta zenbait gorpuzki atera zituztela, jateko. Zakur horien jabeek berriz lurperatu zituzten gorpuak, eta animaliak akabatu zituzten. Baina ez ziguten ezertxo ere esan. Ezagunak ziren horietako batzuk. Bizilagunak. Baina urte luzez ez zuten ahoa ireki, beldur zirelako. Pertsonen alderik itsusiena azaleratu zuen gerrak".

Dieguezek ez du biktima izan nahi, baina izatera behartu dute. Aita hil ostean ere, behin baino gehiagotan pairatu behar izan ditu irainak, mehatxuak eta erasoak. "Denetarik sufritu dugu. Etxea erre ziguten behin, eta bestelako eraso asko ere jasan ditugu. Marka hori ez zaigu kendu. Etengabe gogorarazten ziguten gertatutakoa. Handik urte askotara ere, 'kontuz horrekin, komunista baita!' esaten zuten nitaz lanean".

Urte hauetan guztietan, aitaren izena agintari frankistei eman zien pertsona nor izan zen ere jakin du Concha Dieguezek. Ez du salatariaren izena jakinarazi nahi, ordea: "Ez luke ezertarako balioko, eta, gainera, ez dut mendeku goserik. Esan dezakedana da herriko ezagun bat izan zela".

Urte horietan, ohikoa zen sariak ematea bizilagun komunistak edo abertzaleak salatzearen truke. "Gure amak uste zuen Etxarri Aranazko errekete bat izan zela, eta herrian ikusten zuen bakoitzean zerbait esaten zion belarrira. Gizona gaizki sentitzen zen nonbait, eta, egun batean, nire ahizpa batekin hitz egitea erabaki zuen: 'Esaiozue zuen amari nik ez nuela zuen aitaren izena eman, baina badakidala nor izan zen'. Haren lehengusu bat izan omen zen, etxarriarra hura ere, eta familiaren laguna. Aita salatu ondoren, lanpostu bat eman zioten posta zerbitzuan".

Hilketaren erantzuleak etxetik hain gertu egonda, baina, ezinezkoa izan zen familiarentzat Etxarri Aranatzen bizitzen jarraitzea, eta Altsasura aldatzea erabaki zuten. "Bizi guztia Etxarrin geneukan. Hangoak ziren nire lagunak, senideak, eskola... Eta egun batetik bestera, hori guztia desagertu zen. Sustraiak kendu zizkiguten", azaldu du Dieguezek, saminez.

Bizi berri batean hasi behar izan zuen. Erizain ikasketak egin zituen, eta lanean hasi zen handik gutxira. "Hasieran pentsatzen nuen: 'Zer gertatuko da aita salatu zuen gizon hori hemendik agertzen bada? Eta artatu behar baldin badut?'". Ez zuen erantzuna jakiteko aukerarik izan, salataria ez baitzen inoiz azaldu. "Seguru asko, ez zatekeen ezer pasatuko. Aitak irakatsi zidan jendeari errespetua agertzen, eta saiatu naiz lezio horiek nire bizitza osoan aplikatzen. Erizain lanetan, ez nuen kolore politikorik ikusten; gaixoak bakarrik. Gaur egun ere, mina eta gorrotoa sentitzen ditut, baina ez diot inori ezer txarrik opa".

Hori bai, gauzak aurpegira esaten dizkio edonori. Lagunei zein aurkariei. Argi du erantzukizunak eskatu egin behar direla, justizia lortu arte. Eta horretan ari da oraindik ere, 85 urterekin. Nafarroako Gobernura eta Espainiako Gobernuko Justizia Ministeriora jo du orain arte. Baita aita santuarengana ere. Eta erantzuna antzekoa izan da beti: ez.

"Baimenak nahiz diru laguntzak emateko orduan, luzamendutan ibiltzen dira; pilota pasatzen diote batzuek besteei. Eta nik 85 urte ditut. Ez zait denbora asko gelditzen, eta ez nago tramite administratibo amaiezinak aguantatzeko prest", esan du.

Borondate kontua dela uste du Dieguezek: "UPNk eta PPk ez dute memoria azaleratzerik nahi. Ez dute gure senideen gorpuak lurpetik ateratzeko asmorik. Eta halako jarreren aurrean, aita bigarrenez hilko balute bezala sentitzen naiz".

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!