Hiri buruzagi baten bilakaera

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2015ko urt. 27a, 10:00

Zuri-beltzetik kolorezko argazkietara, badira tonalitatetik haragoko aldaketa handiak. Erdigune historikotik kanpo, zerikusi gutxi du XX. mende hasierako Iruñeak gaur egungoarekin. 1924an ireki ziren, azkenean, hiria inguratu eta itotzen zuten harresiak. Ordura arte soto eta larrez betetako parajeetan, denbora gutxian, auzo berriak eraiki zituzten. Eta gutxika, gaur egungo hiriaren traza hartzen hasi zen Iruñea.

Konparazioa liburu batera eraman du Joseba Asiron historialari eta irakasleak. Bost urtez Nafarroako berripaper batean ondutako atala Agur Iruñea! lanean bildu du. Aldamenean jarri ditu, bata bestearen ondoan, hiriko hainbat txokotako argazkiak, aspaldikoak eta oraingoak. Analisi kritikoa gehitu die gero, izaniko aldaketa azalduz. Eta "ariketa oso-oso polita" izan dela dio.

"Iruñeari buruz zerbait egiteko behar fisikoak" bultzatu zuen Asiron lana egitera. Baita Itoizko urtegiak irentsitako herrietan —Artozkin eta Orbaitzen, kasurako— aurretik egindako antzeko lanak. Eta baita, azkenik, hiriarekiko maitasunak ere: "Gizakiaren aberria haurtzaroa dela esaten dute. Alde horretatik, ni Nabarreria kalean jaio nintzen". Horregatik, Iruñea bere etxea eta aberria dela dio Asironek; "baita sufritzen dudan hiria ere".

Kuartelak eta kanpaiak

1860ko eta 1870eko hamarkadetakoak dira liburuko argazkirik zaharrenak; gutxi batzuk. Azken urteetakoak berrienak. Bien artean, ezberdintasun gutxi antzeman daitezke Alde Zaharreko txoko askotan. Horrek "zirrara" sortzen duela dio Asironek, hainbeste denboran aldaketarik ez dela izan ikusteak. Beste batzuek, ordea, bi mundutako argazkiak dirudite. Etorbide handiak ikusten dira lehenago soroen arteko bidexkak zirenen tokian, eta auto modernoak lehen artaldeek zapaltzen zuten lokatzetan.

Fisikoa izan da aldaketa, baina baita soziala ere. XIX. mende amaierako eta XX. mendearen hasierako Iruñea hartan, Asironek dioenez, "kuartelek eta kanpaiek, militarrek eta apaizek, gidatzen zuten jendearen erritmoa". Haiek ziren "komisario politiko eta moralen egitekoa zutenak". Gaur, ordea, "hiri moderno, ireki eta plurala" ikusten du Asironek. Dioenez, hori oraindik ez da "politikoki" islatu, baina "asoziazionismoan, adibidez, hiri aberatsa da Iruñea".

Atzera eginda, ahalik eta urrutien jo du Asironek hiriaren bilakaera historikoa azaltzeko; sorreraraino, hain zuzen ere. Eta kritiko mintzo da, 1512ko Nafarroako konkistak "hiriaren nagusitasuna" bertan behera utzi zuelakoan: "Iruñea hiri erreferente modura sortu zen, baskoien hiri nagusi edo hiri buruzagi gisara. 800 urtez inork ez zuen zalantzan jarri hiriaren nagusitasun hori". Datuekin lagundu du Asironek azalpena: konkistaren bezperan 7.000 biztanle omen zituen Iruñeak, eta 4.000 inguru Bilbok eta Donostiak. "1512tik aurrera, ordea, hiriaren gidoia aldatu egin zen, eta Europako estatu baten hiriburua zena inperioaren bazter bateko hiri bilakatu zen. Iruñearen patua zeharo eten zen".

Geroztik, "harresi eta zabalguneena" da Iruñeko historia. 1890-1900. urteen bitartean eraiki zen lehen zabalgunea, harresien barnean. 1924an bigarrena, harresiak irekitzearekin batera. 1960tik aurrera eman zen hirugarren zabalgunea, erdigunearen inguruan auzo berriak eraikiz. Eta orain, Asironen ustez, "laugarren zabalgunea" egiteko ordua da: "Zabalgune ideologikoa", hain justu. Izan ere, dioenez, "trantsiziotik, eta baita lehenagotik ere, bestelako harresiak jarri dizkigute Iruñean, ez fisikoak, baizik eta politikoak. Horiek botatzeko ordua da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!