Ezusteko garai honek aurretik genekiena modu argiagoan erakusteko balio digu, zainketak eta lanaren arteko harremarena kasu honetan. Nire harridurarako, berrogeialdiak mahai gainean oso modu apalean azaldu du gatazka handi bat: telelanarena.
Familia askok umeak etxean dituzte eta telelanari aurre egin behar diote, ez dakit arduradun politikoren batek pentsatu ote duen nola egin daitekeen hori ume txikiak badituzu. Kontuan izaten telelana egiteko aukera badago kontzentrazio maila bat behar dela, nola egin tarte bat ateratzeko umeak inguruan dituzula? Zeren... ez dakit entzuleren batek ez dakien baina ez da bateragarria umeak zaindu eta lan egitea.
Zainketen krisialdiaren ondorio den egoera honek berriz emakumeen bizkarren gainean jartzen du biziaren jarraipenaren ardura; ez dut ulertzen zergatik ez den eztabaida handiagoa zabaldu telelanaren aurrean, etxean bakarrik dauden heldu osasuntsu konektatuentzat pentsatua dagoen lan eredua baita, populazioaren zati handi bat kanpoan uzten duena.