Enplegu zerbitzuaren gintonik festa

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2017ko urt. 31a, 12:55

Guztiok bagenekien eta tristea bada ere, “onartzen” genuen. Azkenik, argitara atera da UPNek prestatu zuen txiringitoa UGT, CCOO eta Nafarroako Enpresarien Elkartearekin.

Eskuindarren bake soziala garesti atera zaigu. Enpleguaren tarta horretan ez zegoen tokirik inor gehiagorentzat eta dirua, alabaina, zeurea eta neurea zen.

Ziur aski, subentzio horiekin hamaika ekintza on egin zituzten, baina nola ulertu sindikatuko exekutiboen poltsikoetan bukatzea, edo 100 liberatuk, langile publikoek adina kobratzea berezko lanak egiteagatik? Gastu materialak ere ordaindu omen ditugu, hots, beraien lokalen alokairuak, argia, ur fakturak edota mugikorrak. Eta gogorarazten dut, diru-laguntza horiek, batez ere, langabezian dauden pertsonendako direla.

Datu horiek guztiak argitara atera duen ikerketaren egileen atzean egon den pertsona batek ikastaro ugari justifikatu gabe zeudela esan dit, gin tonik-aren inguruko ikastaroa adibidez, zerbait funtsezkoa, gaur egun, lana lortzeko.

Ildo beretik jarraituz, badut lagun bat Administrazioan ikuskaria izan dena. Bere lana, sindikatu horien ikastaroak begiratzea zen. Askotan entzun diot ustelkeria hitza ahoskatzen eta badakit eragozpen amaigabeak sufritu zituela: nagusien aldetik baina baita lankideen eta sindikatuen eskutik ere. Azkenik, amore eman zuen eta inspektore lana utzi zuen bakarrik sentitzen baitzen borroka horretan. Eta, orain zer? Dagoeneko, ia politiko guztiek dena legezkoa zela esan dute, beraz ez dut uste inongo ardura egongo denik. Baina hemendik aurrera, gauzak aldatuko dira?

Beno, gutxienez, Nafarroan izugarrizko gin tonik-ak botako ditugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!