Laura Martinena Espinal (Iruñea, 1975)
Hiria utzita, gaztetan herri txiki batera bizitzera joan zen, Ultzamara lehenbizi, Basaburura gero. Sukaldaria izan da, euskara irakaslea, gaztagilea… Basaburua ibarreko Ernaizu kooperatibako sortzaileetako bat da. Duela bi urte Espainiako Estatuko Nekazaritza Ministerioak Berrikuntzaren Bikaintasuna saria eman zien. Orain turismo eskaintza berri bati heldu diote: escape room jolasak Orokieta herrian eta bailaran.
Zertan egiten duzu lan?
Egia esan zaila egiten zait horri erantzutea. Bolada batean errazago nuen sukaldari gisa ari nintzelako edo AEKn irakasle, baina hori denbora gutxian izan zen. Gehienean proiektu berriak sortzen eta kudeatzen ibili naiz. Zalantzarik gabe, gehien gustatzen zaidana egitasmo berriak abiaraztea da, horregatik esaten dut nahiko ekintzaile konpultsiboa naizela.
Iruñekoa izanik, zer dela-eta etorri zinen Basaburura?
Oso garbi neukan herri txiki batera bizitzera joan nahi nuela. 19 urterekin etxetik alde egin nuen eta 21ekin, barnetegi batean ezagututako beste bi neskarekin, Ultzamako Iraizotz herrira bizitzera joan nintzen. Zazpi anai-arrebetan gazteena naiz eta gurasoek ikara handirik ez zuten hartu. Gero, urte pare batez Anuen izan nintzen. Garai hartan, Basaburuan zeramika ikastaro bat egiten ari nintzela, jakin nuen hango batek etxea saldu behar zuela. Horrela, bikotekidea eta biok Udabeko errotara joan ginen.
Berehala ikusi nuen hemen bizi eta lan egin nezakeela. Gaztandegi bat atera zuten alokairuan eta hartu genuen. Kalekume hutsak ginen, baina zaletasun handiz gazta egiten ikasi genuen eta baita negozioa eramateko beharrezkoak diren gaiak ere: kontabilitatea, salmenta teknikak… Bertako ekoizpena bultzatu nahi genuen. Nafarroan esne ekologikoa ekoizten zuen abeltzain bakanetako bat genuen ondoan, eta nola Danoneri saltzen zion eta tankean beste guztiarekin nahasten zuen, pentsatu genuen hori ez zitekeela horrela izan eta hasi ginen esnekiak egiten esne ekologiko horrekin. Basakaitz izenarekin merkaturatu genituen esnekiak. Gaztandegia utzi nuen, baina beste batzuek aurrera jarraitzen dute.
Nola sortu zen Ernaizu kooperatiba?
Gaztandegian ginela atera zen Aizarozko ostatua hartzeko aukera. Herri berria da eta udalak erabaki zuen han kultur etxea egitea eta azpian taberna. Aukera polita iruditu zitzaidan herria haranean integratzeko eta harana herrira hurbiltzeko. Egia esan, gaztandegitik bereizteko gogoa ere banuen, han familia eta lana, dena batera izatea, trinkoegia zelako.
Laster aski garbi ikusi nuen bailaran zerbitzu gehiago eta lanpostuak behar zirela. Gogoeta hori hasi nintzen ingurukoekin partekatzen eta horrela sortu zen kooperatiba egiteko ideia. Handik gutxira, Udalaren Garapen Batzordeak Jauntsaratseko Apeztegiberrin taberna eta denda zabaltzeko proiektua aurkeztu zuen. Zerbitzugune bat haranaren erdian. Guretzat perfektua zen. Aurkeztu ginen enkantera 2011n eta geroztik han gaude. Horrela gorpuztu zen Ernaizu kooperatiba. Hasieran hiru emakume ginen eta gure printzipioekin bat datorren jende gehiago joan da sartzen. Zorte handia izan dut lan munduan, jende jatorraz inguratuta egotea egokitu zaidalako beti.
Nolakoa da Ernaizu?
Ekimen sozialeko kooperatiba da. Ez ditugu etekinak banatzen, beno ez dugu etekinik sortzen, baina izatekotan kooperatiban inbertituko lirateke. Haranean jarduera ekonomikoa aktibatzea da helburua, zerbitzuak eta lanpostuak sortuz. Gure ardatz filosofikoa da lana eta bizitzaren zaintza bateragarriak egitea. Lanaldi malguak ditugu eta lehentasuna ematen diogu. Honekin batera euskara eta kulturaren zaintza, eta herrien arteko kohesioa bultzatu nahi dugu. Zortzi kide gara eta beste horrenbeste langile. Hauek gehienbat, inguruko gazteak dira, lanordu kopuru txiki bat eskatzen dutenak. Guretzako hori ere ustekabea izan da. Hasieran kontziliazioa ikusten genuen zaintzari begira soilik, baina ohartu gara guregana jotzen duten gazteek haien ikasketekiko kontziliazioa bilatzen dutela. Horri erantzun egokia ematea oso garrantzitsua da landa eremuan. Ikastera joaten den jendeak kanpoan aurkitzen badu aurrera jarraitzeko behar duen asteburuetako lantxoa, kanpoan geldituko da, eta aldiz, herrian aurkitzen badu, errazago errotuko da bertan. Gazteek izugarri eskertzen dute.
Denak emakumeak zarete?
Bai, bat izan ezik.
Eta hori?
Ez da emakumeentzako kooperatiba, gertatzen dena da gure planteamendua eta egiteko modua erakargarria egiten zaiela emakumeei bereziki.
Alde emozionala askoz ere indartsuagoa da emakumeok egindako gauzetan eta hori transmititzen da gure negozioan. Emozioen munduan murgiltzea ez omen da erakargarria gizon askorentzat eta are gutxiago lan arloan…
Egoera fisikoa, hilekoa, adibidez, kontuan hartzen duzue adibidez?
Oso garrantzitsua iruditzen zait eta horretara jo beharko genuke. Zerbitzuak ematen ari zarenean bezeroen beharrak asetzea da garrantzitsuena eta horretarako gure artean moldatzeko malgutasuna badugu, hainbat hobe.
Hilero egutegi bat egiten dugu eta kontuan hartzen ditugu egon litezkeen eskakizun berezi guztiak. Horren arabera finkatzen ditugu ordutegiak eta lan banaketa, baina ez dago arazorik ezusteko aldaketak egiteko. Horregatik saiatzen gara dauzkagun lan guztietatik gutxieneko bat jakiten guztiok.
Egutegia egiterakoan oso kontuan hartzen ditugu haurren eskolaz kanpoko jarduerak, amaren medikuak, eta gure kontuak ere bai, noski, lana eta zaintzaz gain gure bizitza dugulako. Ez da inoiz gertatu lankide bati ezetz esan behar izatea inork ezin duelako ordezkatu.
Apeztegiberrin zer aurki daiteke?
Ostatua eta denda. Otorduak ere ematen ditugu eta esan daiteke ia zentro zibikoa dela. Basaburuak 800 biztanle ditu astean eta asteburuan gehiago. Lehen zerbait erosteko Irurtzunera, Lizasora edo Lekunberrira jo behar zuen jendeak. Gutxienez 30 kilometro joan eta etorrian. Gurean janari-denda normal batean dauden gauzak aurki daitezke eta saiatzen gara beti bertako produktuak eta produktu ekologikoak lehenesten.
Eta bezeroak nortzuk dira?
Gizon kuadrillak etortzen dira hamaiketakoa egitera, eskola haurrak ekartzen dituzten gurasoak, dendetara datozenak eta, errepidean izanda, kanpoko jende asko ere sartzen da. Turismo bulegoaren funtzioa ere egiten dugu. Txirrindulariak ere etortzen zaizkigu, haientzat gelditzeko oso toki erosoa delako, gainera bizikleta kanpoan utzita, begi-bistan edukitzen ahal dute. Esaten dute oso ongi tratatzen ditugula, haien artean zabaltzen da kontua eta kuadrillak eta kuadrillak izaten ditugu. Udan, bestalde, haur eta gaztetxoak etortzen dira maiz. Zaldainak daude errekan, igerileku natural batean, eta han jostetan ibiltzen diren haurrak Apeztegiberrira litxarreria eta izozki bila hurbiltzen dira. Oso giro bizia beti.
Jauntsarats ibarraren zentro neuralgikoa da han farmazia, eskola, osasun etxea eta udaletxea daudelako. Horregatik uste izan zuten garrantzitsua zela halako topagune bat izatea eta nik uste dut lortu dugula.
Etorkizunari begira zer duzue buruan?
Sukaldea eta transformazio gela antolatu nahi genituzke kontserbak egiteko. Inguruko eskoletako jantokien zerbitzua antolatu nahi genuke bertako produktuak erabiliz. Bertako produkzioa bultzatuko luke. Diru-laguntzak badira, baina kapitalaren zati handiena guk jarri beharko genuke. Hori da gure proiektu izarra.
2016ko urrian, landa eremuko emakumeentzako sari garrantzitsua eman zizueten Madrilen.
Nekazaritza Ministerioak Berrikuntzaren bikaintasuna saria eman zigun. Gure lanaren aitorpena hasi ginen sentitzen orduan. Urte berean, haraneko Basanderea emakumeen elkartearen aipamena jaso genuen. Nik betidanik sinetsi dut proiektu honetan, baina lankide batzuei oraindik kosta egiten zaie pixka bat. “Sari bat Madrilen? Baina guk txistorra pintxoak egiten ditugu!” esaten dute.
Oso bizipen ederra izan zen. Esan ziguten hegazkina pertsona bati ordainduko ziotela, baina guk erantzun genien talde lana zela eta jende gehiagok joan nahi zuenez nahiago genuela hegazkin txartela autobus baten truke aldatu. Eta hala izan zen. Hara abiatu ginen gu, gure familiak, bezero batzuk… “Euskaraz bizi nahi dut” kamisetekin, Basaburuko taldeen beste kamisetekin… oso polita izan zen.
Handik gutxira bururatu zitzaizuen escape room bat zabaltzea?
Bai, Orokietan. Oso herri polita da. Ostatua aspaldi itxia zen eta duela pare bat urte hor gauza asko egiteko aukera zegoela ikusi genuen. Escape room jokoak ezagutu nituen garai hartan eta baita zaletu ere. Pelikulak ikustea gustuko dut, baina halako joko batean aritzea istorio horiek bizitzea bezalakoa da. Horrela sortu zen “Izena duenak badu izana”, sorginkeria, izaki mitologikoak eta misterioa biltzen dituen haran honen identitateari lotutako jolasa.
Zer nolako erantzuna izan du?
Oso ona. Kuadrillak, familiak eta bikote asko etortzen dira. Hori dela eta bururatu zitzaigun beste bat egitea: “Amalurraren erronka”. Hau kanpoan egiten da, ez areto baten barruan. Ginkana eta escape room-aren arteko nahasketa da. Escape natura esaten diogu guk. Jauntsaratsetik abiatu eta lau herritan barna ibiltzen da jendea misterioak argitzeko, denbora mugarik gabe. Udaberrian abiarazi eta berehala konturatu ginen haurrek haientzako zerbait ere merezi dutela. Horrela sortu zen “Basajeinuen mezua”, Orokieta herrian barna helduek eta haurrek elkarrekin egiteko proba-jolasa.
Oso balorazio ona egiten dugu. Oso egokiak dira landa eremuetarako, besteak beste, naturari eta bertako kulturari lotutako jokoak proposatzen dituzulako eta hori da, hain zuen ere, jendeak eskatzen duena, ez gai aseptiko bat hirian bezala.
Turismo aktiboaren baitan kokatzen da?
Bai. Natura eta herriak ez ezik, ekintzak ere eskaini behar dira. Jende askok, hirietakoak batik bat, ordaindu beharreko zerbait bilatzen du etxetik ateratakoan.
Dena den, argi eduki behar dugu turismoa integratu behar dela eta ezinbestekoa izanik ere, ez dela dena. Ezin da etorkizuneko aterabide bakarra izan. Gure baliabideak, gure giza kapitala, sustatu behar ditugu. Basaburuan, adibidez, profesional eta zerbitzuen gida atera du Udalak eta oso praktikoa da. Hirietan bizi garenok edo bizi izan garenok ez gara ohartzen zein garrantzitsua den denontzat lurraldearen kudeaketa egokia egitea. Baliabide gehiago, diru gehiago sartu behar da landa eremuan jendea gelditzeko.
Escape room jolasak oso modan daude.
Izugarri, eta enpresetan ere asko erabiltzen dira talde dinamiketarako eta jendearen portaerak aztertzeko. Hori da, hain zuzen ere, orain Iruñeko Kili-kili jolas parkean zabaldu nahi dudan lerro berria.
Ernaizutik at ari zara garatzen?
Bai. Ernaizu proiektua gorpuztu da eta erabat utzi gabe ere, beste gauza batzuk egiteko aukera izan dezakedala iruditzen zait une honetan. Lanorduak laburtu ditut eta orain arte nire anaia batek zeraman Arrotxapeako jolas parke horren kudeaketa hartu berri dut. Gazteentzako zerbait egin daiteke hemen dauden egiturak aprobetxatuta. Jokoa diseinatuta dago eta laster jarriko dugu martxan. Helduen taldeentzat ere zerbait ari gara prestatzen eta enpresei eskaintzeko asmoa dugu.
Ez duzu inoiz atsedenik hartzen?
Proiektu bat etortzen zaizunean bada maitemintze moduko bat. Gauzak bere une egokirako uzten ikasi dut. Igeri, hegan eta oinez, dena egiten dut, baina ahateen modura.
Nola da kalekume batentzat herri txiki batean bizitzea?
Egunerokotasunean abantailak gehiago badira ere, trabak ere aurkitzen dituzu. Dena deserosoagoa da. Erosketak egiterakoan, adibidez, asko nabari da. Azken orduko zerbait behar izanez gero ez duzu denda txinatar bat etxe azpian. Autoa denerako behar duzu. Hirian duzun anonimatu hori ere ez dago.
Bestalde, harremanei dagokienez, herrietan jendeak udala edo kontzejua ez du ulertzen erakunde arrotz bezala, nahi dudana exijitu ahal diodana baizik. Auzolanaren kontzeptua ere barneratuta dute herrikoek, guk baino gehiago, nahiz eta galbidean izan. Ulertzen dute hor dagoena ni bezalakoa dela eta hor ari dela ordu pila sartzen eta burua hausten denon onerako. Orokorrean errespetu gehiagorekin eskatu eta proposatzen dira gauzak. Agian nire bizipena da, baina hori da ikusten dudana.
Begirunea dago herrikideen artean. Batzuen artean istiluak izanda ere, festak iristean badakite elkarren ondoan egoten, besteak errespetatuz. “Zu ere hemengoa zara, ni bezala, eta eskubide bera duzu hemen egoteko nahiz eta nire etsaia izan.” Jarrera horrek oso alde onak ditu toleranteago bihurtzen zarelako. Hori izan da, behintzat, nire prozesua. Hori kosta egin zait, baina lortu dut.
Lasaiago bizi da jendea hemen, hori bai, ezta?
Izaeraren araberakoa da. Estresa eginbeharraren kudeaketa txarraren ondorioa da. Berez lan gehiago dago herrian hirian baino, baina hemen haien bizitzaren parte hartzen dute lana eta ez soilik dirua ateratzeko modu bezala. Ez dago hainbeste zarata eta presarik. Jendea suabeago mugitzen da eta hori ere transmititzen da. Hala ere, estreserako joera duena berdin ibiltzen da herrian edo hirian.
Haurrentzat, zalantzarik gabe, herria da onena. Askeagoak eta independenteagoak hazten dira hemen. Haien garapenerako oso ona da lurra eta hostoak ukitzea, zikintzea… Hala ere, adin batera iritsita jende gehiago ezagutzeko beharra eta gogoa dute.