Raúl de la Fuente (Iruñea, 1974)
Kazetaria, zinema zuzendaria eta gidoigilea. Zinema dokumentalean egin du ibilbide nagusia. Lehen filma Nomadak Tx (2006) izan zen. 2014an Goya saria irabazi zuen Minerita lanarekin. 2015ean, dokumental labur onenarentzako Oscar saria jasotzeko hautagai izan zen Minerita. Donostiako Zinemaldian emango du Un día más con vida(Beste egun bat bizirik) Damian Nenow animatzaile poloniarrarekin batera. 1975ean, Angolan, Ryszard Kapuścińskiren bizipenak biltzen ditu, animazioa eta irudi errealak josiz.
Zer egiten du kazetariak kameraren atzean?
Txikitan argazki makina oparitu zidaten eta gustua hartu nion. Komunikazio Fakultatean sartu nintzenean ez neukan oso garbi zer egin nahi nuen, baina praktikak hasi eta berehala konturatu nintzen kameraren atzean aritu nahi nuela. Besteek bilatzen zuten kameraren aurrean egotea, kazetari onek bezala, baina nik atzean nahiago. Agian zinemagintza ikasi behar nuen, baina tira. Formakuntza humanistikoagoa jaso nuen teknikoa baino, eta ez naiz damutzen.
Ryszard Kapuściński, beste kazetari baten inguruko lana aurkeztuko duzu Donostiako Zinemaldian. Nolako filma da?
Dokumentalaren mugak gainditzen ditu. Animazio filma da, irudi dokumentala, baina irudi errealak tartekatzen ditu. Lengoaia berri bat sortu nahi genuen. Film bakarra egin nahi nuen bi genero narratiboekin. Ez genuen Kapuścińskiri buruzko dokumental hutsa egin nahi, baizik eta ikuslea haren kopilotu bihurtu bere jeepean Angolako gerran.
Zergatik Kapuściński?
Betidanik markatu nau. Bere liburu guztiak irakurri ditut eta berak animatu ninduen Afrikara bidaiatzera. Beti izan da lotura moduko bat gure artean. Txundituta utzi nau beti. Idazlea da, ez gerra kazetaria, eta askok diote XX. mendeko kronikari onena izan dela. Oso poetikoa eta sentiberatasun handikoa zen, Afrika ederki ongi ezagutzen zuen. Izugarria da nola kontatu zuen Angolaren desegituratzea, 1975ean Portugaldik banatzea lortu zuenean. Deskribatzen du nola Luanda hiria [Angolako hiriburua] eskeleto huts gelditzen den kolonoak Portugalera itzultzen direnean, nola eramaten zituzten bere gauza guztiak kaira, egurrezko kutxetan, itsasontzietan sartzeko… Beti imajinatu dut hori eleberri grafiko animatu baten gisa.
Nomadak Tx filma bukatutakoan, Pablo Iraburu, Harkaitz Martinez de San Vicente, Igor Otxoa zuzendarikideak eta ni mundu osoan zehar ibili ginen jaialdiz jaialdi. Hura eta gero irrikan nengoen beste film luze bat egiteko. Hamar urte luze aritu g ara, baina hemen dago azkenean.
Cannesko Jaialdian estreinatu zenuten Un día más con vida filma. Zer moduz?
Hamar urte luzatu den lan honentzat estreinatzeko izan zitekeen tokirik onena izan da. Atal ofizialean lehiatu ginen eta historikoa izan da. Ikusleen eta kritikarien harrera ezin hobea izan da. Thierry Fremaux jaialdiko zuzendariak asko gustatu zitzaigun zerbait esan zuen: “Ez zara pertsona bera izango film hau ikusi ondoren”. Izugarria izan zen hara joatea. Zinemaldiko Perlak atal berezian egotea ere izugarria izango da, beste jaialdietan lehiatu diren filmik onenak biltzen direlako.
Urriaren 26an estatu osoko zinema aretoetan estreinatuko dugu eta mundu zabaleko toki askotan ikusiko da zineman eta telebistan: Portugalen, Erresuma Batuan, Eskandinavian, Polonian, Belgikan, Alemanian, Txinan eta hamaika toki gehiagotan.
Bien bitartean dokumentalekin jarraitu duzu, ezta?
Bai, noski. Apirilean estreinatu zen Love, Sierra Leonan prostituzioan aritzera behartutako neskatilei buruzko dokumentala eta orain [abuztuaren bukaeran] Ugandara noa Sudanetik datozen errefuxiatuen inguruko lan bat egitera. Baditugu beste gauza batzuk Mozambiken, Sierra Leonan...
Maite dut dokumentalak egitea, baina beste formatu batzuekin bazterrak nahasten ibiltzea ere gustatzen zait. Ni neu fusio moduko bat naiz, agian horregatik izango da. Beti interesatu zait Latinoamerika, Afrika… eta generoak nahastea, hala nola fikzioa eta dokumentala, edo animazioa eta dokumentala, kasu honetan bezala.
Zer izan da Nomadak Tx zure ibilbidean?
Hasiera zoragarria. Egin nuen lehen lana izan zen, eta gainera film luzea. Ideia Oreka TX-ko Harkaitz eta Igorrena eta Pablo Iraburu ekoizlearena izan zen. Haiek argi zuten zer egin nahi zuten eta ni gonbidatu ninduten parte hartzera. Txalaparta haien bizitza da eta haiengandik sortzen den energia bildu eta neureganatu ahal izan nuen. Sinestezina izan zen: adiskide onekin joateko aukera, bidaiatzeko modua, txalaparta eta kamera baino ez, askatasun handia, denbora asko eta diru gutxirekin, ideia gutxi baina oso argiekin… Bidaia magikoak izan ziren. Pelikularen muntaketa ere zaila bezain aberasgarria izan zen. Prozesu oso organikoa, oso bizia izan zuen eta oso emaitza ona. Hogei sari inguru irabazi ditu filmak jaialdi handienetan. Horrek marka uzten dizu. Hor konturatzen zara mota horretako lanak egin nahi dituzula.
Nondik nora ibili zineten eta nolako erantzuna jaso zenuten?
Indian, Marokon, Laponian, Mongolian… ibili ginen grabatzen. Hangoek pentsatuko zuten erotuta geundela. Txalaparta arreta deitzen duen tresna da, ezezaguna, eta gainera soinu ozen eta indartsua ateratzen du. Harkaitzek eta Igorrek gorputz osoarekin jotzen dute eta hori ere oso deigarria da. Txalapartak ate piloa irekitzen du. Indian bereziki haurrak gelditzen ziren txundituta guri begira, baina izan zen bestelakorik ere: samien herrian mezatik ateratzen ari zirela jotzen hasi eta inork ez zuen batere interesik erakutsi. Egia esan, 30 gradu zero azpitik egiten zuen eta agian horregatik ere izango zen.
Minerita dokumentala egiteko ideia nola sortu zitzaizun?
Ander Izagirreren testua eta Dani Burguiren argazkiak biltzen dituen erreportajea irakurri nuenean, hara joateko eta Abigail neska meatzaria ezagutzeko beharra sentitu nuen. Boliviako Potosiko Cerro Rico izan da inoiz ikusi dudan bizileku latz eta gogorrena, emakumeentzat bereziki. Muturreko bortizkeria etengabean bizi dira, bizimoduagatik eta gizonezko meatzariek haiek bortxatzeko eta jotzeko eskubidea dutela uste dutelako. Gordintasun eta sufrimendu horren lekuko izan nintzen. Txarrena da errealitate horiek ez direla erraz aldatzen. Irtenbide bakarra da handik ateratzea, baina ia ezinezkoa da haientzat. Frustrazio erabatekoa. Zentzu guztietan oso filmatze gogorra izan zen eta gainera lankide batek istripua izan eta hilzorian egon zen. Oso hunkituta itzuli nintzen.
Harremana mantendu duzue Abigail, Ivonne eta Lucía meatzariekin?
Bai. Abigail La Paz hiriburura joan zen formatzera polizia izateko asmoz, baina amarengana itzuli da muinora. Ez zuen bakarrik utzi nahi, nonbait. Ivonne ere han dago. Gainera, anaia batek istripua izan eta besoa eta hanka galdu zituen. Azken urteotan egoerak okerrera egin du.
Haien sufrimenduak nola eragiten dizu zuri?
Tarteka gaizki pasatzen dut, baina oro har nahiko ongi daramadala uste dut. Sierra Leonan haurrak kartzela barruan eta neskatoak kalean prostituzioan ikustea arras mingarria izan da. Ideia horiek buru barrenean kolpeka izan ditut gauetan. Ezin duzu saihestu pertsona horiengan pentsatzea, jakinda gainera ezin duzula ia ezer egin.
Besteak beste salestarrentzat eta Medicus Mundirentzat egiten duzu lan.
Salestarrekin badut oso harreman polita duela hamar urtez geroztik eta egin ditugu jada beste horrenbeste dokumental haientzat. Konfiantza handia dugu eta haien bidez ikaragarrizko egoerak ezagutu ahal izan ditut: Kolonbiako haur soldaduak, Sierra Leonan prostituzioan aritzen diren neskatilak, Togon sorginkeriaz akusatutako neskatoak, Angolako eta Haitiko kaleko haurrak, eta Boli Kostan diren gerra errefuxiatuak, besteak beste. Medicus Mundirekin bi dokumental egin ditugu Mozambiken, La fiebre del oro eta A luta continua.Infernu horien inguruko informazioa zabaltzeak balio du gauzak aldatzeko?
Bai. Zerbait aldatzeko lehenbizi ezagutu egin behar da. Niretzat pribilegio bat izan da pertsona horiei ahotsa eman ahal izatea. Haien bozgorailua naiz. Bizirik irauteko jendearen borroka-kontakizunak interesatzen zaizkit. Oso pozgarria da ikustea zure lanek egoera batzuk aldatzeko balio dutela. Live dokumentala egin ondoren, adibidez, Sierra Leonako Gobernuak salestarren lanaren berri izan zuen, txalotu zuen, eta orain lanean hasi da haurren prostituzio egoera lazgarria amai dadin. Gauzak aldatzeko ahalmena duten eragileengana iristea eta mugiaraztea lortu da. Hor dago koska.
Nola lantzen dituzu dokumentalak?
Dokumentazioa da aurrenekoa. Zenbat eta gehiago prestatu, hainbat hobe. Elkarrizketa asko egiten dugu Skype bidez joan aurretik, esate baterako. Ideia gutxi baina argiak eraman ohi ditut. Pertsona irekia naiz eta jendea ezagutzea gustatzen zait. Jende xumearekin elkartu eta haien istorioak entzun. Miresten ditut pertsona horiek. Nola bizi diren, munduko hainbat tokitan nola borrokatzen duten ikustean ez dut pena sentitzen, miresmena baizik. Haiek dira protagonistak, heroiak dokumental hauetan, eta ni horrela ongi sentitzen naiz.
Erraza da kamera batekin toki horietan ibiltzea?
Afrikan oso zuria sentitzen zara eta nahi eta nahi ez pribilegio egoeran sentitzen zara lehen munduan jaiotakoa izateagatik. Pribilegio horrek behartzen du harreman guztiak desorekatuak izatera beti. Egiten duzuna egiten duzula, zuk beti aukera duzu hara joateko, han egunero jateko eta zure etxera itzultzeko. Imajinatzen dut batzuetan inbidiaz begiratuko gaituztela, batez ere nahi dugun tokira joan gaitezkeelako. Gorrotoa ere sentitzen dute batzuetan.
Haitira lurrikararen ondoren joan ginen dokumental batzuk egitera, Nazio Batuen Erakundean lan egiten duen Alejandro Pacheco donostiarraren ekimenez. Oso pertsona azkarra eta ona da, eta dokumentalak ikuspuntu positibotik egiteko gogoa zuen, hango bizi istorioak erakusteko. Nomadak Tx ikusi zuen eta asko gustatu zitzaion. Bi hilabetean hiru film eder egin genituen, baina presioak eta irainak jasan behar izan genituen. Hainbeste jende joan da irudi lazgarrien bila, orain nolabaiteko gorrotoa diote kameradun zuriari.
Errefuxiatu eta migratzaileen gaia pil-pilean dago.
Ikaratu egiten nau errealitateak. Egunkaria ikusteak tu egiteko gogoa ematen du. Haurrak kartzela barruan ikusten ari gara AEBetako mugan, haien gurasoengandik bereizita; ehunka pertsona itotzen uzten ditugu itsasoan; adierazpen xenofoboak nonahi…
Nardagarria, ulertezina, geurekoia eta doilorra da. Nola zapaldu daiteke horrela infernutik ihesean datorren pertsona baten bizitza? Eta ez da politikari batzuen kontua soilik, jendartean ere oso zabaldua dagoen ideia da. Harro sentitzen naiz euskal herritarra izateagatik hemen sentiberatasuna, hurbiltasuna eta eskuzabaltasuna handiak baitira, beste toki askotan baino askoz handiagoa. Hala ere, ikaragarria da gertatzen ari dena. Gizarte bezala lotsagarria da egiten ari garena.
Zein da zuen hurrengo lana?
Ugandako dokumentalaz gain esku artean dugu fikziozko film luze baterako proiektua. Freetown, Sierra Leonako hiriburuko Pademba izeneko kartzelaren egoeran oinarritutako istorioa da. 300 presorentzako tokia duen presondegian gaur egun 1.900 pertsona pilatzen dira, haien artean adingabe asko. “Lurreko infernua” deitzen diote toki horri eta benetan gogorra da han ikusten dena. Hiru aldiz egon naiz eta oihuka deitzen nau. Hori da gehien hunkitu nauen tokia, Cerro Ricorekin batera.