Zer iritzi duzu transexualen eskubideak defendatzen dituen Nafarroako legeaz?
Kontu handiz eta egoera ongi ezagututa egindako legea da. Gure tratamenduak Osasunbidearen bitartez jarraitzea ahalbidetzen digu. Nafarroan Transexualitate eta Intersexuko Unitatea daukagu, beharrezkoa dugun laguntza psikologikoa eta endokrinologikoa errazten digu. Hormonatze botikak beraiek ematen dizkigute, eta ebakuntzak ere diruz laguntzen dizkigute, nahiz eta baginoplastia egiteko, adibidez, hiru urtez itxaron behar izaten dugun. Eta eskaera, gainera, 18 hilabeteko hormonatzea eta gero egin behar dugu. Laburbilduz, bost urtez zain egon behar dugu ebakuntza Malagan egiteko. Horregatik gutako batzuek medikuntza pribatura jotzen dute. Thailandian 8.000 euroren truke ebakuntza egiten dizute. Herrialde hori dugu ebakuntza mota horren paradisua, eta profesional onak dituzte. Diru munta hori, alta, bildu beharra dago. Bartzelonara ere joan zaitezke, klinika pribatura, eta 20.000 eurotik gora ordaindu. Lege horri esker izan ez balitz, nik ez nuen lortuko. Arras lege abangoardista da, baina oraindik garatzeke dago, onartu zenetik sei urte pasatu eta gero osasun-atala bakarrik jorratu baitute.
Nafarroan dagoen transexualen kopurua ezaguna al da?
Sekula ez da jakin ahal populazioaren zein portzentaje den transexuala. Gai tabua da, guztiz, oso ezkutua. Urtetan guk geuk benetako nortasunari uko egin diogu. Nik banekien zer zen gertatzen ari zitzaidana, baina ezin nuen onartu: zer esan behar zuten nire familian, nire inguruan? Komunikatzen ez den kontua da, erokeria, gizartearentzat arriskutsua den zerbait. Eta zure lanari eutsi nahi badiozu, zer esanik ez. Ni karrikaratu ninduten enpresako nagusiak ez zuelako nire transexualitatea onartzen. Transexualitate femeninoaz ari garela, mundu matxista honetan gizarteak ezin du onetsi gizona izatetik emakume izatera pasatu izana, alegia, “mailaz jaitsi” izana.
Zergatik ez zenuen erabakia lehenago hartu?
Oso nomada izan naiz. 20 urterekin Madrilera egin nuen, eta 23rekin Hego Amerikara. 1995ean Mexikoko poliziak eta militarrek atxilotu, desagerrarazi, eta handik kanporatu ninduten. Etxera itzuli eta, Chiapaskoa bor-bor zegoela, batetik bestera ibili nintzen. Handik denbora batera gelditzea erabaki nuen. Apaiza izateari utzi nion, eta orduantxe hil ala biziko premia sortu zitzaidan: nintzen bezala bizitzea. Amerikan esaten zuten urgenteak ez diola garrantzitsua denari tokirik uzten. Eta nomada nintzenean garrantzitsuena hurrengo minutua zen, ni eta inguruan nituenak bizirik jarraitzea.
Nola sortu zen emakumea izateko azken erabakia?
Ikaragarrizko indarrarekin, kaxa baten barruan sartuta dagoen malgukia bezala, kaxa zabaldu eta bat-batean jauzi eginez irteten den horietarikoa. Transexualitate Unitateko lehenetariko bezeroa izan nintzen. Eta dena kasualitatez izan zen. Tiroide arazo bat izan nuen, eta nire medikuak endokrinologoarengana joateko gomendatu zidan, eta bide batez, nire sexualitateaz nituen kezken berri emateko probestu nezala. Nik probidentzian sinesten dut, goiko indar batzuek bidean lagundu nautela. Tiroide arazoa azaldu behar, egoera horri aurre egin niezaion. Osterantzean, oinean mina hartu izan banu podologoarengana joko nuen... Prozesuari 2011n ekin nion, 2013an izena aldatu ahal izan nuen eta ofizialki emakume bezala agertu, eta horrela urratsak ematen jarraitu nuen.
Goizean esnatu eta ispiluaren aurrean emakume bat ikusten duzularik, zer sentitzen duzu?
Poza ematen dit, eta aurrera egiteko jarrera hobea. Nahiko pertsona alaia izan naiz beti, baina bazen zerbait nire barruan gezurrezkoa zena, eta banekien. Orain hori ez dago. Osoagoa naiz. Ispiluari begiratu eta nire buruari esaten diot: “Emakume izatea lortu dut!”. Zuk zer zaren jakin dezakezu, baina munduak zaren bezala onartzen ez bazaitu, ezin zara ongi bizi.
Apaiz izatea aukeratu zuen pertsona hartatik zer gelditu da?
Ez naiz gehiegi aldatu, eta nire ideiak ere ez. Espiritualitatea bizi dut, Eliza katolikoak gogaitu banau ere. Sinestuna naiz, baina ez praktikantea. Jaungoikoarekin dudan harremana axola zait, eta ez Elizarekin izan dezakedana.
Aita santuak zer pentsatuko du zutaz?
Berarekin hitz egitera joatea bururatu zait inoiz. Alabaina, pertsonak ataka konplikatuetan jartzea ez dut gogoko. Eta ez diot konplikatuegia duen aitasantutza gehiago zaildu nahi. Aukera izango banu honakoa esango nioke: Elizarentzat apaiza izaten jarraitzen dut, oraino ez didate dispentsarik eman. Gainera, emakumea naiz eta, are okerrago, nire bikotekidea ere emakumea da, lesbiana naiz beraz. Ea zein irtenbide ematen diogun honi!
Nola uste duzu hartuko zintuzketela Chiapasko chol indigenen komunitateetan?
Ez dut uste arazorik izango nukeenik. Ibili nintzen komunitateetan ‘homosexualak’ esaten zieten pertsonak bazeuden, edo ‘diferenteak’, baina ez zituzten mespretxatzen. Han, kasu, nesken taldetan ibiltzen zen gazte bat ezagutu nuen, eta han sexuen arteko banaketa oso nabarmena da eguneroko jardueretan. Bada, gazte hura emakumeekin hobe sentitzen zen, eta komunitateko zereginetan hobeki hartzen zuen parte. Onartzen zuten, ez zegoen inolako arazorik. Komunitateetara itzultzen banaiz, hasieran pixka bat kostatuko zaiela pentsatzen dut, baina onartuko naute. Ez dakit ‘ladinoekin’, indigenak ez direnekin, berdin gertatuko litzatekeen.
Sabanillako (Chiapas, Mexiko) parrokian apaiz lanetan zebilen, chol indigenen lurraldean, ejertzitoak eta poliziak beste bi apaiz atzerritarrekin batera atxilotu eta Mexikotik kanporatu zutenean, afera politikoetan esku hartzea egotzita. Urte eta erdi lehenago, 1994ko urtarrilaren batean, komunikabideek Guatemalarekin muga egiten duen Mexikoko lurralde pobre horri erreparatu zioten, Ejertzito Zapatista hemen altxatua baitzen, Marcos komandante-ordea ikur ezagunena izan zuelarik.
Nafarroan berriz finkatu zelarik, Honduras eta El Salvadorren ere ibilitako apaiz nomada honen bizimodua egonkortuz joan zen, eta Elizarekin lotzen zuen soka hautsi, harik eta “ikaragarrizko indar batekin” bizitzan edukitako kontraesanik handienak eztanda egin zion arte: emakume zen gizonaren gorputzean. Orain, Nafarroako Transexualitatearen Legeari esker, burua eta gorputza uztartzea lortu du eta Lizarrako Café con letras kulturgune eta kafetegiaren kudeatzailea da. Alizia Izal du izena eta, goizero, ispilura begiratu eta zera esaten dio bere buruari: emakume izatea lortu dut!