Eskerrak gardentasun garaian gauden

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko mar. 22a, 00:00

NAFARROAKO KUTXAREN desagerpena ikertzen duen Nafarroako Legebiltzarreko batzordeak martxoaren 20an aurkeztuko ditu ondorio nagusiak. Funtsean, ezingo du bere helburua  bete duela esan, hau da, CANen desagerpena nola gertatu zen azaltzea. Hasieratik sumatzen zen bezala, hori hurrengo legealdirako geldituko da, Legebiltzarreko osaketak horretarako aukerarik ematen badu bederen.

Baina ahaleginak merezi izan du, zalantzarik gabe, batez ere hainbat datu eta borondate oso agerian geratu direlako. Bat, CANeko kudeatzaile ohiek ez dute ikerketarik errazteko inongo asmorik, ezta kudeaketa hau zaindu behar zutenek ere. Bi, PSN berriz izan da giltzarri Batzordeak egiazko ikerketarik egin ez dezan eta berriz UPNrekin aliatu da elkarrekin azken 30 urteetan egindako ibilbidearen babesean. Hiru, agertutako datu, azterketa eta borondateek, argi utzi dute CANen kudeaketa oso txarra izan zela.

CAN Fundazioak, Espainiako Bankuak, Caixabankek, FROBek (Banku Erreformarako Birrantolaketa Ordenaturako Fondoa) eta CECAk (Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa) ukatu egin diote Nafarroako Legebiltzarrari honek eskatutako informazio esanguratsuena. Madrilgo Parlamentuko batzorde batek eskatu izan balio, hari ematera behartuta leudeke, baina parlamentu autonomo bati ez; funtsean, datuen babeserako legea urra dezaketela argudiatu dute. Eskerrak ustelkeriaren aurkako eta gardentasunaren aldeko garaian bizi garen!

Diruaren kudeatzaile erraldoiak Ezkutalekun gotortu dira, baina diruaren zaintzaile txikiek leihoak ireki eta aire freskoaren sarrera ahalbidetu dute. Hori da Nafarroako Kontuen Ganberak beste behin ere egin duena. Nafarroako Legebiltzarrak eskatu zion aztertu zitzala CANeko kontuak 2001etik 2011ra, tartean Banca Cívicaren  sorrera. Ondorioak beste behin ere azpimarratu du gertatutakoaren hondamendia: 2009an banku fusioen prozesuari ekin aurretik CANek 1.170 milioi euroko balioa zuen eta prozesu honen amaieran, 2011n, Caixabankek 175 milioitan erosi zuen. Zer gertatu zen tartean? Hori ezin duela erantzun aipatu du Kontuen Ganberak, horretarako informazio nahikorik ez duelako.

Hilaren 20an talde bakoitzak bere ondorioak aurkeztuko ditu Legebiltzarreko ikerketa batzordean eta martxoaren 26an eztabaidatuko da osoko bilkuran. PSN berriz izango da UPNren makulu eta Ezkutalekuko leihoak hurrengora arte itxiko dira tinkotasunez. Testuinguru honetan, Maria Chivite PSNko lehendakari hautagaiak hurrengo legealdi hasierarako garbiketa demokratikoa eta gardentasunari buruzko batzordea agindu du. Txiste txarra, hori da esan liteken txikiena.

Epaitegiek kontrakorik erakusten ez badute, Espainiako legediak berriz erakutsiko du nahiago duela datuak ezkutatzen laguntzea, gardentasun eskaerari bide ematea baino; nahiago duela boteretsuen defentsan jardutea, herri borondatearen ordezkari den Legebiltzarrari erantzutea baino. Alde ona da hori guztia gero eta garbiago ikusi dela orain, besteak beste, oposizioak ikerketa batzorde hau bultzatu duelako.

ALDAKETA nahi du alderdi batek eta honako mezuak luzatu dizkio gizarteari: ”Egungo sistema indibidualistaren aurrean mugimendu sozialek bultzatzen duten alternatiba solidarioa nahi dugu”. (...) “Pertsona askoren ustez ez dago ekonomialari dogmatikoek egia zientifikotzat saldu nahi dituzten ekonomia kapitalista basatia eta muturreko kontsumoa baino bestelako ekonomiarik” (...) “Pentsamenduaren alor desberdinetatik hamarkadatan lantzen ari den Oinarrizko Errenta Unibertsala da aztertu behar den proposamenetako bat”. (...) “Gure proiektua gehiengo zabalak bilatzeko sortu da” (...) “Eraldaketarako tresna gara”.

Hego Euskal Herrian EAJ, EH Bildu, UPN, PSOE, PP eta Podemos izango dira eskaintza nagusiak oraingoz. Gorago aipatutako esaldiak EAEko Podemosen Euskal Hiriaren agiri batekoak dira. EAEko Podemosek esan du, gobernatzeko indarrik ez badu, nahiago duela oposizioan egotea. Kultura politiko oso desberdinetakoak izan arren, ulergaitza litzateke Podemosek eta EH Bilduk bat ez egitea hainbat lekutan gobernatzeko, botoek horretarako aukera emango balute.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!