Oskar Alegria: "Euskaldunak ere irla bat garelako piztu dugu hainbertze dokumentalgileren interesa"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko ots. 9a, 10:30

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak 9. edizioa egingo du otsailaren 10etik 15era, Iruñean. Dokumentalgintzaz, ariketa zinematografikoez, begiradaz, Ikuspunturen nondik norakoez mintzatu zaigu Oskar Alegria jaialdiko zuzendari artistikoa.

Aurtengo edizioan ikusi dituzuen lanak aintzat hartuta, joerarik ari al da nagusitzen dokumentalgintzan?

Konturatu gabe, hiru zuzendari errepikatu dira, Ikuspunturen aurreko edizioren batean egonak: Antoine Boutet, Eric Baudelaire eta Adam Gutch. Ez dugu espresuki egin, baina horrek erran nahi du aurreko arduradunen haritik ari garela eta marka ona da, ez gara hausturaren aldeko, aizkorakadaren aldeko; miresteko moduko lekuan kokatu dute festibala aitzindariek eta leku horretan ibili behar. Jorraturiko gaiei dagokionez, ez dira asko: Giorgio Agambenek erraten duenarekin erabat akort nago, munduko istorioak zazpi sailkapenetan sartzen dira eta kito. Horretan segitzen dugu gizakiok: amodioa, salaketa, barkamena... Aldatzen dena da forma, paisaia, pertsonak… baina muina funtsean betikoa da.

Zeri erreparatu diozue hautaketa prozesuan? Zuk zer eskatzen diozu dokumental bati?

Pario bat ukaitea, pentsatzen duen buru bat sentitzea atzean, eta erantzun gabeko galderak pausatzea. Festibalaren espiritua Jean Vigo dugu, espiritu independentea, bidezidorrak miatzen zituena, eta hori da gure abiapuntua eta helburua. Ezohiko dokumentalak, ausartak eta oldarkorrak bilatzen ditugu, barruak inarrosteko gauza direnak, bihotzetik edo tripetatik sortzen direnak, eta ez patrikatik.

Zein ardura du dokumentalak errealitatearekiko eta kontatzen ari denarekiko, begirada neutrorik ez dagoela jakinda?

… eta ez da nehoiz neutroa izan behar, gainera. Horixe zen preseski Jean Vigok erran nahi zuena “ikuspuntu dokumentala” erramoldea asmatu zuelarik (hortik hartu zuen festibalak bere izena). Errealitatearen potreta baino ez da dokumentala, errealitatearekin dantza egiten du. Batzuetan dokumentala da dantza horretan agintzen duena, eta bertzetan errealitatea da pausoak markatzen dituena. Egilearen presentzia zenbaterainokoa den, hor jarriko nuke nik langa, baina egilearen presentzia beti dago.

Ikuspuntun lehiatuko diren filmek gaurkotasuneko gaiak jorratu dituzte, ala gai unibertsalak dira nagusi?

Batzuk salaketa  dira, oihuen modukoak, eta gaurkotasunari hortik heltzen diote. South to North, ura batetik bestera garraiatzeko proiektu txinatar alimalekoari buruz, pelikula ikaragarria da; Our terrible country filmak Siriako demonio guziak ditu gai; edota Letter to Max oso ariketa gomendagarria da, Abkhazia “nazio mamua” existitzen den ala ez planteatzen du. Beste batzuk gai unibertsalez mintzo dira: heriotzaz Before we go eta Huellas, bidaia poetikoa da El hombre congelado, Patrick Neu artista puruaren potreta egiten du Le Complexe de la Salamandre filmak… Denetarik dago. Enologoek erraiteko maneran, aurtengo sail ofiziala zapore guziak biltzeko kapable den arno preziatua da.

Film laburretako sinopsiei begira, luzeetan baino lan artistikoagoak aurkituko ditugula dirudi. Esperimentazioa saritu duzue?

Bai, badirudi distantzia motzek bestelako ariketak egiteko parada zabalagoa edo errazagoa eskaintzen dutela. Hala nola, OUT espainiarrak tenis partida bat kontatzen digu, baina tenislariak erakutsi gabe; Super Unit lanean Poloniako etxebizitza berezi bat erakusten zaigu, gelatik gelara jauzi eginez, eta hiru segundo nahikoa dira familia bat erretratatzeko; edota koloreak gure egunerokoan duen eragina aztertzen du Rainbow´s Gravity saiakerak.

 
“Kontzeptu oso zabala da iluntasuna, denok dugu iluntasun bat. Haiena filmatzeko eskatu diet bertze zinegile batzuei”
“Ezohiko dokumentalak bilatu ditugu, bihotzetik edo tripetatik sortzen direnak, eta ez patrikatik”
“Dokumental batean egilearen presentzia zenbaterainokoa den, hor jarriko nuke nik langa, baina egilearen presentzia beti dago”

Frantzia da lehiarako hautaturiko dokumentalen artean gehien errepikatzen den herrialde ekoizlea. Bereziki herrialde emankorra da dokumentalgintzan?

Sukaldaritzan erraiten da tipula mozteko ganibeta hartzen duzun mementotik, Frantziarekin zorretan zaudela. Zineman gauza bera: ez ahaztu bertako asmakizuna dela, eta menturaz ez da Frantziatik hain aise ihes egiterik zinemaz ari garenean. Antolaturiko zikloetan ere, pisuzko izen frantziarrak izanen dira: Jean Epstein, Louis Delluc, Lumière anaiak…

Orson Wellesek Euskal Herriari buruz egin zituen dokumentalak izango dituzue hizpide: Pays Basque I (The Basque Countries) eta Pays Basque II (La Pelote Basque). Nolako Euskal Herria erakutsi zuela esango zenuke?

Paradisu baten bila etorri zen Welles jauna, eta berak baino lehenago paradisu hori aurkitu zuen familia bat topatu zuen: Wertenbaketarrak. Ziburun bizi arren, estatubatuarrak ziren. Hasiera batean, astebete pasatzera etorri ziren, baina Chris Wertenbaker gazteak (Orson Wellesen dokumentalean agertzen den 11 urteko mutikoa, pelikulan gida lanak egiten dituena) kontatu zidanez, behin Ziburuko aldapan korrika lurrera erori eta bizilagun batek (Pepita Telleriak) belauneko zauria mimoz sendatu ostean etxera eraman zuen; eta Chrisen amak halaxe erran zion senarrari: “Hemengo jendea jende gisakoa da, hemen geratuko gara bizitzera”, eta zazpi urte eman zituzten Ziburun. Chris Wertenbaker gure kostaldean koskortu zen eta gida ezin hobea izan zen zuzendari estatubatuarrarentzat, joko garbiaz, euskal dantzez edota euskarari buruz aritzeko. Hemen izango dugu, festibalaren irekieran.

Ipar Euskal Herrian filmatu duten beste hainbat zinemagileren lanak ere emango dituzue. Zer azpimarratu dute batik bat, bada elementu komunik?

Zinezko altxorrak dira. Pentsa, munduko zein txokotan izan dira hainbertze taxuzko zinemagile kultura baten potreta egiteko edo paisaia bat harrapatzeko asmoz? Ez zait bertzerik bururatzen. Areago, zinemaren historia guzia gure txokoetatik atera gabe segi daiteke! Erraiteko, Lumière anaiak, trenaren mugimendua eta langileen irteera filmatu ostean, Miarritzera etorri ziren bertze mugimendu baten bila: olatuak. Birjinaren Arroka ondoko uhinak harrapatu zituzten. Lehenengo sonoroa, kanpoan filmatua, 1930ean izan zen eta asmakizun horretarako ere Maurice Champreux maisuak euskaldunak aukeratu zituen, herri kantaria garela-eta. Euskarazko lehen hitz filmatuak jaso zituen eta hori guztia ikusiko dugu festibalean. Louis Delluc-ek 1921ean errodaturiko film ezezaguna ere aipatu nahiko nuke, benetako harribitxia: zoko-moko guziak miatu ondoren, Azkaineko itsasoari beha dauden mendi mazelak aukeratu zituen filmerako, munduko argirik ederrena hortxe zegoela iritzita.

Hiru atzera-begirako antolatu dituzue: Margaret Tait zinemagile eskoziarrari eskainitakoa, irlak protagonista dituzten dokumentalen ingurukoa, eta zinematografiak dituen mugez gogoetatzen duen Isidoro Valcárcel-en La celosía lanari buruzkoa.

Azken finean denek irlak dituzte oinarri, baita guri buruzko dokumentalek ere, euskaldunak irla bat izan garelako eta garelako, eta horrexegatik piztu dugu eta pizten dugu hainbertze dokumentalgileren interesa. Margaret Tait Orkada uharteetako batean [Eskoziaren ipar-ekialdean] sortu zen eta irla horrek presentzia handia du bere filmetan; bertako Orquil errekari pelikula poetiko eta sakona eskaini zion. Atzera-begirako horren osagarri, hemezortzi filmetan hogeita bi irla eta erdi bisitatzeko aukera emango digun zikloa dugu: uharte baten mila aurpegiak erakutsi nahi ditugu, paradisua izan daitekeelako, baita artisten abaroa ere, edo presondegi krudela…

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!