Literaturak adina merezi duelako

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko ots. 1a, 00:00

Nonahi aurkituko dituzu irakurle klubak, zeinahi hiritan –bai, Hego Euskal Herrian errazago–. Talde itxitan eta ez hain itxitan, edo plaza izan nahiko luketen inguru zabalagotan antolatzen dira, aurrez hautatutako liburuari norberak lekarkeen optikatik erreparatzeko, eta finean, liburuan mahai gaineratu duen gaiaren aitzakian solastatzeko.

Honez gero ehunka dira denera. Hitzen Uberan webguneko agendari begiratua ematea aski, tributxo hauei esker han-hemenka zer-nolako mugimendua dagoen ikusteko.

Halakorik, ordea, kostako zaizu aurkitzea. Lerrootan nabarmendu nahiko genukeen irakurle taldeak lehengaia du bestelakoa, komikia edo nobela grafikoa, eta horren ondorioz, gainerako guztia: parte-hartzaileak, solasgai nagusia (Sarriugarteren Erraiak eleberria edo Asterix eta Obelixen abentura bat ardatz hartzea, demagun, ez baita gauza bera), nabarmendu beharreko elementuak, hizketarako eta azterketarako irizpideak, motibazioa (euskara ikasten ari denari eta euskaraz mintzatzeko aukera behar duenari arreta berezia jarri baitzaie)...

Iruñean betiere, hileko azken ostegunetarako programatu den hitzordua duzue hauxe. Zaldieroren De Rerum Natura 5 bildumak emango dio hasiera programazioari, otsailaren 26an. Martxoan, Paco Rocak sortu eta Bego Montoriok Astiberri argitaletxearen enkarguz itzuli duen lana izango dute mintzagai: Zimurrak. Apirilean René Goscinny eta Albert Uderzo maisuei helduko zaie txanda. Hilaren 30ean, hain zuzen, Asterix Legionarioa izango baitute hizpide. Maiatzaren 28an, euskaraz izan dugun komiki-bildumarik txundigarrienetako bat hartuko dute esku hartzean: Jose Carlos Fernandes portugesaren Munduko bandarik txarrena (1998-2003), Txapalarta argitaletxeak 2013an plazaratua. Programatuta dagoen azken saioa, nola ez, Harkaitz Canok, Jorge Alderetek eta Fermin Muguruzak ondutako Black is Beltzari eskainiko zaio.

Iluntzeko zortzietan izango dira beti. Katakrak-en, haustearen onomatopeia berritasunaren parera goratu duen liburu-dendan.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!