Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Andres Urrutia Badiola Euskaltzaindiko lehendakariak sinatu dute hitzarmena. Urrutiarekin batera, hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira Sagrario Aleman euskaltzain eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria, eta Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea ere.
Euskaltzaindiak euskararen gramatika-arauak ikertu eta formulatzen ditu, euskararen erabilera sustatzen du, eta euskararen eskubideak defendatu. Hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiak konpromisoa hartu du Iruñean duen ordezkaritza mantentzeko erabiliko duela dirulaguntza, bai eta hizkuntza-aholkularitza emateko ere, Nafarroan aplikatzekoak diren hizkuntza-arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala den heinean.
Euskaltzaindiak euskararen inguruko aholkularitza eskainiko die bai Udalari eta bai herritarrei; txostenak egin eta ziurtagiriak emanen ditu, eta kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak antolatuko ditu. Halaber, egin edo sustatzen duen argitalpen bakoitzaren hamaika ale emanen dizkio Udalari.
Beraz, Udalak 12.000 euro emanen dizkio Euskaltzaindiari 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten dituen jardueretarako.