Pompeloren estatua togaduna Nafarroako Museoan ikusgai

Bidane Beloki Ezker 2025ko mar. 18a, 13:00

Susana Irigaray Museo Zerbitzuko zuzendaria, Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendaria, Rebeca Esnaola kontseilaria eta Carmen Mark-Jacobs aditu alemaniarra, 'Pompeloko togaduna' estatuarekin. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Estatuaren interpretazio berri bat plazaratu du Vianako Printzea Erakundeak: neskato bat irudikatzen du, erromatar herritarra da eta K.o. I. mendearen lehen erdian kokatzen da. 2023an erosi zion Nafarroako Museoak New Yorkeko galeria bateko jabeari. Orain, museoko obrak amaituta, berriro dago estatua ikusgai.

Duela 130 urte, 1895ean, Kuria kalean aurkitu zuten lehenengo aldiz ‘Pompeloren togaduna’. Handik gutxira, 1906. urtetik, desagertutzat ematen zen estatua. Estatuaren berri bazegoen ordea, 1911n argitaratutako zuri-beltzeko argazki bati esker. 2015ean argazkiaren arrastoak  New Yorkeko bilduma berezi batengana garamatza eta hantxe egiten du topo Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak obrarekin. Nafarroako Museoaren laguntzarekin batera estatua Iruñera itzultzeko kudeaketa prozesua abiatu zuten 2022an, bi urtez aldi baterako mailegu gisa, Nafarroako Museoan erakusteko eta aztertzeko.

Tarte honetan, Vianako Printzea Erakundeak Carmen Mark-Jacobs aditu alemaniarrari eskatu zion obraren inguruko txosten bat ondasuna ahalik eta hobekien ezagutzeko; eta hori da berriki ezagututako informazioa. Ordura arteko interpretazioen arabera, gizon bat irudikatzen zuen lanak. Izan ere, estatuak ez du burua kontserbatzen eta lepotik bera irudikatzen du pertsona baten gorpua.

Luis Romero Novellak 2015ean proposatutako interpretazio eta kronologia da hori: brontzezko gizonezko baten estatua, mundu osoan kontserbatu diren 13 pertsonaietako bat irudikatzen duena, Ca de Goette motakoa eskultura, K.o. II. mendearen lehen erdian datatua, eta eskuineko eskuan isipu moduko bat daramana.

‘Pompeloko togaduna’ uste baino mende zaharragoa da. Hamar edo hamabi urte inguruko neskato bat irudikatzen du, eta esku artean duena, galburu sorta bat da, etorkizuneko emankortasunaren keinu. Adituen arabera, hileta-esanahia izan dezake estatuak edo familiako eskultura-sorta bateko pieza izan.

Iberiar Penintsulan ezagutzen den brontzezko bigarren estatua togaduna da

2023ko ekainean erosi zuen Nafarroako Gobernuak pieza, inguruko adituen iritzia ikusita, garrantzi handiko pieza izan zitekeelakoan. 572.610,88 euroren truke erosi zion exekutiboak New Yorkeko jabe pribatu bati. Egungo ikerketen datuen arabera, balio erantsia du obrak. Izan ere, Iberiar Penintsulan ezagutzen den brontzezko bigarren estatua togaduna da.

Eta, Nafarroako Museoko obrak abiatu arte, eskultura ikusgai egon da, Romero Novellaren interpretazioarekin batera. Orain, birgaitze lanak amaituta, estatua berriro egongo da ikusgai museoko beheko solairuan, Marck-Jacobs adituak berriki egindako ikerketaren ekarpenenekin batera.

Gainera, martxoaren 22an, larunbata, eta 23an, igandea, Museoaren ordutegian, Aitziber Guembe arkeologoak bisita gidatua egingo du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!