Pobreziari aurre egiteko erakundeen inplikazioa galdegin du Paris 365ek Nafarroako Parlamentuan

Bidane Beloki Ezker 2025ko mar. 5a, 10:16

Gizarte ekimeneko gizarte laguntza zerbitzuek gainezka egin dute. Geroz eta pertsona gehiagok behar dute arreta egunerokoari aurre egiteko eta Paris 365 dagoeneko ez da gai zerbitzua behar bezala eman eta bermatzeko. Larriagotu den egoeraren berri eman dute parlamentuan

Duela hilabete Paris 365ek jakinarazi zuen jantokiak ez zituela martxora arte aurrez aurreko afariak emango, lanez gainezka zeudelako eta ezin iritsi erabiltzaile guztiei arreta ematera, hartara, segurtasuna bermatzeko zerbitzua bertan behera utzi zuten. Erakundeei inplikazioa eskatu zieten konponbidea lortzeko eta orain Parlamentuan izan dira egoera salatzen.

Jantokiko profil tradizionalaren erabiltzaileen kopurua "nabarmen handitzen ari dela” ohartarazi du Maria Argain Paris 365eko Gizarte langileak.  “Artatzen ditugun pertsonen prozesuak kronifikatu dira”, gaineratu du Argainek. Orain arte ohikoena erabiltzaileak jantokia hiru hilabetez erabiltzea izan da, baina orain jantokian gutxienez zazpi hilabete edo urtebete ematen dute.

Adierazi duenez, sistema hori ez da soilik administrazio publikoen erantzukizuna, baizik eta hirugarren sektoretik ere arazoari "erantzunak emateko gai izan behar dutela" iritzi dio Parisek. Bizi baldintzak okertu dira gizartearentzat orokorrean eta, zer esanik ez egoera zaurgarrian daudenentzat. “Egunero ikusten dugu pixkanaka degradatu egiten diren artatzen ditugun pertsonen prozesuak maila guztietan, fisikoki baita mentalki ere”, azaldu du. “Bizirautera” mugatzea besterik ez dutela salatu du gizarte langileak, baliabideak ez direlako nahikoak.

Erakundeen “konponbide integrala”

Ondorioz, ezinbestekoa da bestelako arreta bat bermatzea eta Paris 365 ez da horretara iristen dituen baliabideekin. Erakundeen "apustu ausarta" galdegin dute beraz, "pertsona guztien duintasuna eta gizarteratzea lortzeko".

Bat datoz alderdiak: pobreziak gora egin du eta okerrera doa, Paris 365en lana txalotu duten arren, argi dago esku hartzeko ardura erakundeena dela. PSNko Olga Chuecak "inoiz baino funtsezkoagotzat" jo du erakundeen arteko koordinazioa, bai udal mailan, bai Gobernu mailan, “egoera horri ahalik eta ondoen heldu nahi badiogu". Bere ustez, "erantzuna integrala izan behar da".

Bestalde, EH Bilduko Txomin Gonzalezek adierazi duenez, "batzuetan, tokian-tokian edo foru eremuan, kausa anitzeko erronka horiei aurre egitea benetan zaila da, eta askotan ondorioak artatzera mugatu behar gara, baina ez kausak konpontzera". 

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek adierazi du, erakunde guztien erantzun koherente eta koordinatua eskaini beharrezkoa dela; “ez du balio Iruñeko Udala besterik ez edota Nafarroako Gobernua bere aldetik”. Instituzioen ekintza falta salatu du, baina momentuz, inolako proposamen zehatzik ezta irtenbiderik ere mahai gainean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!