Eneko Lazkoz, Kattin Madariaga eta Enaitz Zestau izan dira Bertsopaper lehiaketako irabazleak

Euskalerria Irratia 2025ko ots. 7a, 08:19

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dituzte gaur arratsaldean, Nafarroako Antzerki Eskolan egin duten Bertsoaroko emanaldian. Aurten 28 lan aurkeztu dituzte guztira egileen adinaren araberako hiru kategorietan. Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroletako Alorreko zuzendari Iñigo Gómez Eguiluzek eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Sarai Robles Vitasek eman dizkiete sariak irabazleei.

Lehen saria Eneko Lazkoz Martínezek, Kattin Madariaga Apaolazak eta Enaitz Zestau Telletxeak eskuratu dute, bakoitzak bere kategorian. C kategorian, 2006an edo lehenago jaiotakoenean, Eneko Lazkoz Martínezek irabazi du lehen saria, 1.500 euro, Inoiz ez da berandu! Edo agian bai? izenburuko lanarekin: epaileen arabera, teknika bikaina du, nabarmentzeko modukoa.  Bigarren saria, 1.000 euro, Joanes Illarregi Marzoli eman diote, Manuelen ahotik lanarengatik, eta hirugarrena, berriz, 500 eurokoa, Erika Lagoma Pombarrek eskuratu du, Inozentzi: garbitzen duena lanarekin. 

B kategorian, 2007tik 2010era bitartean jaiotakoenean (biak barne), Kattin Madariaga Apaolazak irabazi ditu lehen bi sariak. Lehena Hainbertze gauza pasatzen dira lanarekin irabazi du: Palestina du hizpide, eta heldutasun eta sakontasun handiz heldu dio gaiari, hausnarketarako bidea emanez. Bigarrena, berriz, Hasieran ez zegoen ezer lanarengatik eskuratu du. Hirugarren saria Kattalin Lizarraga Mendiaren Txirrina kantari lanarendako izan da. Sari horiei esker, 350, 200 eta 150 euro irabazi dituzte, hurrenez hurren.

A kategoria 2011n edo beranduago jaiotakoena da, eta Enaitz Zestau Telletxeari eman diote lehen saria, 150 euroko kultura-bonu bat. Itzaleko argiai lanagatik irabazi du saria: Palestinako gaia jorratu du, tonu egoki eta dotorea erabiliz, eta baikortasun izpiren bat ageri du amaieran. Kategoria horretako hirugarren saria ere Enaitz Zestau Telletxeak irabazi du, Sakelekoa lanarekin: 50 euroko kultura-bonu bat eman diote. Bigarren saria, 100 euroko kultura-bonu bat, Araia Irigibel Terrerosendako izan da, Mundu eder bat bada lanarengatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!