Belosoko zuhaitz-bideko 112 zuhaitzak hilabete barru egonen dira landatuta

Euskalerria Irratia 2025ko ots. 6a, 07:30

Bidegorriaren ondoan zuhaitz handiak eta txikiak landatuko dituzte, eta ingurumen-hobekuntzen guneetan zuhaixkak, belarkiak eta basoetako bertako espezieak landatuko dituzte.

Belosoko aldapako oinezkoendako eta bizikletendako igarobide jasangarrian egiten ari diren obren barruan, Iruñeko Udala 112 zuhaitz handi eta ertain landatzen hasi da dagoeneko. Horrez gain, begiratoki berriak jartzen ari da, eta ibaiaren ondoko Erripan eta Udalaren landan zuhaixkak landatzen , gune horiek berreskuratzeko. Hirigintzako Gerentzia eta Batzordea gaur goizean izan dira lanak ikusten, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatearekin batera.

Aipatutako jarduketa horiek guztiek ingurumena hobetzea eta obren ondorioak arintzea dute helburu, eta 122.739 euroko inbertsioa izan dute.  Datozen bi hilabeteetan funtsezkoa izanen da lanak modu koordinatuan egitea, zuhaitzen landaketa arrakastatsua izan dadin; izan ere, zuhaitzak landatzea igarobide jasangarriaren obren azken fasearen parte da, baita dagoeneko martxan jarri diren margoketa- eta argiztatze-lanak ere.

Aipatutako lanek jarduketa hauek barne hartzen dituzte: batetik, hegala, oinezkoendako espaloia eta bidegorria eraikitzeko lanen ondorioz kalteak jasan dituzten landareak birlandatzea, eta, bestetik, jendaurreko guneetan espezie apaingarriak jartzea.    
  
Belosoko aldaparen ondoko zuhaitz-bidean apaindura-balio handiko 112 zuhaitz berri landatuko dituzte, hala nola Prunus serrulata amanogawa: zuhaitz handiagoekin batera landatuko dituzte, besteak beste Gingko biloba eta Freeman astigarrarekin batera.  Gingko bilobek 5 metro baino gehiagoko altuera izan dezakete, eta Freeman astigarrek, ia 20 metrokoa. Bi familietako zuhaitzak dagoeneko prestatuta dauden 112 txorkoetan landatuko dituzte, eta horri esker, itzalpeko ibilbide bat sortuko da galtzada osoan.   

Berriak eta salbatutako zuhaitzak batuta, 129 zuhaitz guztira; lehen, aldiz, 119
Zuhaitz-bide hori oinezkoendako espaloiaren eta bidegorriaren arteko pantaila da, eta gainera, bide publikoko landareen egoera hobetuko du. Aintzat hartu beharra dago igarobide jasangarria eraikitzeko lanetan une hartan espaloian zeuden 119 zuhaitzak kendu zituztela. Horietatik 17 ibaiaren ondoko Udalaren landa batean landatu zituzten berriro, eta gainontzeko guztiak moztu egin zituzten.  Beraz, 112 zuhaitz landatzeari esker, obrak hasi zituzten unean zeuden zuhaitz guztiak ordeztuko dituzte. Zuhaitzak landatzeko lanek hilabete iraunen dute, otsailaren hasieratik martxoaren hasierara arte.

Zuhaitz-bide hori sortzearekin batera, landare eta lore gehiago landatuko dituzte hiru begiratokietatik bitan; begiratokiak igarobide jasangarri osoan sortuko dituzte.  Oro har, espezie hauek landatuko dituzte: sorgin-hurritza, ileordeen zuhaitza eta arangurbe arrunta. Landare-espezie horien kasuan, aurreikusten da martxoko lehen hamabostaldian eginen direla lorezaintza-lanak.

Oinezkoendako plataforman eginen diren lan horiez gain, obren ondorioz kaltetutako Erripako gune batzuk leheneratuko dituzte, zuhaixkak eta belarki autoktonoak landatzearen bidez. Horrekin guztiarekin, helburua da higadurari aurrea hartzea eta inguruko ingurumen-kalitatea hobetzea. Landatuko dituzten espezieen artean, hauek dira aipagarrienak: arkakaratsa, zuhandorra, txilar arrunta, aster familiako kamamila, estrepa, milorria eta mendiko uso-belarra. 

Beste neurri batzuen artean, basoetako guneak sortuko dituzte, Belosobeitiko landa kasurako, bertako espezie hostotsuak landatuta. Halaber, belardiak birlandatuko dituzte, gramineak eta belarki autoktonoak nahastuta polinizatzaileak erakartzeko sustatzeko. Ingurumen-hobekuntza horiek martxoaren bigarren hamabostaldian eginen dira, eta helburua da apirilaren hasierarako bukatzea. 

Errekatik Erripara proiektu integrala
Belosoko aldapako igarobide jasangarriaren ingurua birnaturalizatzeko jarduketa bateratuak Errekatik Erripara du izena. Iruñeko Udalak ingurumena eta paisaia hobetzeko neurriak hartu nahi ditu proiektu horren bidez: zabaldutako espaloia konpentsatuko da, Iruña eta Burlata lotzen dituen oinezkoendako eta bizikletendako bideari lekua egiteko. 

Hasieran, kalkulatu zuten 2.700 metro karratuko eremu bateko landareak zeudela kaltetuta, baina azalera hori %70 murriztu da, eta, beraz, 815 metro karratuko eremuko landareak baino ez dira leheneratuko, bai espaloien gunean, bai ezponda eta belardietan.  Hain zuzen ere, gune horretan egin dira hegala eraikitzeko lanak. Hegal horretan bidegorria eta oinezkoendako espaloia eraikiko dituzte. 

Gune horiek birnaturalizatu eta landare berriak landatu aurretik, garbiketa-lanak eginen dira, eta espezie inbaditzaileak kontrolatuko dituzte. Hasieran landatu eta ureztatu ondoren, monitorizazioa bat eginen da urtero, landareak errotu direla egiaztatzeko. Lan horiei guztiei amaiera emateko, habia-kutxak jarriko dituzte, gune horretako biodibertsitatea aberasteko.

Errekatik Erripara proiektuaren helburuak dira ingurune naturala leheneratzea eta, aldi berean, paisaia harmonikoa sortzea; hain zuzen ere, azken helburu hori lortzeko nahasten dituzte espezie autoktonoak eta askotariko funtzioak dituzten espezie apaingarriak. Ekologiari mesede egiteaz gain, itzalgune berriak sortuko dituzte, estetika hobetzeko eta herritarren gozamenerako.  

Argiteria publikoa
Beloson instalatzen ari diren argiteria publikoa jartzeko orduan, proiektuaren egitura geometrikoa hartu dute kontuan. Oinezkoak detektatzeko eta bidea argitzeko argiak eusteko 39 euskarri jarri dituzte. Euskarriek 12 metroko altuera dute, eta bidegorria eta galtzada bereizteko bandan jarri dituzte. Euskarrien arteko distantzia 28 metroko da. Euskarrietako bakoitzak bideetako argi bat izanen du zoladuraren sestratik 11 metrora, eta bi metroko beso bat galtzadarantz begira. Oinezkoak detektatzeko argia espaloirantz eta bidegorrirantz begira egonen da, eta zoladuraren sestratik 4 metrora, zuhaitzek behar dituzten baldintzak aintzat hartuta.   Argi-motak, argien indarra eta optikak, eta aurretik aipatutako ezaugarriak Kanpoko Argiterien Instalazioetako Eraginkortasun Energetikoko Erregelamenduan jasotako eskakizunei kasu eginez aukeratu dituzte.

Argi horiez gain, altuera baxuagoko beste 12 argi-puntu instalatu dituzte bide horretako toki jakin batzuetan: oinezkoendako pasabideetan, erdibitzaileetan etab.

Baranda
1.300 metro luze den oinezkoak babesteko baranda bat jarri dute espaloi berriaren eta Belosoko Erriparen ezpondaren arteko desnibelari aurre egiteko. Altzairu margotuzko baranda bat da, eta zoladuraren sestra kontuan hartuta 1.100 mm-ko altuera du. Gainera, pletina bertikalak ditu 100 mm-tik behin, eta eskudela moduko pletina horizontalak goiko aldean. Barandak indarrean dagoen irisgarritasun-araudia betetzen du, eta inguruarekin bat egiten du; halaber, bat egiten du Iruñean aurretik jarri dituzten beste barandekin.

Garrantzitsua da nabarmentzea baranda RAL 6005 motako berdearekin margotzen ari direla, Iruñeko gainerako baranda historikoen moduan. Halaber, Iruñeko lehoiaren armarria txertatzen ari dira, armarri hori Belosoko jatorrizko barandan baitzegoen. 95 armarri jartzen ari dira guztira, eta haien arteko distantzia 14 metrokoa da. Hala ere, begiratokien guneetan armarrien arteko distantzia motzagoa da, gune horien balio estetikoa hobetzeko xedez.

Belosoko aldapan Bizikletendako eta oinezkoendako bidea eraikitzeko proiektua 2023ko apirilaren 5ean jarri zen martxan, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko eta Burlatako Udalek hitzarmena formalizatzearekin batera.   Obra 4.033.332,93 euroan adjudikatu zitzaion Excavaciones Fermín Osés SL enpresari, 2023ko abenduan, eta  Next Generation EU funtsen bidez finantzatu da, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. 12 hilabeteko iraupen-epea du obrak, eta, beraz, aurtengo maiatzaren bukaeran amaitzea espero da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!