Euskararen “larrialdi linguistikoa” salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2024ko abe. 12a, 14:11

Nafarroan dagoen zonifikazio “bidegabea” gainditzeko galdegin dute eta urratsak emateko gidalerroak jarri dituzte mahai gainean, urgentziazko neurrien dekalogoa aurkeztu dute Kontseiluak eta bazkideek.

Euskara eta euskal hiztun komunitatea “larrialdi linguistikoan” gaudela salatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon, azaroaren hasieran. Alarma piztuta dago eremu euskaldunetan etzera egin baitu euskararen erabilerak eta joera da “erdaraz euskaraz baino errazago moldatzea”. Eta, Nafarroan “oraindik ere hizkuntza-eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortzen zaizkie”. Hartara, “larrialditik indarraldira” igarotzeko unea iritsi dela salatu du Kontseiluak.

Diagnostikoa egin dute eta badakite non dauden huts nabarmenenak. Datuei erreparatuta, hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dutenak. Alegia, erabilera soziala ahula da, eta joera hartua dute okerrera egiteko. Eta ahultasun horrek argi dute harreman zuzena duela euskarari eman zaion estatusarekin, ez baita ofiziala eremu guztietan.

Horrela, Nafarroako Euskararen Legearen 38. Urteurrena (abenduak 15) iristear, euskara indartzeko urgentziazko neurrien dekalogoa aurkeztu dute Kontseiluak eta bazkideek; Nafarroako Ikastolen Elkartea, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, Sortzen, Errigora, EMUN, UEU, Euskal Herrian Euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bat egin dute.

Horretarako, Nafarroako Gobernuari ondorengo gakoen gainean determinazioz aritzeko eskaera egin diote:

  1. Arkitektura juridikoa aldatzea ezinbestekoa da. Euskarak Lege berri bat behar beharrezkoa du, nafar guztion hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena, eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena.
  2. Administrazioa euskaldundu behar da. Egungo merezimendu dekretua bertan behera utzi eta herritarrei harremana euskaraz bermatuko dien araudi berri bat egin behar da. Azken finean, administrazioan euskararen erabilera arautuko duen Dekretua behar da, eta horretarako Departamentuetako hizkuntza-planak martxan jarriko dira.
  3. Euskararen aurrekontua handitu behar da. Aurrekontu osoaren % 2 izanen da gutxienez. Honekin batera, hizkuntza-politika gobernuaren politiken zehar-lerro bihurtuko da.
  4. Hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jarri behar da.
  5. Helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartu behar da.
  6. Arlo-sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak behar dira.
  7. Euskarazko hedabideak babestu behar dira.
  8. Aisialdiaren euskalduntzea sustatu behar da.
  9. Arnasguneak babestu behar dira.
  10. Erabilera soziala eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekimenak sustatu behar dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!