Landa eremutik, hirigunera. Gaur traktoreak ikusiko ditugu Iruñean. 100 edo 200 inguru. Orain arte lortutakoarekin aski ez, eta kalean segitzen dutela ikusarazi nahi dute. Goizeko hamar terdietan aterako dira Berriozarren dagoen Eroski saltokitik. Hiriaren erdigunera eginen dute bidaia eta eguerdian agerraldia iragarri dute Foruen plazan.
Herrien etorkizunaren alde, nekazaritza eta abeltzaintza defendatzeko deia egin du Semilla eta Belarra izeneko plataformak. 20 entitatek osatzen duten UNASPI taldearen dei orokorra da. Europa mailakoa. Izan ere, Mercosurrek eta Europar Batasunak hartu dituzten erabakiekin ez datoz bat: ostiralean egindako bileran egindako ituna nekazaritzaren kontra doana dela uste dute Europatik kanpoko herrialdeetako produktuei ez baitzaie Europako kalitate standarrak eskatuko. Joko arau berak nahi dituzte guztientzat.
Gaurkoa, ordubeteko protesta izanen dela aurreikusi dute. Nafarroako etorbidea, Belate monasterioa, Baiona eta Armada etorbideak, Olibeto Kondearena, Behe Nafarroako etorbidea, Ramon Aginaga kalea eta Sarrigurengo bidea zeharkatuko dituzte.
Lehen sektorearen defentsa urtebetez kalean egin ondoren, inoiz baino indartsuago datozela adierazi dute protestaren deitzaileek. Izan ere, euren eskaerek ez dute aurrera egiten eta landa eremua eta lehen sektorea oraindik ere ez dira protagonista izaten ari negoziazioetan, hartu beharreko erabakietan, diote.
UAGN eta EHNE sindikatuak heldu den astelehenean aterako dira kalera Mercosur eta Europar Batasuna prestatzen ari diren itunaren kontra egiteko. Kasu horretan, Madrilen izanen da protesta, Nekazaritza Ministerioaren paretik abiatuta.