Nafarroako Gobernuak Larrialdi Plana aktibatu du Iruñean 0 mailan, uholde arriskuaren aurrean. Foru Gobernuak ere elurra kentzeko 64 makina jarri ditu martxan elur-kota 800 metrora jaitsi baita iragan gauean.
Ega, Arga eta Irati ibaiek gainezka egin dezakete euria dela eta, alerta horia gaur eguerdira arte mantenduko da. Hartara, igande arratsaldean aktibatu zuten uholde arriskuagatik larrialdi plana. Argak, Ultzamak, Larrauk eta Arakilek dute ur kantitaterik handiena une honetan.
Nafarroako Gobernuak herritarrei gogorarazi die beharrezko prebentzio-neurriak har ditzatela, batez ere denboraleak kaltetutako eremuetan beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuz, ibaira ez hurbiltzea eta ekiditea aire zabaleko kirol jarduerak. Iruñean ere, prebentzio gisa Korralillos, Runa parkea, Club Natacion eta Magdalena aparkalekuetan ezin da aparkatu eta aparkatuta jarraitzen duten ibilgailuak kendu dituzte udal-garabiek. Ibai ertzeko zenbait oinezkoentzako bide ere moztuak daude atzotik.
Errepidean oro har, arazorik ez
Errepideetako egoera uneotan ez da kezkagarria, arreta jarri behar da sortu daitezkeen ur-putzuetan eta hainbat trafiko mozketa daude uneotan Nafarroan. Pirinio aldean Belaguako eta Larrauko mendateak eta Otsagabiako errepideak itxi dituzte elur arriskuagatik baita errepidean elurra egoteagatik. Aralarren ere arriskua dago eta kateak jartzeko gomendatu du Trafiko Departamentuak. Irurtzun aldean Sakanako autobidean trafiko mozketak daude uholde arriskuagatik. Uharte Arakilen ere errepide zaharra moztuta dago Arakil ibaiak gainezka egin duelako. Kaparrosoko bidea ere autoentzat ez dago erabilgarri.
Hala ere, errepideei buruzko informazio gaurkotua kontsultatu daiteke www.incidenciascarreteras.navarra.es webgunean eta 848 423 500 telefono zenbakian. Nafarroako Gobernuak errepide eta azpiegitura nagusietan dituen web kameretan ere ikus daiteke bideen egoera.