Apirilean ireki zenetik urriaren 30era arte, Sexu-indarkerien Arreta Integraleko Zentroak (SIAIZ) 258 emakume artatu ditu. Horietatik 146 emakumek jasandako indarkeria berreskuratzeko epe ertain edo luzerako prozesu bati ekin diote, hezkuntzan eta psikologian esku hartzeko prozesu baten bidez; zehazki, artatutako hamar emakumetik bostek hasi dute prozesu hori. Erdia baino gehiago beste zerbitzu batetik bideratuta iritsi da prozesura eta %40a bertara joan da zuzenean.
Artatutako 258 emakumeez gain, beste 112 emakumek arlo sozial eta juridikoan unean uneko aholkuak jaso dituzte. Izan ere, zentroak 16 urtetik gora dituzten emakumeei, sexu-indarkeria pairatzeko arriskuan daudenei, biktima direnei eta biktima izan direnei ematen die arreta. Eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, ematen du zerbitzua.
Diziplina anitzeko profesionalek osatzen dute lantaldea: sei psikologo, bost hezitzaile, hiru gizarte-langile, bi abokatu, zentroko koordinatzaile bat eta administrazioko langileak.
Gainera, Foru Gobernuak Sexu-indarkeria Arreta Integraleko Zentroa diruz babesteko hitzarmena berritu du 2024ko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte. 74.904,39 euro aurtengo ekitaldian, 900.112,09 euro datorren urtean eta 837.801,87 euro 2026an. Halaber, zerbitzua emateko Gizain Fundazioarekin egindako hitzarmena ere berritu du exekutiboak.