Pio XII.aren etorbideko igarobide jasangarriko lanen lehen faseari asteartean ekinen zaio, Iturrama eta Pedro I.aren kaleen arteko tartean, Iruñeko sarrerako noranzkoan. Lanen ondorioz, errei bat desgaitu behar izan dute, baina zirkulaziorako zabalik egonen da urte amaierara arte luzatuko den fase horretan guztian. Obraren fase bakoitza hasi eta erabat amaituko da, lorezaintza eta argiteria barne; hala, urte amaieran ikusi ahal izanen da etorbideak lanak amaitu ondoren nolako itxura izanen duen.
Lanen hasiera prentsaurrekoan aurkeztu dute Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta Agenda 2030eko zinegotziak, Borja Izaguirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Alexia Canto Álvarez Mugikortasun zerbitzuko arduradunak. Lanen kronogramak sei fase ditu bata bestearen jarraian, eta aurtengo urritik 2025eko uztailera arte luzatuko dira lanak. Lanen lehen fasean 4 berdegune berri sortuko dira. Horiek euri-lorategien multzo gisa planteatzen dira, eta jariatze uren hiri-drainatze jasangarriko sistemen sare gisa konfiguratzen dira, ahalik eta euri-ur gehien xurgatzeko eta lurpean infiltratzeko.
Guneetako bat Blanca de Navarra Hotelaren inguruan sortuko da, Pedro I.aren kaleko oinezkoendako pasabidearen ondoren, eta hiri-drainatze jasangarriko bi sistema izanen ditu, 25,51 m2-koa bat (zebra-bidea baino lehen), eta 40,75 m2-koa bestea (zebra-bidearen ondoren). Bigarren gunea Pio XII.aren etorbidean egonen da, 41. eta 39. zenbakien artean, hirira sartzeko noranzkoan, eta 137 m2-ko azalera izanen du. Hirugarrena Iturrama kalearekiko elkargunean kokatuko da. Jarduketa honetan, bidegorria babesteko irlatxoa 28,61m2-ko hiri-drainatze sistema bihurtuko da. Pio XII.a etorbidearen eta Iturrama kalearen arteko bidegurutzean oinezkoen ibilerraztasuna hobetzeko, 238,81m2-ko berdegune berri bat sortuko da, obra horietako laugarrena, eta zuhaitzak jarriko dira espaloiak itzaleztatzeko.
Lanen egutegia eta afekzioak
Berdeguneak sortzeko lan horiekin batera, mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak eginen dira, L2 linearen Iturrama eta Pio XII.a kaleen elkargunean garraio publikoaren geralekua aurreratuta.
Fase honetan, ez da eraginik izanen zamalanak egiteko guneetan, eta urtarrilera arte ez dira aldatuko, orduan hasiko baita bigarren fasea, Nafarroa etorbidearen eta Pedro I.aren kalearen artean, eta Iturrama kalearen eta Antso Azkarraren etorbidearen artean. Lehen fase honetan, inguru horretan dagoen hoteleko aparkaleku-plazak eta mugikortasun murriztua dutenendako bi plaza birkokatuko dira, obrek irauten duten bitartean.
Lehenbiziko bi faseen iraupena bi hilabete ingurukoa izanen da aurreikuspenen arabera: lehenengoa abendura arte luzatuko da, eta bigarrena, berriz, urtarrila eta otsailera bitartean. Ondoren, martxoan, hirugarren faseak Antso Azkarra eta Gaztelugibela kaleetan izanen du eragina, eta apirilean laugarrena hasiko da, Armada etorbidearen eta Antso Azkarraren artean eginen dena, kasu honetan hiritik irteteko noranzkoan. Bosgarren faseak maiatzetik ekainaren erdialdera arte iraungo du, eta Antso Azkarra kaleari eraginen dio, Errioxa kalearekin bat egiten duen tokiraino; seigarrena eta azkena, ekainaren erdialdetik uztailaren amaierara arte luzatuko da, Errioxa kaletik Nafarroa etorbideraino.
1,8 milioi euro
Pio XII.eko igarobide jasangarria zabaltzeak berdeguneak eta oinezkoen eta bizikletarien mugikortasuna hobetuko ditu, eta 1,8 milioiko aurrekontua du, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmen baten bidez ordainduko den 450.000 euroko dirulaguntza barne dela. Obraren onura publikoak justifikatzen du hitzarmena. Guztizko 1.875.313,59 euroko zenbatekotik, aurten 725.969,12 euro inbertituko dira, Nafarroako Gobernuak emanen dituen 450.000 euroak barne; gainerako zenbatekoa, 1.149.344,47 euro, 2025eko aurrekontuen kargura joanen da.
Proiektuak etorbide osoko galtzadari, aparkalekuei eta zamalanetarako guneari eraginen die, eta mugikortasun murriztua dutenendako plaza berriak jarri eta autobus geltoki batzuk mugituko dituzte. Horiez gain, bidegorriaren elkarguneetako biraketak zuzenduko dira, bizikletendako pasabideak sortuko dira eta erreia berriro asfaltatuko da zirkulazioaren bi noranzkoetan, eta 2.446 metro karratu berdegune prestatuko dira. Proiektuak 2015-2019 legealdian hasitako lanak hartzen ditu erreferentzia gisa, eta hasierako oinezkoendako gunea berreskuratzen du 36 aparkaleku kenduta; aparkatzeko plaza horiek inguruetan dagoeneko prestatu diren aparkaleku-poltsetara bideratuko dira.