Urrian hasi eta urtarrila arteko zikloa izanen da Udazkeneko istorioak izenekoa. Pamplonesa musika bandak bost ikuskizun eskainiko ditu Gaiarre antzokian. Ez dira bakarrik ariko musika bandakoak iruñeko Gaitariak, iruñeko Orfeoiaren eskolania eta Pablo Sarasate musika kontserbatorioko ikasleak lagun izanen dituelako, besteak beste.
1924 izeneko emanaldia izanen da lehena. Pamplonesa Iruñeko Gaitariekin izanen da kontzertu berezi bat eskaintzeko. Urte hura izan zen gaita-jotzaileen lehiaketa mugarri eta urteurren hori hartuko dute ardatz. Igandean izanen da ikuskizuna eguerdiko hamabietan. Azaroaren 10ean izanen da bigarrena. Bernstein on Broadway Leonard Bernstein konpositoreari eskainitakoa izanen da. Lehen aldiz swingean murgiltzen diren tema arrakastatsuak interpretatuko dituzte. Azaroaren 28 eta 29an Antologiako Zarzuelak emanaldiaren txanda izanen da. Laura Cruz sopranoa, Javier Palacios tenorra eta Pere Molina zuzendari gonbidatua izanen dira. Abenduaren 22an De cuentos en…cantados… izeneko lana taularatuko dute. Iñigo Casalí tenorra, Mikel Berraondo baritonoa, Iruñeko orfeoiaren eskolania abesbatzako zuzendaria, Juan Gainza eta Juan Vicent Egea zuzendaria ariko dira. Urtarrilean emanen dute zikloaren azken ikuskizuna. Ipar amerikako jatorrizko musika izena du eta bandaren apustu pedagogikoa izanen du ardatz. Pablo Sarasate musika kontserbatorioko ikasleak izanen dituelako lagun.
Ziklo osorako abonuak 27 euroan eskuratu daitezke. Banaka, lau euro ordaindu beharko da eta 10 euro zarzuelarengatik.